Gaur egun hiri gehienetan dagoen ortuen falta eta halako espazioek izan dezaketen garrantzia aztertu ditu Jose Luis Fernandez Casadevante Kois gizarte ekintzaileak (Madril, 1978) Huertopías liburuan. Datozen urteetan hirietan baratze gero eta gehiago egongo direla uste du, eta erresistentzia ehuntzeko gune izango direla.
Zein dira hiri nekazaritzaren oztopo nagusiak?
Munduan hiri nekazaritzaren gaia lantzen dugunon arazo handienetako bat lurra erabiltzeko modua edukitzea da. Lurrak hirietan duen balioa da tirabira handienetako bat. Txantxetan, baina askotan esaten dut ortuzain bat eta higiezinen promotore bat espekulatzaileak direla: partzela huts batean oraindik ez dagoena ikusten dute. Batek eraikigarritasuna eta errentagarritasuna ikusten ditu, eta besteak, berriz, elikagaiak landatzeko eta harreman sozialak berreraikitzeko aukerak ikusten ditu.
Lurraren balio handi horrek zaurgarriago bihurtzen ditu hiri askotan dauden nekazaritza proiektuak, eta askotan aldi baterako proiektu gisa ikusten dira, errentagarriagoa den zerbait iritsi artekoak, normalean etxebizitzak edo azpiegiturak.
Zenbatekoa da hirietako nekazaritza azalera? Eta hirien erdialdekoa?
Nekazaritza eremu gehienak zona periurbanoetan egoten dira, hirien kanpoaldean. Hiri askok nekazaritza eraztun historikoak dituzte, hobeto edo okerrago tratatuak izan direnak, eta tradizionalki hiriak elikatu izan dituzte. Horren barruan, mosaiko baten modukoa da egoera, non egitasmo berrien ondorioz uhartedi txikiak dauden; Valentzia (Herrialde Katalanak) izan daiteke salbuespen bat, hirian sartuta baitauzka ortuak, baina azken hamarkadetan hori ere galdu egin du.
Jarduera horri balio handiagoa eman behar diogu, bai hezkuntzaren alorrean eta bai ekoizpenaren arloan. Landagarria den azalera nola maximizatu dezakegun ikusi behar dugu, eta hori lortzeko, lurra bermatzeaz gain, teilatuak ere irabazi beharko dira agian; landatu daitekeen espazioak modu integralago batean ikusi behar dugu, azken finean.
Estrategikoak al dira gertuagoko elikadura lortzeko?
Uste dut gakoa dela ulertzea hiri nekazaritzak ez dituela hiriak elikatuko, baina jakitea ezinbesteko pieza dela elikadura sisteman eta hiri antolamenduan aldaketak lortzeko. Garrantzitsua ez da ea zenbat jenderi ematen dion jatekoa, baizik eta ea zenbat jende jar dezakeen harremanetan. Garrantzitsuena da hiri-nekazaritza kontsumo taldeekin lotzea, supermerkatu kooperatibekin, eta gertuko ekoizleen merkatuekin.
«Ulertu behar da espazio jangarriak eratuz sortu daitezkeela [hirietako] espazio naturalak»
Hiri bizigarriagoen beharraren kontzientzia handiagoa dago gaur egun, baina zuhaitzetan oinarritutako berdeguneetan zentratzen dira asko. Zer leku dute hor nekazaritza espazioek?
Hiri nekazaritza bada modu bat birnaturalizazio estrategiak berregokitzeko, baita konplexuago eta eraldatzaileago bihurtzeko ere. Ulertu behar da espazio jangarriak eratuz sortu daitezkeela espazio naturalak. Espazio horiek, aldi berean, erakusgarriak dira, elikadura sistemari buruzko eztabaidak ireki ditzakete, eta hiri-pedagogia funtzioa ere bete dezakete, jendeak askoz presenteago izan dezan elikagaien ekoizpena. Burura etortzen zaizkit hiri frutondoak, baso jangarriak, teilatuetako nekazaritza, barrengorriak laboratzea garajeetan. Hiri askotan existitzen dira jada halako ekinaldiak, baina asko dago egiteko.
Eta zergatik ez daude hain garatuta?
Gakoetako bat izan daiteke mantentze lan txikiko eremu berdeak bilatzen direla, ez dugulako ikusten nolako garrantzi estrategikoa duten; ez ditugu ikusten azpiegitura kritiko moduan. Argiteria erortzen bada, edo iragazte sistemak huts egiten badu, inork ez du ukatzen hor dirua sartzea arazoa konpontzeko. Baina berdeguneei edo azpiegitura sozialari buruz ari garenean, xelebrea dirudi inbertsio gehiago eskatzeak.
Uste duzu gaur egun hiri bizimodua dutenak prest daudela ortuan gehiago inplikatzeko?
Oraintxe bertan ez da masa eskari bat, baina, zientziak esaten digun bezala baliabide gutxiagorekin, energia gutxiago kontsumituz eta ingurune gogorrago batean bizitzekoak bagara, gure hiriak moldatu beharko dira, eta baita gure bizimodua ere. Eta uste dut jatekoaren landaketan inplikatzea, loreontzi txikietan bada ere, naturarekiko sentiberatasun hori izateko gakoetako bat dela. Hiri nekazaritza, historian, krisi garaiekin lotuta egon da, eta, gaur egungo krisi ekosoziala ikusita, garrantzi are handiagoa hartuko duela uste dut.
«Hiri ortuen funtzioa ez da horrenbeste izango hiriak elikatzea, baizik eta hiri ingurunean bistaratzea zer alternatiba dauden»
Bizimodu hori eta harreman sozial kapitalistak ez al daude kontrajarrita?
Bai; izan ere, hiri ortua, ikuspegi horretatik begiratuta, erresistentzia espazio gisa ulertzen dut nik; erresilientzia eta trebetasun sozialak eraikitzeko gunea da, kontzientziaziorako lekua, eta hori erakundeen inertziaren eta hiri antolamendu menperatzailearen kontrakoa da.
Uste dut elikadura sistema modu bakarrean aldatu daitekeela: jendea arazoak konpontzeko modu ezberdin batekin harremanetan jarrita. Esan bezala, hiri ortuen funtzioa ez da horrenbeste izango hiriak elikatzea, baizik eta hiri ingurunean bistaratzea zer alternatiba dauden. Pintza moduko bat da, laguntzen diguna hiriaren eta landaren arteko aliantza berri bat sortzen, bizkarra emateari utzi eta elkarri eskua eman diezaioten.
Eredu batzuk jarri dituzu liburuan. Azalduko zenuke baten bat?
New Yorkeko Bronx auzoko bat deigarria iruditzen zait. Hiriko auzorik pobreena da, eta ortu komunitario batzuk jarri zituzten martxan eskola porrot tasa handia zuen institutu publiko bateko ikasleek, eta berme sozialerako gela ere barneko baratze bilakatu zuten, eta eskolako curriculum guztia ortuko eta sukaldeko lanekin uztartu zen. Eta horri esker, institutura joan ere egiten ez zen jendea joatea lortu zuten, eta eskola arrakastaren tasa asko hobetu zuten, baita AEBetako beste leku askotan gauza bera egitea lortu ere.