Arijako urtegian (Burgos, Espainia) atzo desagertu zen 17 urteko mutilaren gorpua aurkitu du Guardia Zibilak. Atzo eguerdian jakinarazi zuten adingabea desagertu egin zela, eta 20:50ean aurkitu zuten.
Bizkaiko Foru Aldundiak tutoretzapean zuen adingabea, eta erakundeak antolatutako kanpamentu batean parte hartzen ari zen desagertu zenean. Uretara sartu zela baieztatu dute lekukoek, gainontzekoek kanpin dendak muntatzen zituzten bitartean; hor galdu omen zuten haren arrastoa. «Bainu bat hartzera joan zen, eta, denbora gutxira, adiskideek haren falta sumatu zuten», adierazi du Aldundiko eledun batek.
Kanpamentua lauzpabost egun irautekoa zen. Han zen gaztea, beste kideekin eta hezitzaileekin batera. 14:18ean eman zuten abisua, Gaztela eta Leongo (Espainia) larrialdi zerbitzuei dei egin zietenean. Berehala, Burgosko suhiltzaileak eta Guardia Zibila mobilizatzeko agindu zuten. Herritarren Arreta Bulegoa ere hara joan zen, lekukoen adierazpenak jasotzeko.
Azkenean, bi ordu geroago aurkitu zuten desagertutakoaren gorpua.