BERO BOLADAK

Hiriak, bero saparako prest?

Klima aldaketa dela eta, gero eta ohikoagoa da udan bero sapa egitea, eta hirigintza ereduek eragin handia dute biztanleek duten bero sentsazioan eta bizigarritasunean.

PARKEA
Bi neska, Iruñeko parke bateko zuhaitz baten gerizpean. IÑIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
Iruñea
2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

Itzal bila ibiltzea. Eguerdian etxean egotea. Pertsianak jaistea. Ur asko edatea. Ahal duenak, aire girotua piztea. Errekara joatea. Batzuk intuizioz, besteak erakundeek gomendatuta, udako egunik beroenetan jende askok hartzen dituen erabakiak dira, tenperatura altuak borrokatzeko. Porlanak, baina, ez du laguntzen, eta hiri batzuk gero eta garrantzi handiagoa ematen ari dira berdeguneei, bero sapako garaian babesleku klimatiko gisa jokatzen baitute.

Gai hori eta gehiago landu zituzten joan den astean Iruñean, Parkeen eta Jardinen Kongresuan. Hiru eguneko biltzar horren ardatza naturan oinarritutako soluzioak izan ziren, uste baitute etorkizuna direla. Pedro Miguel Guerrero Malagako Unibertsitateko irakaslea da, eta gaur egun Klima Aldaketaren Katedran dabil ikerlari lanetan. Hiriak eta udal aglomerazio handiak klima aldaketara nola moldatu behar duten izan zuen hizpide Guerrerok.

Guerreroren arabera, hirien panorama aldatzen ari da: gero eta jende gehiago doa hirigune handietara bizitzera, eta horrek biztanleria kontzentratuagoa egotea dakar; hiriak «konpaktuagoak» dira, haren hitzetan. Bestalde, klima aldaketak bero handiko egun gero eta gehiago izatea dakar, eta bero-uharte efektuak areagotu egiten du bero sentsazioa.

Finean, hiriguneen kanpoan baino bero gehiago kontzentratzea da bero-uharte efektua: «Beroaren katalizatzaile batez ari gara, erabilitako materialek eragina. Albedoa jaitsi egin denez, bero gehiago xurgatzen du gainazalak, eta horrek areagotu egiten ditu bero boladak, eta hirien bizigarritasunak murriztu. Horrek, gainera, gora egiten du landaredi gutxiko lekuetan», azaldu du Guerrerok. Eta ez da txantxetako kontua: Osasunaren Mundu Erakundeak eta Copernicusek argitaratutako txosten baten arabera, bero boladekin lotutako heriotzak %94 ugaritu dira azken hogei urteetan.

«Galtzeko denborarik ez»

Guerreroren arabera, hirigintza ereduak zerikusi handia du bero uharte efektuaren igoeran. Baina, azaldu du fokua ez dela soilik erabilitako materialetan jarri behar, baita eraikuntzaren morfologian eta arkitekturan ere: «Hain erraz berotzen ez diren materialak behar ditugu; asfaltoaren ordez, lur iragazkorrak erabili behar ditugu. Eraikinen estalduretako materialak ere aldatzen saiatu behar gara, ez daitezen kristalezkoak edo metalezkoak izan. Eraikitzen dugun modua ere aldatu behar dugu, landaredia bertan integratuz».

«Hain erraz berotzen ez diren materialak behar ditugu; asfaltoaren ordez, lur iragazkorrak erabili behar ditugu».

PEDRO MIGUEL GUERREROMalagako Unibertsitateko ikerlaria

Guerrerok uste du «galtzeko denborarik ez» dagoela, eta eraikuntza berrietan bero uhartearen efektua kontuan hartzeaz gain, denbora duten eta «agian ongi planifikatu ez ziren» inguruneetan berrikuntza programak garatu behar dira. «Plangintza eta hiri garapeneko programa berriak ondo pentsatuta eta iraganeko hutsegiteetatik bereizita egon behar dute, landaredia, lur iragazkorrak eta material egokiak integratuz».

Hala ere, iraganean beste gauza batzuk hobeto egiten zirela ere azaldu du: «Ziurrenik, eraikin zahar asko, arkitektura aldetik, bioklimatikoagoak dira egungoak baino; are gehiago, atzera egin behar dugu, ikusi zer materialekin egiten zuten lan, zer sistema arkitektoniko erabiltzen zituzten, eta ondo egiten ziren gauzak kopiatu. Iraganeko patio-etxeek, adibidez, aire girotu naturala zuten, ondo bizitzen zen bertan eta klima konforteko indize handia zuten».

Euskal Herriko hiriak

Bero uharteak eragin handia du hiri handietan, milioi batetik gorako hiriguneetako tenperatura kanpoaldeko berdeguneak baino gradu bat edo hiru gradu beroago egoten baita egunez, Meteorologiaren Mundu Erakundearen arabera. Gauez, gainera, ezberdintasun horrek gora egiten du, eremu artifizialek egunez pilatutako bero hori askatzen baitute; hamar gradu zentigradu beroago egon daitezke hiriguneak gauez.

Hirietako erdiguneetako konfort klimatikoa hobetzeko berdegune gehiago behar direla uste du Guerrerok, baina, era berean, garrantzitsua da non eta nola kokatuta dauden. Izan ere, badira hiri asko berdegune eta parke askorekin, baina auzo batzuetatik urrun. Hori dela eta, hiriak klima aldaketara moldatu behar direla uste du, auzo batzuetan parke txikien kopurua handituz. «Hirietako bero uharteak ez dira homogeneoak, aldatuz doaz. Horretarako ditugu bero uharteen mapak; azkarren non esku hartu behar dugun esaten digute». Behar den lekuetan parke gehiago egiteaz gain, urrunago dauden berdegune handi horietara iristeko «korridore berdeak» eraiki behar direla ere azpimarratu du.

Euskal Herriko hirien artean ezberdintasun handiak daude. Haritik Hirira geografo taldeak plazaratutako datuen arabera, Gasteiz eta Iruñea dira, alde handiz, biztanleko parke eta berdegune gehien dituzten hiriburuak; alde handiz, gainera. 2021ean, biztanle bakoitzeko ia 27 metro koadro parke zituen Gasteizek, eta Iruñeak, hemezortzi baino gehiago. Alde handira daude Baiona, Donostia eta Bilbo: 7,56, 7,03 eta 6,9 metro koadro parke biztanleko, hurrenez hurren. Hala ere, kontuan izan behar da udalerriaren parte diren hainbat ingurune berde ez direla kontuan hartzen zenbaketa horretan; esaterako, Donostiako Ulia eta Igeldo mendiak eta Bilboko Artxanda eta Pagasarri inguruak.

Gasteizen eta Iruñean, gainera, sakabanatuago daude berdeguneak, nahiz eta badauden parkerik gabeko auzoak. Donostian eta Bilbon, baina, erdiguneko auzoetatik urrun geratzen dira babesleku klimatiko horiek. Iruñeko biztanleen %61 bi hektareako parke batetik 300 metrora baino gutxiagora bizi da, bai eta Gasteizko biztanleen %60 ere. Bilbon %44ra murrizten da portzentaje hori, eta Donostian %39ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.