Hileko 994,8 euroan ipini du Elkartzen-ek pobrezia muga Hego Euskal Herrian

Lanbide arteko gutxieneko soldata, laguntzak eta pentsio asko kopuru horretatik behera daudela salatu du. Herritarren herenak daude pobrezian

Elkartzen-en agerraldia, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian, aurten, 11.938,65 euroan ipini du Elkartzen elkarteak pobreziaren urteko muga; hau da, hilean 994,8 euro baino gutxiagoko diru sarrera dutenak pobrezian bizi dira. «Gure metodologiaren arabera, gaur egungo lanbide arteko gutxieneko soldata, beste zenbait soldata, gizarte laguntza eta pentsio gehiegi pobreziaren mugaren azpitik daude», salatu du elkarteak, kopuruaren berri emateko argitaratu duen oharrean.

Elkartzen-en arabera, «pobreziaren muga gizarte desberdintasunak gutxitzeko tresna eraginkorra da. Aberastasuna banatzeko mekanismo automatikoa da, aberastasuna handitzen bada atalasearen kopurua ere handitu egiten baita; murriztuz gero, kopuru hori ere neurri berean murrizten da». Egungoak baino lan baldintza «duinagoak» bermatzeko ere balio duela uste du.

Euskal herritarren herenak pobreziaren mugaren azpitik bizi direla salatu du elkarteak, «isiltasunean eta eguneroko joan-etorri frenetikoan ikusezin».

Elkartzenek BPG barne produktu gordinaren araberako sistema bat proposatu du. Eredu horren arabera, lanbide arteko gutxieneko soldata ezingo da izan per capita BPGaren erdia baino gutxiago: Hego Euskal Herrian 1.326,51 euro izan beharko luke. Baina Espainiako Gobernuak 655,20 euroan dauka ezarrita. Era berean, gizarte laguntzak ezingo dira izan per capita BPGaren %37,5 baino baxuagoak.

Dena den, elkarteak argi utzi du diru sarrera horiek duinak izatea ez dela nahikoa pobrezia bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.