Donostia defendatuz, hiri eredu bizigarri baten alde! aldarria ozendu dute gaur egun osoan Donostiako Bulebarrean hiriko 43 elkartek. Donostia defendatuz herritarron plaza izeneko informazio eta aldarrikapen gunea jarri dute martxan horretarako, eta hainbat ekintza egin dituzte bertan. 20:00etan, bukatze aldera, elkarretaratze bat egin dute Donostiako udaletxe aurrean.
«Donostiako egungo hiri eredua gutxiengo baten onurara bideratuta dago», adierazi zuten deitzaileek gaurko ekinaldirako deia egin zutenean. «Gehiengoaren bizi baldintzak baztertuta geratzen dira, sektore pribilegiatuenen mesedetan». Udal gobernuaren erabaki okerren ondoriotzat daukate hori, hein handi batean: «Espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko erabakiak bata bestearen atzetik hartzen dira». Politika horren eraginak gero eta «larriagoak» direla uste dute, eta gero eta zailagoa dela hirian bizitzea: «Gure hiria gero eta bizigaitzagoa da».
Gaur salatu nahi izan dituzte propio herritarren beharrekin «zerikusirik ez duten» zenbait hirigintza proiektu, bizilagunen «ahotsari» kasurik egin gabe egingo direla iritzita. Basque Culinary Centerren bigarren eraikina egiteko Manteoko parkea «suntsitzeko» plana, etxebizitza arloan egin nahi diren hainbat proiektu, eraikin historiko esanguratsuak babesik gabe uzteko erabakiak eta metroaren igarobidearen proiektu «zentzugabea» kritikatu dituzte, besteak beste.
Proiektu horiek guztiek eta beste hainbatek herritarrentzat onura gutxi dakartela uste dute, eta udalari egotzi diote Donostia modu «arriskutsu eta atzeraezinean saldu» nahi izatea.