Polizia operazioa

Hiriburuko Aturri kolegioa osoki miatu ondoan, ez du jende susmagarririk atzeman Frantziako Poliziak

Ikasleak ikastetxe barnean konfinaturik atxiki dituzte, eta pixkanaka aterako dituzte arratsaldean zehar. Esan dutenez, azterketa psikologikoa egingo diete gurasoei itzuli aurretik, ondo dauden ikusteko.

Polizia bat pistola eskuan, kolegioaren inguruan. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urriaren 21a
12:07
Entzun

Hiriburuko (Lapurdi) Aturri kolegioaren ingurua zerratu du Frantziako Poliziak goizetik. Pirinio Atlantikoetako prefeturak goizean jakinarazi duenez, «ustez norbaitzuk legez kanpo sartu dira» kolegiora.Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dionez, ikasle batzuek eman du alerta, goizean. Haren lekukotasunaren arabera, «bi pertsona» sartu dira ikastetxe barnera. Frantziako Poliziak osoki miatu du egoitza, baina ez dute jende susmagarririk atzeman. Anartean, 700 ikasleak eraikinean konfinaturik egon dira. Segurtasun Plana aktibatu du prefeturak: protokoloaren arabera ikasleek eta langileek ikasgeletan egon behar dute, atea blokeatuta.

Frantziako jendarmeen arabera «pertsona liskartiak» izan zitezkeen. Baionako Philippe Le Moing-Surzur suprefetak adierazi du bi gizonen bila segituko dutela. Ikastetxe barneko operazioa bukatutzat eman dute, eta ikasleak pixkanaka aterako dituzte. Arta psikologikoak eskainiko zaizkie.

Ez dute nehor atzeman kolegioan, baina lehergailuak topatzeko operazio bat egin dute. Eztanda bat entzun da kolegio inguruan: prefeturak esan du eztanda «bi autoren inguruko susmoa argitzeko eginiko operazio baten ostean» gertatu dela, eta ez dagoela zauriturik, ez dutela inor topatu eta ez dagoela arriskurik.

Bestalde, Prefeturak gurasoei eskatu die ez bertaratzeko, eta telefono zenbaki bat jarri dute «kezkatuak dauden gurasoentzat». Euskal Irratien arabera, gurasoak Hiriburuko Ikea dendako aparkalekuan bildu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.