Gaur goizean, hedabideetan egindako adierazpenen bidez aurreratu nahi izan du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik izurriaren jarraipen datuak hobera ari direla. Erietxeetako egoera nabarmendu du, bereziki. ZIUetan bi astean pazienteak %20 urritu direla jakinarazi du.
Eta datuetara begira, Hego Euskal Herri osoa erreferentzia hartuta, hobekuntza agerikoa da. Otsailaren 3an, 116 paziente zeuden Hego Euskal Herriko erietxeetan ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan: atzo, 82 ziren. Ospitaleratze berriak orduan 91 izan ziren; atzo, 33. Ospitaleratuak guztira 860 ziren hilabete hasieran, eta orain 442 dira. Ia erdira urritu dira.
Horiek horrela, izurria mendean hartzeko bidea «aurrera» doala defendatu du Osasun sailburuak. Onartu du, hala ere, «zuhur» jokatu behar dela oraindik. Bete beharreko neurrien berri gizarteak baduela argudiatu du, eta konplitu egin behar direla jarraibide horiek.
Hobekuntzari esker erietxeetako egoera hobera ari dela adierazi du. Igaro hilabeteotan atzeratu egin behar izan dituzte hainbat ebakuntza, baina goizetako martxa guztiz berreskuratu dutela esan du, eta arratsaldetakoarekin ere onbidearen ari direla.
COVID-19a eragiten duten birusaren transmisioa, hala ere, handia da oraindik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 1.037 positibo atzeman zituen atzo. Nafarroan, 351, eta denera, 1.388. Egindako testen %17k positibo eman zuten.