Etxerat-ek jakinarazi duenez, 85 euskal presok jasotzen dute gaur egun Jaiki Hadi-ko medikuen arta, gaixotasun organiko edo psikikoengatik: hau da, euskal presoen %34k. Duela hamar urte baino handiagoa da proportzioa, oro har preso gutxiago izan arren gehiagok daukatelako zaintza beharra. Duela hamar urte 750 preso ziren, eta ez ziren %25era iristen arta behar zutenak. Horren arrazoia azaldu du Fernando Arburua psikologo eta Jaiki Hadi-ko kideak: «Presoen adinaren batezbestekoaren igoera eta espetxealdien luzatze ikaragarria».
Etxerat-en arabera, hemeretzi euskal preso daude larriki eri gaur egun, eta horietako batzuek heriotza arriskua dutela ohartarazi du. Horien artean dira minbizia dutenak, kardiopatia larriak dituztenak (Josetxo Arizkuren eta Mikel Otegi, erraterako), gaixotasun psikiko larriak dituztenak (Txus Martin eta Kepa Arronategi), eta esklerosi anizkoitza duen bat, Ibon Fernandez Iradi. Arriskua dela eta, horiek «lehenbailehen» askatzeko eskatu dute.
Gogoratu dute iaz hiru preso ohi zendu zirela eritasun larriengatik espetxetik atera eta denbora gutxira: Oier Gomez, Juan Mari Mariezkurrena eta Jose Angel Otsoa de Eribe. «Gaitzaren lehen fasean askatuak izan balira, euren bizi esperantza luzatzeko aukera benetakoa izango litzateke», salatu du Arburuak.
Espetxeenakatsak
Kartzela «eritasuna sortzen duen lekua» dela nabarmendu du Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak, eta Arburuak zehaztu du azkenaldian «akats edo hutsegite» larriak egin dituztela espetxeetako arta zerbitzuek: kirurgia ebakuntzetarako urtebete baino gehiagoko itxarote zerrendak, ospitaleen eta espetxeen arteko koordinazio falta, gaixoen oinazeak eta ezinegona ez kontuan hartzea, presoekiko komunikaziorik eza eta tratamendu akatsak, bertzeak bertze. Zendutako Kepa del Hoyo presoaren kasua azken hilabeteotan argitu dela azaldu dute: zendu baino egun batzuk lehenago bihotzeko arazoen zantzuak izan zituen, baina ez zuten larrialdi zerbitzuetara eraman, eta hil egin zen. Josetxo Arizkurenen kasua ere aipatu dute: bihotzeko arazo larriak ditu, eta tratamendu okerra jaso izan du espetxean.
Gaixotasun kronikoak dituzten presoak Zaballara mugitzeko eskaera egin du Etxerat-ek, «bertan jasotzen ahal dutelako zainketa eta ospitale arreta egokiena». Bertze espetxe batzuetan ez bezala, hango osasunaren ardura zuzenean Osakidetzak duela zehaztu dute.
Medikuei entzungor
Etxerat elkarteak salatu du epaitegietan trabak baino ez dizkietela jartzen larriki eri diren presoak askatzeko eskaerei. Azaldu dutenez, erraterako, Asier Aginako eta Jose Angel Otsoa de Eribe libre utzi zituzten iaz, baina, Etxerat-eko kideen ustez, «urte luzeen ondoren». Medikuen txostenei entzungor egitea gaitzetsi dute: «Askotan, espetxe edo epaitegien iritziak lehenesten dira medikuen irizpideen gainetik». Horien artean da Ibon Fernandez Iradiren kasua ere. Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, eta medikuen txostenek diote aske egon beharko luketela. Etxerat-ek salatu du, ordea, «epaitegietako ebazpenek eta fiskalaren helegiteek bere kasua hiru urtez atzeratzea eragin dutela». Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegia hura askatzearen alde azaldu zen azaroan, baina, fiskalak helegitea jarrita, hilaren 13an ebatziko dute aske utziko duten ala ez.
Hiltzeko arriskuan diren presoak askatzeko eskatu du Etxerat-ek
Larriki eri diren hemeretzi preso daudela jakinarazi du euskal presoen senideen elkarteak. Horietarik batzuek «arrisku oso larria» dute. Gaixo kronikoak Zaballako espetxera mugitzea galdegin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu