Hilerri grisa leku koloretsu bihurtzen

Etorkizuneko hilerria irudikatzeko gogoeta parte hartzaile bat bideratu dute Antzuolan (Gipuzkoan). Lanketa bat egin dute heriotzaren inguruan zabaldu den beldurra eta hilerrien inguruan dauden tabuak desegiteko.

Antzuolako hilerria. GORKA RUBIO / FOKU
Antzuolako hilerria. GORKA RUBIO / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2024ko azaroaren 18a
14:06
Entzun

Hilerriak iluntasunarekin, beldurrarekin eta tristurarekin lotzen dira. Mendeetan, leku sakratuak izan dira, non erlijioak familiei bizitzatik harago joateko itxaropena eta dolurako espazioa eskaintzen zien. Gaur egun, ordea, erlijioa pisua galtzen ari den gizarte batean, badirudi hildakoen eremu horiek bisitaririk eta asmorik gabe geratzen direla. Zer leku dute hilerriek agur esateko beste modu batzuk bilatzen dituen mundu batean? 

Nere Erkiaga Hil Arte Bizi egitasmoaren antolatzailearen arabera, ez dago ateoen eta sinestunen kopuru zehatzik, baina gaur egun ateo asko daude, eta, horregatik, hilerrira joateko ohitura galdu egin da. Gero eta jende gehiagok aukeratzen du hildako senidearen edo gertukoaren errautsak mendian edo itsasoan sakabanatzea. Hortaz, udal hilerriak egungo gizartearen errealitatera eta behar berri horietara egokitu behar direla uste du. «Errautsak botatzeko parke natural bat izan behar du, hilerri bat dela ezkutatu gabe».

Tanatologoa da Erkiaga. Heriotza naturaltasunez lantzeko sortu zuen Hil Arte Bizi proiektua. Tailerrak-eta eskaintzen ditu, besteak beste.

Erkiagak dioenez, heriotza, jendearengan eta gizartean duen eragina izanda ere, tabua da oraindik ere, eta, beraz, pertsona gehienek saihestu egiten dituzte heriotzarekin eta hilerriekin zerikusia duten gai guztiak. «Hor dago etengabe, baina ezkutatu egin nahi izaten da gaia. Elefante bat ezkutatu nahi izatea bezala da, ordea».

«Baliabideak ditugu heriotzari erantzuteko: baliabide kognitiboak, emozionalak eta sozialak. Baina horiek garatu egin behar dira»

NERE ERKIAGA Hil Arte Bizi egitasmoaren antolatzailea

«Lehen, Elizak, erakunde bezala, heriotzarekin beldurra sortzen zuen, eta gaur egun ikus-entzunezko kulturak zerbait ikaragarri bihurtzen du. Gizartea pentsamolde horrekin hazi zen. Gaur egun, Elizak eta haren pentsamoldeak ez dute lehen bezainbesteko zabalkunderik; ikus-entzunezko kulturak, berriz, bai, eta hori du gizakiak barneratua», esan du Erkiagak.

Heriotza hobeto lantzeko, Erkiagak tailer batzuk bideratu ditu Antzuolako (Gipuzkoa) herritarren artean. Proposatutako galderari erantzuten jardun dira: nolakoa eta norentzat izan behar du 30 urte barruko hilerriak? Hilerrietan naturaltasuna falta dela eta hori aldatu beharra dagoela dio. Bat dator Olatz Lezeta, Antzuolako alkatea: «Denok harrapatzen gaitu heriotzak, eta ez da horren inguruan hitz egiten».

Antzuolako prozesuak bi helburu izan ditu. Alde batetik, heriotzaren inguruko beldurrak eta ezjakintasuna gainditzea, eta gaiaz ahalik eta naturalen hitz egitea. «Helburu nagusia da heriotzari lotutako gai bat modu komunitarioan partekatzea eta hitz egitea», argitu du Erkiagak. Bestetik, proposamen txosten bat egitea eta udalaren esku jartzea helburua, etorkizunean hilerrian erreformak egin behar direnean horiek kontuan hartzeko. Lezetak argi utzi du momentuz ez dagoela asmorik aldaketarik egiteko; izan ere, proiektuan proposatu dute panteoiak kentzea eta dena batzea. Horrek urteak eskatzen ditu, eta orain egitea «ezinezkoa» da. Baina, alkatearen esanetan, agian kanpoan aldaketa estetikoren bat egin daiteke; barruan, berriz, «poliki-poliki».

Denentzako eremua 

Gogoeta parte hartzailean, herritarren hainbat ideia jaso dituzte: hilerriak herritar guztientzako lekua izan behar duela azpimarratu dute, ideologia, erlijioa edo jatorria edozein izanda ere. Lurrak pertsona guztiak jasoko dituenez, berdintasuna egon behar dela diote, arauek berberak izan behar dutela denentzat. Herritarrentzat ez da aukera bat hilerria eremuka banatzea, baizik eta denentzako lekua izatea. Gainera, musulmanentzako hilobien orientazioa Mekara begira egotea proposatu dute. Hau da, bakoitzaren sinesmenak errespetatuz denentzat izango den leku bat sortu nahi dute. Helburua da denek maite duten eremu «koloretsu» eta «lasai» bat sortzea pertsonen oroitzapena gogoan izateko. «Azkenean, jende horrek maite dituen pertsonak nolabait gogoratzeko gune bat izan beharko luke», azaldu du Lezetak.

Iluntasuna koloreztatuz

Ez da erraza gizartean heriotzari buruz hitz egitea, are gutxiago umeekin. Hala ere, 4 urteko haurrak izan dira prozesuaren protagonista nagusietakoak. Antzuolako Herri Eskolan modu «naturalean» landu dute heriotzaren gaia. Nahikari Barriok, eskolako zuzendariak, azaldu du haurrekin jaiotzaren gaia lantzen hasi zirela, eta momentu horretan ume batek bere etxean anaia bat hil egin zela kontatu zuela. Horrekin, heriotzari buruz hitz egiten hasi ziren. Aukera hori aprobetxatuz, eskola Erkiagarekin harremanetan jarri zen, eta zerbait «harrigarria» gertatu zela aipatu zioten: haurrak heriotzaren gaiarekin bueltaka ari zirela, Erkiagak proposatu zien ea aukerarik zuten proiektua eskolan barneratzeko. 

Gaia sakonago lantzeko asmoz, Antzuolako Herri Eskolak hilerrira eraman zituen 4 urteko haurrak. Barriok esan du orokorrean leku gris, ilun eta arrisku handiko gisa deskribatu zutela txikiek. Ingurua aztertu ondoren eta hobekuntzak proposatzeko helburuarekin, hainbat ideia atera zituzten: besteak beste, leku koloretsua izatea eta jateko eta egoteko aulkiak eta mahaiak jartzea. Gainera, hilerriaren sarreran bihotz handi bat marraztu zuten. Barriok azaldu du horren esanahia dela maite dituzten pertsona horiek barruan dituztela, hau da, bihotzean gordetzen dituztela eta beti maitasunera eta oroitzapenera eramaten dituztela. «Asko harritu nau haurren naturaltasunak hilerriaren funtzio sinbolikoa irudikatu dutenean; gerora prozesu guztian agertu da, oso polita izan da», esan du Erkiagak.

«Beharrezkoa da heriotzaz hitz egitea; izan ere, denek, bai helduek eta baita umeek ere, inguruan bizi dugu noizbait»

NAHIKARI BARRIO Antzuola Herri Eskolako zuzendaria

Gogoeta parte hartzailean, ikusi dute udalaren esku dagoela hilerriaren itxurari buelta bat ematea eta denontzat leku «atsegin» bat bihurtzea. «Hilerria herriarena da, ez Elizarena», azpimarratu du Lezetak. Gainera, hilerria ondo mantentzeko, zaintza berezi bat beharrezkoa da. «Esaterako, loreak eta marmola ez baldin badira ondo mantentzen, ez zaituztela maite ematen du», gehitu du Erkiagak.  

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.