Azken hamarkadetan betoiak eta zementuak grisez margotu dituzte herriguneak, Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ere. Planeta urdinean grisa gailentzen ari da, eta berdeguneen eskasiak ondorio larriak eragiten ditu herri handietan eta hirietan, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai herritarren osasunaren aldetik. ISGlobal Bartzelonako Osasun Globalaren Institutuak egin berri duen ikerketa baten arabera, hirien %30 eremu naturalek osatuko balute, udako heriotza tasa %40 murriztuko litzateke. Alegia, zuhaitzek bizitzak salbatzen dituzte.
Ikusi gehiago: Konponbidea naturak dauka
Bilbo izan da aztertu duten hirietako bat. Ikerketaren arabera, Bizkaiko hiriburuko lurralde osoaren %10 baino ez da berdea —are, zeresana eman du azken urteetan eginiko obretan zuhaitzik ipini ez izanak—. Horren ondorioz, besteak beste, iazko udan Bilboko tenperatura Bizkaiko landa eremukoa baino 1,7 gradu beroagoa izan zen. «Bilbon iazko udan izandako hamahiru heriotza ez ziren gertatuko hiria berdeagoa balitz», esan du Sasha Komenkho ISGlobal institutuko ikertzaileak.
«Gure hiriak eraikitzean asfaltoa erabiltzen badugu, espazio naturalei lekua kentzen diegu. Asfaltoak beroa xurgatzen du, eta ondoren, igorri egiten du. Horrek bero-uharte efektua eragiten du», azaldu du Khomenkok. Hark eta ISGlobaleko beste ikertzaile batzuek ondorioztatu dutenez, zuhaitz gehiago landatuko balira, «heriotza asko» ez lirateke gertatuko. Diotenez, Bilboko kopurua «baxua» da, eta baliteke Iberiar penintsularen iparraldean egoteagatik izatea. Neurri horiekin, munduko beste hiri batzuetan iazko udan heriotza gutxiago gertatuko ziren: besteak beste, 664 gutxiago Londresen, 363 gutxiago Bartzelonan eta 378 gutxiago Budapesten.
Irtenbide naturalak
Ikerketaren ondorioetako bat da hirietan zuhaitz gehiago landatzeak herritarren osasuna hobetuko duela, beroa apaldu egingo delako. Gainera, klima aldaketaren aurkako borrokan lagunduko luke, Khomenkoren ustez: «Eremu berdeak proposatzeak autoei lekua kenduko die, eta, hala, hiri iraunkorragoak eraiki ditzakegu. Horrek karbono dioxidoa murriztea ekarriko du».
Bide hori jorratzen ari dira naturan oinarritutako irtenbideak. Hiriak klima aldaketara egokitzeko eta haren ondorioak arintzeko helburua dute, eta irtenbideok sakon ikertu dituzte Sean Goodwin eta Marta Olazabal BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzaileek, beste batzuekin batera. Horietako bat da zuhaitz gehiago landatzea. Goodwinek esan du ez zaiola soilik klimari erreparatu behar: «Naturan oinarritutako irtenbideek gizarteari, bioaniztasunari eta klimari egin behar diete mesede. Esaterako, zuhaitzak landatuz hirietako ekosistemak babesteak errazten du beste landare batzuk haztea eta animalia batzuk agertzea, karbono dioxidoaren isuriak oztopatzea, eta hirietako biztanleei ongizatea ematea, espazio berdeetara jo dezaketelako. Hiru alorrei egiten die mesede, eta hiruren arteko lotura aztertu behar dugu».
Ikusi gehiago:BERRIAk 'streaming' bidez emango du bihar ekologia eta klima krisiari buruzko foroa
Munduko hainbat hiritako proiektuak ikertu dituzte Goodwinek eta Olazabalek, ikusteko ea «proportzionatuak» diren, eta zein neurritan hobetu litezkeen. Eta aurkitu dute zer hobetua. «Naturan oinarritutako irtenbideak prozesu inklusibo baten bidez martxan jartzen ez badituzte, eragin negatiboa izan dezakete herritarrengan», esan du Goodwinek.
Batetik, naturan oinarritutako hainbat irtenbidek gentrifikazio berdea eragiten dutela ondorioztatu dute, beste hainbat ikerketak egin duten moduan. Hirietako eremu batzuetan espazio naturalak jartzeak eragin dezake eremu horietako etxebizitzen prezioak igotzea, eta, ondorioz, bizilagunek lekualdatu behar izatea. «Gentrifikazio berdearen ondorioz, espazio berdeek eskaintzen duten ongizateaz eta bizi kalitatearen eta tenperaturaren hobekuntzaz errenta handienak dituzten pertsonek eta familiek baino ez dute gozatzen», azaldu du Olazabalek.
Hala ere, auzi horrek badu irtenbidea: «Beti eremu beretan jardun ordez, hiriko eremu askotan espazio berdeak jarriko balituzte, espazioaren eraldaketak ez luke hainbesteko eragina izango higiezinen merkatuan».
Zuhaitzen biziraupena
Naturan oinarritutako irtenbideak martxan jartzeko orduan hirietako ekosistemak ondo aztertuta ez badaude, gerta daiteke hirietako ekosistemek ez izatea gaitasunik klima aldaketari aurre egiteko. «Zuhaitz espezie askok ezingo dute aurrera egin klima aldaketak eragindako tenperaturaren igoerarekin eta lehorteekin», azaldu du Goodwinek. Are, munduan martxan jarritako halako proiektuen artean, %2k baino ez dute aztertu erabiltzen dituzten espezieek klima aldaketaren aurrean izan dezaketen zaurgarritasuna, BC3eko ikerlariek ondorioztatu dutenez; «kezkagarria» da hori Goodwinentzat eta Olazabalentzat.
Oro har, hirietan espazio naturalak ezartzen direnean tokian tokiko espezie autoktonoak erabiltzen dituzte, eta ez exotikoak. «Hori oso ondo ikasi dugu», poztu da Olazabal. Hala ere, ohartarazi du espezie autoktonoak erabiltzeak ez duela bermatzen klima aldaketara hobeto egokituko direnik, eta espezieak aukeratzean zenbait galdera egin behar direla nabarmendu du: «Beroaldiak, lehorteak eta lurren lehortzeak areagotuko al dira? Nolako hezetasuna beharko dute? Ekosistema aberatsagoak beharko dituzte?».
Gainera, Olazabalek adierazi du hirietako hainbat ekosistema bakartuta egoten direla, eta horrek berak eragin ditzakeela arazoak: «Hirietako ekosistema txikiak askotan eraikitzen ditugu beste ekosistema batzuekin konektatu gabe, eta horrek berak egiten ditu zaurgarri askotan».
Olazabalek balioa eman die Euskal Herrian martxan jartzen ari diren hainbat proiekturi, naturan oinarritutako irtenbideak baliatzen dituztelako. Hala ere, nabarmendu du «asko» dagoela egiteko oraindik: «Erakunde askotako arduradunak ez daude ohituta hirietako ekosistemak errespetatzera». Bilbon bertan, azkenaldian hainbat zuhaitz moztu izana salatu dute herritar askok sare sozialetan, adibidez. Espazio naturalek gizakiei eragiten dieten ongizatea nabarmendu du BC3ko ikertzaileak: «Konturatu behar dugu berdea esentziala dela gure hirietan».