Hirigintzaren erronka argitan Euskal Elkargoko biltzarrean

Kanboko Marieneko lurretako proiektuaren kontrakoek protesta egin dute biltzarraren ateetan. Elkargoak hartu dituen erabaki anitzetan agertu da lurraren arazoa.

Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra Baionako Arteen Hirian, larunbat goiz honetan. PATXI BELTZAIZ
Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra Baionako Arteen Hirian, larunbat goiz honetan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko abenduaren 7a
14:14
Entzun

Ohi baino jende gehiago bildua zen larunbat goiz honetan Baionako Arteen Hirira. Euskal Hirigune Elkargoko biltzarrera deituak ziren, urteko azkenera, eta hitzordu hori baliatu dute Kanboko (Lapurdi) Marienea lur proiektuaren kontrakoek beren ahotsa entzunarazteko. Lurraren eta etxebizitzaren gaia pil-pilean dira Ipar Euskal Herrian, eta horri buruz aritu dira elkargoko hautetsiak behin baino gehiagotan.

64 elkargoko hautetsik egindako eskaerarekin abiatu dute biltzarra. Marieneko ordokian den higiezin proiektuari buruzko eztabaida baten antolatzea galdegin diote Jean Rene Etxegarai lehendakariari. Horien artean dira Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Peio Etxeleku Kanboko hautetsi eta Elkarrekin Herriarentzat taldearen bultzatzailea eta Colette Capdevielle Baionako hautetsi eta Frantziako Asanbleako diputatua.

Laborantza lurren zaintzea, hiru lurraldeetan den erronka nagusia dela adierazi dute eskaeran, eta Marieneko lurren laborantza balioa eztabaidaezina dela erran dute. «Gai hauek politikoki konpondu behar dira, eta ez judizialki», adierazi du, eskaera aurkeztean, Filipe Aramendi Urruñako auzapezak. Eztabaidaren alde agertu da Etxegarai, eta adierazi du gerora erabakiko dutela noiz eta zer formatutan egin.

Herriarteko hirigintza planen inguruan ere sortu da eztabaida. Natura, laborantza eta oihan eremuak atxikitzearen helburuari buruz zehazki. SCOT Lurralde Koherentziarako Eskemaren arabera, Lapurdi mendebaldeko eremuko herriek %56 apaldu beharko lukete espazio horien kontsumoa. Alta, eremu horren parte den Baionako hirigunean %50eko heina aurreikusi dute gaur egun lantzen ari diren eskeman.

Aramendik egin du azpimarra horri buruz, «koherentzia eskas» dela erranez. «Baionako hirigunean %50eko heina adosten badute, gainerakoek %67ko indarra egin beharko genuke». Etxegaraik erantzun du Baionako hiriguneko bost herriek landu duten eskema behin-behinekoa dela, eta Lapurdi mendebaldeko 23 herriak bilduko dituen planean %56eko helburuarekin bat eginen dutela. 

Eraikuntzarako alokatze kontratua

2024-2030eko Ekonomia eskema onartu zuten orain dela hilabete, eta, orduan adostu bezala, zona ekonomikoak garatzeko lurrak komertzializatzeko molde berri bat ezartzea bozkatu du Euskal Elkargoak: eraikuntzarako alokatzeko kontratua. Helburua da lurren jabetza publikoa atxikitzea. Aktibitate ekonomiko bat garatu nahi duen enpresari luzerako alokatze kontratua proposatuko zaio bere egitura finkatzeko; enpresa izanen da eraikinaren jabea, baina elkargoak atxikiko du eskua lurraren gainean.

Anne-Marie Nadaud Heletako (Nafarroa Beherea) hautetsi eta Elkarrekin Herriarentzat taldeko eledunak ohartarazi du arau berri horrek egoera bereziak sortuko dituela, zona ekonomiko berean tratu ezberdina izanen dutela enpresek. Kritiko mintzatu zen Laurent Intxauspe Donibane Garaziko auzapeza ere, eta neurriak eragin makurrak izanen dituela baieztatu du; deliberazioa gai zerrendatik erretiratu, eta «zinezko» azterketan egiteko eskatu dio elkargoari. Bestela, Elkarrekin Herriarentzat taldeko gehiengo batek proposamenaren kontra eginen zuela erran du.

Bil Gaiten taldeko kideek ontzat eman dute proposamena. Ororen buru, 162 hautetsik bozkatu dute erabakiaren alde.

Igandeko lana

Urtero bezala, igandeko lanari buruz bozkatzeko eskatu diete elkargoko hautetsiei. Frantziako Legeak aukera eskaintzen die herriko etxeei saltegiei baimena emateko igandeetan ireki dezaten; gehienez ere hamabi igandez irekitzeko baimena eman dezakete. Kopuru hori bost igande baino gehiagokoa denean, elkargoaren bozka bat beharrezkoa da. Erabakiaren kontra agertu da Bil Gaiten taldea, igandeetan pausa hartzeko langileen eskubidea aitzinean emanez. Diferentzia hertsiarekin hartu dute erabakia hautetsiek: 97 agertu dira igandeetan lana baimentzearen alde, 72 kontra, eta hamar abstenitu dira.

'Euskaldundu' beka onartu dute

Euskal Hirigune Elkargoak 'Euskaldundu' beka sortu du euskara ikasteko formazio intentsiboa egin nahi dutenak laguntzeko. 50 eta 200 ikasle artean lagundu nahi dituzte ondoko hiru urteetan. 280.000 euroko aurrekontua onartu dute horretarako. Horrez gain, 40.000 euroko laguntza iragarri dute 2025eko Euskaraldia laguntzeko.

Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa aipatu du Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak. «Euskal hiztunen proportzioa ez da sekula hain apala izan». ELEN Europako hizkuntza gutxituen eragile sozialen sareak euskara «larrialdian» dela ere erran du. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuaren eztabaida blokeatua dela ere erran du. «Negoziazioak ez dira bururatu». Euskal Elkargoak bere ekarpena emendatzeko 650.000 euro gehiago ematea onartu zuen udaberrian. Sos hori erabiliko dute Euskaldundu beka finantzatzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.