Hipolito Berasategiren gorpuzkiak jaso ditu familiak

Ondarretako kartzelan preso hartu zuten 1936ko azaroan, eta bide luzea egin du familiak haren arrastoari segika.

MEMORIA HISTORIKOA. Hipolito Berasategiren familia gorpuzkiak jasotzen.
Pepi Berasategi, aitaren gorpuzkien kutxari musu ematen, gaurko ekitaldian. JUAN HERRERO / EFE
arantxa iraola
2023ko abenduaren 9a
19:10
Entzun

1936an frankistek hasi zuten gerrak eta ondorengo urteetako jazarpenak eragindako oinaze isilarazian ozendu da gaur izen propio bat: Hipolito Berasategiren familiak haren gorpuzkiak jaso ditu Donostiako udaletxean, Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi batean. Familiak bizi oso bat zeraman bila, eta alaba Pepi Berasategi izan da aitaren memoria gogora ekartzeko eragileetako bat; 88 urte ditu gaur egun, eta ekitaldian parte hartu du.

Burgosen sortua zen Hipolito Berasategi, baina Donostian bizi zen. UGTko militantea zen, eta tropa frankistek preso hartu zuten, 1936ko azaroaren 4an; Ondarretako espetxera eraman zuten. Familia hainbatetan joan zen haren ondora, janaria-eta eramatera, baina azaroaren 7an bertan esan zieten ez zegoela han. Ordutik, ez zuten jakin non zegoen. Aurrerago, fusilatu egin zutela jakin zuten. Hernanin hil zuten ustea zuen familiak, baina ez zuten izan haren gorpuzkien berri.

2021ean Aranzadi zientzia elkarteak Oiartzunen hobiratutako hainbat hezur ikertu zituen, eta azterketa genetikoen bidez argitu ahal izan da horien artean lurperatuta zeudenetako bat zela Hipolito Berasategi. Kaxa batean jaso ditu gaur familiak haren gorpuzkiak. Ikerketen nondik norakoak jasotzen dituen txosten bat ere jaso dute, eta eskultura bat.

Ekitaldian hitza hartu du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak, eta Jaurlaritzak esan du tankerako ikerketak bultzatzen jarraituko duela. Horretarako konpromisoa «irmoa» dela nabarmendu du, eta «askatasunean, demokrazian eta justizia sozialean» hazteko bidea dela hori, «totalitarismoei» aurre egiteko ezinbestekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.