«Pentsatuta heldu behar da heriotzara». Mabel Marijuan EHUko irakaslearena da esaldia, bioetika gaietan aditua da, erreferentea arloan, eta gogora ekarri nahi izan du Hil Arte Bizi elkarteko arduradun Nere Erkiagak. Tailerrak antolatzen ditu propio jendeak osasungintzarekin eta bizitzaren amaierarekin lotutako gaien inguruan gogoeta egiteko, eta aldez aurreko borondateen agiriak egitea ere izaten da parte bat tailer horietan. Testu horien bidez zaintzari eta heriotzari buruzko nahiak zedarrituta utz daitezke, inoiz burua galduta geratuta ere erabiltzeko. Idazkuntza lan hori, ordea, «aitzakia» bat da Erkiagarenzat, gaiari buruz zabal gogoetatzeko bide bat.
Agiri horiek, finean, gaixoak «konortea galduta» daudenerako izaten direla gogoratu du, eta ez direla ohikoak horien bidez bideratzen diren heriotzak. Eutanasiaren bidez egiten direnak ere urriak dira, baldintza oso zehatzetan eska baitaiteke hori: iaz Hegoaldean izan ziren ziren mila heriotzako 1,9 izan ziren eutanasia bidezkoak. Agiria egiteak balio du, ordea, gaiari buruz hausnartzeko: kontzeptuak argitzeko. Adibide bat: «Sedazioa eta eutanasia nahastea, esaterako, oso ohikoa izaten da». Hor eragiten ahalegintzen da Erkiaga.
«Ez da agiria egitea bakarrik. Agiria? Agiria ordubetean egiten da. Baina zer esan nahi du agiri horrek?». Horri buruz pentsatu behar du bakoitzak, bere erara. «Batzuentzat, duintasuna azkar hiltzea da; beste batzuentzat, berriz, zainduak izatearen pertzepzioa». Denetik entzuten du tailerretan. «Duintasuna bietara dago. Maitasun handia behar da biei laguntzeko».
«Batzuentzat, duintasuna azkar hiltzea da; beste batzuentzat, berriz, zainduak izatearen pertzepzioa».
NERE ERKIAGAHil Arte Bizi elkarteko arduraduna
Agiria egiteko hainbat eredu badira, moldagarriak, eta bakoitzak bere berezitasunak dituela nabarmendu du Erkiagak; eutanasia «blindatzera» egiten dute hainbatek. Endekapen kognitiboa aintzat hartuta, pertsona bakoitzak bizitzaren amaiera non ezarri nahi duen zehazteko modua ere bada ereduetan. GDS-FAST eskala erabiltzen da, esaterako. Narriadura kognitiboa ebaluatzeko propio erabiltzen den eskala bat da, eta pertsona bakoitzak erabakitzen du non dagoen beretzat «duintasunaren» muga.
Hainbat bertsio
Duintasunez hiltzearen aldeko elkarte DHE Euskadik ere egiten ditu tailerrak. Iñaki Olaizola kidea da, eta ahots ozena egungo eutanasiarena baino askoz ere zabalagoa izango den lege esparru baten aldarrikapenean. Bat dator: «Hiltzen ikasi behar dugu, eta hiltzen ikasteko era badago». Tailerretan parte hartzen du Arantxa Garaialdek ere, eta, heriotzako orduan hitza izate aldera, aurreko borondateen agiriek garrantzia dutela onartu du. «Beti esaten dugu agiri hau izatea ez dela panazea bat, baina garrantzi handia dauka».
«Beti esaten dugu agiri hau izatea ez dela panazea bat, baina garrantzi handia dauka».
ARANTXA GARAIALDE DHE Euskadi elkarteko kidea
Eta argi du: agiri «biziak» izan behar dute. Lehen, esaterako, legezko izan aurretik ere, eutanasia hitza jarria izaten zuten hainbatek agirian, era «sinboliko» batean. Orain ja benetako zentzua du aipamenak. Eta, alde horretatik, aldaketak egin daitezke testuan: nahi adina. «Eta norbaitek duda badu, berritzea onena», azaldu du Garaialdek. Diagnostiko berriei begira, bereziki, ona da berridazketa. Eta osasun profesionalekin ere bilatu behar da gaiaz solastatzea. «Usaintzen duzunean egoera latz bat datorrela, elkarrizketa hori zuk hasi behar duzu. Zeren eta igual medikuak ez du hasiko», azaldu du Erkiagak.
«Jendeak hiltzeari baino beldur handiagoa dio gaizki hiltzeari».
IÑAKI OLAIZOKA DHE Euskadi elkarteko kidea
Tailerretan bizipen asko jasotzen dituzte DHEko kideek ere. «Jendeak hiltzeari baino beldur handiagoa dio gaizki hiltzeari», esan du Olaizolak. Eta usu errepikatzen dira hainbat nahi. Minik gabeko heriotza izatea, esaterako, eta azkarra. Norberak «kudeatzeko» era izatea ere bai: «Ez medikuak esaten duenean izatea». Desio ohikoa da besteentzat «zama» ez izatea ere. Zaintzak egin dituzten andreek aipatzen dute usuen.
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago