Hilketen erdiak, ezkutuan

2010 eta 2015 artean Hego Euskal Herrian izandako feminizidioak aztertu ditu Mugarik Gaberen eta 'Feminicidio.net'-en txosten batek; ondorioztatu du estatistiketan biktimen erdiak baino ez direla ageri. Hedabideen eta epaitegien lana ere kritikatu du, sentikortasun askirik ez dutelakoan.

Women in Black egitasmoaren protesta bat, Iruñean, indarkeria matxista salatzeko. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ez dira ageri zerrenda ofizialetan, ezta erakundeen zifretan ere: ezkutuan geratu dira genero arrazoiengatik hildako emakumeen erdiak. Hala azaleratu du Mugarik Gabe GKEak eta Feminicidio.net webguneak elkarlanean landutako txosten batek: Feminizidioa Euskadin eta Nafarroan 2010-2015: gertaerak, tratamendua prentsan eta epaien analisia. Horrek, biktimen aitortzan ez ezik, indarkeria horren sozializazioan ere eragiten du, dokumentuak ondorioztatu duenez. Izan ere, hedabideen eta auzitegien jardunean «jarrera patriarkalak» antzeman dituzte: «aspaldi gaindituta egon behar zuten arazoak» ageri dira komunikabideetan, eta justizia sistema oraindik ez da prestatu «biktimei entzuteko».

Hegoaldeko erakundeen datuen arabera, 2010 eta 2015 artean hamalau emakume hil zituzten indarkeria matxistaren ondorioz; txostenak, ordea, bikoiztu egin du zifra hori: 30 feminizidio aurkitu ditu, eta lapurretetan hildako beste hiru andreren kasuak ere aipatu ditu; epe berean beste sei hilketa izan ziren Ipar Euskal Herrian. Ofizialki aitortutako zifra mugatua genero indarkeria terminoak Espainiako legedian duen definizioari egotzi diote: bikote harremanen barruan gertatutako bortizkeriari baino ez dio erreparatzen, eta ez beti, kanpoan utzi izan baitituzte bikote erlazioaren ezaugarriak harreman tradizionalekin bat etorri ez direnetan.

Baina feminizidioak eremu horretatik kanpo ere gertatzen direla berretsi du txostenak: «Gizonek beste harreman mota batzuen barruan ere hiltzen dituzte andreak: haien bikotekideak ez ezik, semeak, aitak, osabak, lankideak, prostituzio bezeroak, edo poliziak ere izan daitezke». Hala, txostenean ageri diren 30 kasuetako hamazazpitan bikotekideek edo bikotekide ohiek hil zituzten andreak, baina beste bederatzitan gizonezko senideak izan ziren bortxaren egileak.

Legedian ageri den bereizketa hori barneratu egin dute hedabideek, eta indarkeria matxista ere hala jorratzen dute: mugatuta. Komunikabideen hainbat gabezia azaleratu ditu txostenak: bikote erlazioetatik kanpoko bortizkeriak ez identifikatzea, estereotipoak erreproduzitzea, testuingururik gabeko informazioa zabaltzea, erasoen errua biktimaren gain jartzea... Horrek guztiak eragina du gizarteari helarazten zaizkion ideietan: «Komunikabideek ez dute indarkeria matxista haien marko teorikoarekin uztartu, eta ez dituzte hala izendatzen ezaugarri matxistak edo misoginoak dituzten feminizidioak. Horrek prebentzioaren pedagogia egitea oztopatzen du».

Dena den, euskarazko eta gaztelerazko hedabideen artean alde nabarmenak antzeman ditu azterlanak: euskarazko testuetan txikiagoa da hilketa ekintza bakartu bezala aurkezteko joera, edota biktimei buruz soilik zifra ofizialak erabiltzekoa, eta, aldiz, maizago jotzen da mugimendu feministako iturrietara. «Esfortzu handiagoa egiten dute gertakariak ikuspuntu konprometitu batetik kontatzeko».

Edonola ere, hedabide gehienen jarrera horiek kezkagarri jo ditu txostenak. Batetik, sentsibilizazioan funtsezko rola dutelako: «Herritar gehienek indarkeria matxistaz duten pertzepzioa komunikabideetan agertzen denaren menpe dago, hein handi batean». Bestetik, erredakzioetan sumatu duten «sentikortasun faltaren» atzean arazo sakonagoak daudela uste dutelako: «Pribilegio patriarkalaren aurrean babes erreakzio gisa identifikatu daitezke, eta kazetaritzan aritzen diren profesionalen heziketa eta trebakuntza matxistaren emaitzatzat».

Erasoak, «minimizatuta»

30 feminizidioei lotuta, hamazortzi epaiketa izan dira, eta akusatu guztiak zigortu egin dituzte. Txostenak berretsi du ez dagoela «zigorgabetasunik», baina deitoratu du hilketen aurreko tratu txarrak ikertu eta zigortu gabe geratu ohi direla, zinpeko epaimahaiek ez dutelako horretarako eskumenik. Epaiak aztertuta, beste argilun batzuk ere ikusi dituzte. Batetik, «babes sistemak huts egin» duela ondorioztatu dute: «Gutxienez sei kasutan, biktimak aurretik jasandako erasoak agertzen dira sententzian, eta beste bostetan ere litekeena da aurrez erasoak egon izana, baina ez ziren ikertu. Lau kasutan, salaketak jarri zituzten andreek, eta hirutan urruntze agindua indarrean zegoen feminizidioaren unean». Azterlanak aipatu du «naturalizatu eta minimizatu» egin direla zenbait indarkeria egoera; mehatxuak, adibidez.

Ildo horretan, arrisku faktoreei behar bezala erreparatu ez izana egotzi die txostenak erakundeei, batik bat buruko gaitzekin lotutako kasuetan: «Ahulezia egoeran dauden pertsonei erantzun sozial egokirik ez artikulatzeak arriskua handitu dezake. Defizit garrantzitsu bat dago gaixotasun mentalak eta substantzia psikoaktiboekiko mendekotasuna duten pertsonen osasun arretan. Familiek ez dute bitartekorik gaixo horiek kontrolatzeko, eta zeharo gaindituta sentitzen dira sarri biktimizazio jarraituko egoeretan».

Bestetik, txostenak ez ditu ontzat jo aringarriak eta astungarriak ezartzeko irizpideak. Adibidez, ankerkeriaren interpretazioa «zaharkituta» dagoela ohartarazi du: «Ez da ankerkeria baloratu hiltzaileak sekulako biolentzia erabili zuen kasu batzuetan, argudiatuz, besteak beste, biktima azkar hil zela, zeharkako biktimei eragindako mina kontuan hartu gabe». Erantzukizun zibilari ere erreparatu dio azterlanak: «Kalte-ordainen kopurua zehazteko, auto istripuetakoak ezartzean baliatzen den baremo bera erabiltzen dute. Baina, halakoetan, mintzeko intentzioa izateak erantzukizun handiagoa izan behar du, eta, ondorioz, kalte-ordainek ere handiagoak behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.