Hilaren 7an hamalau urte beteko dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage bortxatu eta hil zuenetik. Haren omenez, ehun herritar inguru batu ziren atzo Iruñeko Vinculo plazan, Astelehen Lilak taldeak deitutako elkarretaratzean.
Laffagerentzat justizia eta erreparazioa galdegin dituzte bertan, eta ohar bidez nabarmendu dute iruindar gehienentzat hilketa izan zela Laffagerena. Halaber, indarkeria matxista oro gaitzetsi dute: «Emakumeen eta arautik ateratzen diren guztien aurkako indarkeria hau gizarte gisa suntsitzen gaituen gaixotasun krudel eta tragiko baten isla da: gizarte heteropatriarkal, arrazista eta kapitalistarena, ez diena pertsonei aske hazten uzten». Horren aurrean, argi dute zein den konponbidea: berdintasuna eta feminismoa.
Eskaera zehatzak ere badituzte: indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzeko 24 orduan martxan egongo den zentro integral bat sor dezatela Nafarroarako, eta horri Nagore Laffage izena jar diezaiotela: «Gure helburu nagusia da, sistema heteropatriarkala amaitzearekin batera, emakume bakar bat ere bakarrik ez sentitzea. Behar duten guztian artatu behar dira, eta haien intimitaterako eskubidea eta erabakiak errespetatu».
Eta bihar hasiko diren sanfermin festetara begira ere jarri da Astelehen Lilak: «Sanfermin hauetan dena emanda disfrutatu, bakoitzak gustuko duen eran, baina beti harreman libreetan eta eraso sexistarik, homofoborik eta arrazistarik gabekoetan oinarrituta».
Hilketaren hamalaugarren urteurrenean, Nagore Laffage omendu dute
Astelehen Lilak elkarteak deitutako elkarretaratzean ehun lagun inguru batu dira. Bortxa matxistaren biktimentzako zentro integral bat eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu