Baiezkoa jaso du, azkenerako, aspaldiko eskeak: hilekorako produktuen, preserbatiboen eta sendagarriak ez diren antisorgailuen BEZa apalduko dute Hego Euskal Herrian. Produktuon zerga %10ekoa da egun, eta %4ra apalduko da 2023an. Espainiako Gobernuak zergekin loturiko neurri sorta bat adostu du berriki, eta horien artean da hori.
Hasieran, aipatuak ez ezik, beste produktu batzuen merkatzea bultzatzea ere bazegoen Madrilen asmoen artean. Zehazki, Podemosek eskatuta, mahai gainean da BEZaren jaitsiera pixoihaletan ere ezartzea. Oraingoz, baina, neurriak ez die haiei eraginen.
Hilekorako produktuak merkatu beharra aspaldi da herritar askoren eske ozena. Aldian aldiko agintariek sarri aditu dute eskakizuna. Esaterako, ekainean, Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean galdegin zuen produktuok debalde izan zitezen pausoak bultzatzeko; Voxen ez beste alderdi guztien babesa jaso zuen proposamenak. Ordea, Hego Euskal Herrian oro har, apenas egin den urratsik merkatzerik martxan jartzeko.
Egoera bestelakoa da Ipar Euskal Herrian, hein batean. 2021ean, Frantziako Gobernuak neurri bat jarri zuen martxan: unibertsitatean ikasten duten Ipar Euskal Herriko ikasleek dohainik jaso ditzakete hilekorako produktu higienikoak ordutik, legez.
Ikusi gehiago: Hilekorako produktuak doan Iparraldeko unibertsitateetan
Madrilek iragarri duenez, preserbatiboetan eta medizinalak ez diren antisorgailuetan ere apalduko da BEZa %4ra. Horiek merkatzea ere aspaldi eskatu dute askok, baita biharamuneko pilularen prezioa apaltzea ere. Horri loturik, Parisek berriki egin du urratsa: Frantziako Osasun Ministerioak iragarri du pilula hori doakoa izanen dela emakume guztientzat. Neurriak Ipar Euskal Herriko biztanleei eraginen die; ordea, ez da jakina noiz sartuko den indarrean.
Ikusi gehiago: Biharamuneko pilula urririk izanen da emazte guztientzat Iparraldean