Hiriaren izana egitean datzanean

Munduko biztanleen erdiak baino gehiago hirietan bizi diren garaiotan, agerikoa da hiriek nortasun indartsua hartu dutela. Horri buruz aritu da Igor Calzada EHUk hirien inguruan antolatutako udako ikastaroan.

Hiri gehienek dute turistak erakartzeko ezaugarri deigarriren bat; irudian, Bilboko Guggenheim museoa. M. DEL VALLE / ARP.
Maider Galardi
Donostia
2016ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ugari dira hirien inguruan egindako ikerketak eta mahai inguruak. Ez da, ordea, moda bat, Igor Calzada Oxfordeko Unibertsitateko soziologoaren ustez. Nahikoa arrazoi badago hirien inguruan hitz egiteko; 2008az geroztik munduko biztanleriaren erdia baino gehiago bizi da hirietan; ehun potentzia ekonomiko nagusien herenak hiriak dira; eta 2050erako, 6,4 bilioi pertsona biziko dira hirietan, gaur egungoaren bikoitza. Haien nortasuna nola eraldatzen edo moldatzen den izan zuen hizpide atzo, EHUko Udako Ikastaroetan.

Fenomeno globala dela azaldu du Calzadak, eta askotarikoa. Afrika da hiritartze prozesua abiadura handienean egiten ari den kontinentea, eta, era berean, hiri kalteberenak dituena: Nairobi eta Kairo, besteak beste. Egun Asiak du, berriz, hiri metropoli gehien. Eta Hego Amerikan deigarriak zaizkio Brasilen gorabidean diren hirien bilakaera.

Bakoitzak bere egiteak eta izateak ditu, baina argi du Calzadak: «Hiriek gaur egun duten nortasun eta botere indartsua kontuan izanik, nazioarteko eskala batean neurtu behar ditugu ondorioak». Era berean, hiriaren identitatea eraikitzean hainbat faktore kontuan hartu behar direla azpimarratu du: kapitala, know how-a, plazera eta mugikortasuna.

Eraldaketak eta egokitzeak

Hiriak etengabe egokitze prozesuan ari diren sistema konplexuak direla esplikatu du soziologoak. Zygmunt Baumanen eta Manuel Castellsen gogoetak ekarriz, hiriek «identitate likidoa eta saretua» dute, adituaren arabera. Eraldatze horretan, «modako» jarri da hirien «izana izenaren gainean» eraikitzea, hau da, hiriek marka komertzialak eskuratzea. Horien adibide moduan aipatu ditu hizlariak Green Capital-ak eta kultura hiriburutzak. Branding-a deritzo horri: «Gaur egun hiri gehienek dute izen deigarriren bat, turistak erakarri eta kanpoko inbertsioak ekartzeko, izana edukitzeko». Azaleko azterketa horri, ordea, atal garrantzitsu bat falta zaiola uste du Calzadak: «Hiriak egunerokoarekin eraldatzen dira; hiria hiritarrek egiten dute. Hiriak, izan ez ezik, egin ere egiten dira».

Hiriaren identitatea eraikitzerakoan eta aldatzerakoan nazioarteko gertaerek eta joerek garrantzi handia izan dezaketela gaineratu du. Aipatutakoaren isla dira errefuxiatuen afera, klima aldaketa gainditzeko herrialdeen elkartasunik eza, haserretuen mugimenduak, LGTB mugimenduak eta aldarrikapen feministak, gazteen proiektu eraldatzaileak... «Adibidez, Dublinen LGTB mugimenduak duen indarrak hiria eraldatu du».

Baina kanpoko eragina ez da beti onerako. Ekonomian agerikoa da: «Sistema neoliberala gailendu da, ongizate sistema gainbeheran jartzen duena». «Mehatxu terroristaren» ondorioak ere gogora ekarri ditu: «Polizia indarraren eta indar militarraren presentzia are handiagoa da».

Hiri eskualdeak, etorkizuna

Estatu-nazioen ahulezia eta hiri globalen nortasun indartsuaren aldean, hiri eskualdeak aldarrikatzen ditu Igor Calzadak bere ikerketetan. «Zenbait hiri ezerezetik sortu dira azken urteetan, Arabiar Emirerri Batuetan eta Txinan esate baterako, baina kasu deigarriena Brasiliakoa da; ez dago giza eskalan egina, eta, halabeharrez,garraio bat hartu beharra dago alde batetik bestera ibiltzeko». Horien inguruan, hiri eskualdeek edo hiri metropolien berezitasuna gogorarazi du: «Sustraiak edukitzea, eta hirian bertan eragiten duten biztanleak eta erakundeak izatea».

Smart City-ak ere izan ditu, horren haritik, hizpide. Hiri adimenduak izateak abantaila ugari dituela azaldu du, baina kritikatu du teknologia berrien gehiegikeria eta kontrola. Benjamin Barberren hitzak erabili ditu horretarako: «Hiri adimendunak bainoago, hiritar eta alkate adimendunak izan beharko genituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.