Ekainaren 20tik desagertua da Laure Zacchello urruñarra. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak prentsa bildu du ikerketek ekarri elementuen emateko, Stephanie Vessiere prokuradoreordearekin eta Karim Filali Baionako Polizia Judizialeko komisarioarekin batean. Elementu horien araberako hipotesi bat aurreratu du: senarrak hil eta desagerrarazi zuela. Gizona, atxilotu eta galdekatu ondoan, auzipetu dute, eta preso sartu. Bi instrukzio epaile izendatu dituzte instrukzioa eramateko. Desagertuaren senarra erreserbako jendarme aitzindari izana da, gerra armak bazituen etxean, eta horiek ere desagertuak dira.
Prokuradoreak ez du pistarik baztertu nahi, baina ezkor da Zacchelloren zoriari buruz: «Aurkitu elementuek bizirik aurkitzeko mentura guti uzten badute ere, ezin da aukerarik baztertu». Miaketa batzuk egin dituzte, eta horretan segitzen dute. Lekukotasunen biltzeko deia zabaldu du Poliziak, Zaccheloren argazki batekin eta senarrarena den gorri kolore biziko 4X4 autoaren argazkiarekin. Autoa Poliziaren eskuetan da. Karim Filali komisarioak zehaztu du auto horren «edozein mugimendu» ikusi duen ororen lekukotasuna bildu nahi dutela, mugimendu horiek «oihan aldean edo mendigunean» ikusi badituzte, eta bereziki ekainaren 21ean, ostiralean, 08:30etik 20:50era bitartean. Mendialdean ibili izana iradoki du. «Senarra bizirauletzaren zalea da, kirolaria, ehiztaria; Ipar Euskal Herriko barnealdea arras ongi ezagutzen du», zehaztu du komisarioak. Lekukotasunen emateko telefono zenbaki bat zabaldu dute: (+33) 0 800 00 38 45.
Senarra Donibane Lohizuneko polizia etxera (Lapurdi) joan zen otsailaren 7an, «emazteak ausiki zuela errateko». Ez zuen salaketarik jarri. Emaztea otsailaren 10ean joan zen polizia etxera, senarra «jazartzen» zitzaiola seinalatzeko, baina salaketarik jarri gabe. Bortizkeria sexisten biktimen elkartekoengana joatea aholkatu zioten, prokuradoreak erran duenez.
Ekainaren 20tik desagertua da Laure Zacchello, ostegun arratsetik. 43 urte ditu, eta «ezkondua eta dibortzio bidean da», Bourrier prokuradoreak zehaztu duenez. Senarrak eta biek hiru haur badituzte, 5, 7 eta 9 urtekoak.
«Duda» anitz zintzilik daude oraindik, Bourrierek erran duenez, eta «hipotesirik ez da baztertu behar». Bi ikerketa epaile hautatu dituzte inkestaren eramateko. Bizkitartean, senarrak feminizidioa egin duelako tesia defendatu du Bourrier prokuradoreak, eta horretarako «bat etortzen diren seinale larriak» badituztela gehitu. Poliziak galdekatu ondoren, senarra presondegiratu dute, eta auzibidea ireki haren kontra.
Hilketa matxistaren hipotesiari buruzko xehetasun batzuk eman ditu Bourrierek. «Lehenik, testuingurua: bikotea bereizteko bidean da, eta dirudienez, auzipetuak, senarrak, gaizki bizi du banaketa». Bikoteak etxe bat du, eta martxotik senarra eta emaztea aldizkatzen dira haurren bertan zaintzeko, Bourrierek zehaztu duenez.
Gerra armak
Joan den ostiralean, ekainaren 21ean, «usaian ez bezala, aitatxi-amatxiek zituzten haurrak zaindu». Senarra lagun batzuekin musikaren bestara joatekoa omen zen. Arratsalde hartan, gizonaren arreba entseatu zen haren deitzen, baina ez zuen mintzatzerik lortu, eta Urruñako etxeraino joan zen. «Arreba horrek du alerta eman» eta Donibane Lohizuneko Poliziari erran dio anaia lurrean hedailo aurkitu zuela etxe aitzinean, «buru gibelean sake bat zuela eta ondoan harri bat».
Baina etxe barnean ez dute «ez apurketa, ez borrokaldi hatzik» atzeman. Haatik, Zacchelloren eskuko zakua eta haren bi sakelako telefonoak kausitu dituzte, baita haren autoa ere, gakoturik, baina gakorik ez. «Horregatik, desagertzea esplikatzeko, baztertu daiteke ebasketaren hipotesia, beste pertsona baten parten hartzea edo [Zacchello] bere baitarik desagertu izana», erran du Bourrierek. Puska guziak etxean zirelako: paperak, puska pertsonalak, komunikatzeko telefonoak eta diru iturri guziak. Gehiago dena, Zacchelloren hurbilekoei egin lekukotasun bilketetarik ohartu dira «haurrei berririk ez jakinaraztea» ez dela «batere haren usaietan».
Munta bereziko beste gauza bati ohartu zitzaizkion miaketa denboran: «Burasoen logelako bi armairu gotor zabalik ziren». Ez ziren bortxaz irekiak izan, gakoa etxe barnean zelako. «Barnean ziren gerra armak, A kategoriakoak, desagertu ziren: pistola metrailadoreak, pistola automatikoak». Legez debekatua da halako armen ukaitea, salbu lanbide jakin baterako badira edota kirolerako baimendurik. «Tiro kirolaria» da hain zuzen, gizona.
Eraso antzeztuaren ustea
Senarrak bere kontrako erasoa antzeztu lukeelako susmoa aipatu du prokuradoreak. Buru gibelean zauri bat bazuen, baina «ez zen larria».
Gorputzean zituen beste herexa batzuek ere susmoak piztu dizkiote Bourrierri. «Zernahi zarrasta bazituen, laparretan ibili ondoan izan daitezkeenak bezalakoak».
Lekukotasunek eta atzeman idazki batzuek ere pentsarazten diete Zaccheloren desagertzearen hobenduna senarra izan daitekeela. Zacchellok «otsailaren 7an gertatu kalapita baten berri jakinarazi zuen». Kontatu zuenez, kalapita horretan senarra entseatu zen Zacchellori bere zakua indarrez hartzen eta emazteak ausikiz iharduki zion.
Beste elementu franko lerrokatu ditu prokuradoreak: «Emaztearen banku kontutik egin ordainketak, senarrak ebatsi [Zacchelloren] lantokiko giltza, haren posta elektronikoko kutxaren pirateatzea». Jazarpen horiek hainbestetarainokoak izan dira, non Zacchellok kamera bat erosi zuen; haurrekin kanapean lo egiten zuen «bere zakua ondoan atxikiz», eta azantz egiteko puskak ezartzen lurrean «senarra entzuteko gisan gelan sartzen bazen». Bourrierek ondorioztatu du Zacchello otsailetik edo martxotik «izutua bezala zela» senarraren jokamoldeekin.
Galdeketa pean atxiki duten gizon horren «nortasunaz ere jelosturik egon dira» inkesta egileak. Gizon «hotza, isila, enpatiarik gabekoa» deskribatu du prokuradoreak; «sekula axolatu ez dena emaztea zer bilakatua zen jakiteko». Galdeketan gizonak erran omen du deusez ez zela oroit. «Pista faltsu bat» ere eman du: «Gordegia gisako bat, zeinetan bizirik irauteko janaria» atxikitzen duen.
Mugimendu feministak elkarretaratzeko deia egin du biharko: 18:30ean bilduko dira, Urruñako herriko etxearen aitzinean, Zacchelloren desagertzea salatzeko.
Hilketa matxistaren hipotesia baieztatuz gero, Euskal Herrian hildako bigarren emakumea litzateke; lehen hilketa Donibane Lohizunen izan zen, Lapurdin bertan, maiatzean. 2003tik 120 emazte eta hamabi haur hil dituzte indarkeria matxistaren eraginez Euskal Herrian.