Hilaren 21ean hautetsien topaleku izango da Bergara

Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu alkateen mugimenduaren 45. urteurrena gogoratzeko. Ekitaldi instituzional bat ere egingo dute

Gorka Artola Bergarako alkatea eta Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia, atzoko prentsaurrekoan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Bergara
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
«Duela 45 urte, Euskal Herriaren izaeraren eta bere eskubide historikoetan oinarritzen zen burujabetzaren elkargune izan zen Bergarako herria. Foruen abolizioaren mendeurrena betetzen zela gogoratzeko, Euskal Herriko ehunka udal ordezkari elkartu ziren Bergaran, herri bat ginela eta aurrera egin nahi genuela adierazteko». Gorka Artola Bergarako alkateak atzoko prentsaurrekoan egindako adierazpenak dira. Uztailaren 21ean 45 urte beteko dira Hego Euskal Herriko alkateen mugimendua sortu zenetik, eta, urteurrena gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Besteak beste, Bergarako Udalak aitortza egingo die garai hartako bailarako alkateei, ekitaldi instituzional baten bidez, eta erakusketa bat ere zabalduko dute orduko argazki eta bideoekin.

Artolak oroitu du garai zailak zirela haiek. «40 urteko diktaduraren ondoren, askatasunaren eta herria mugitzearen egarria nabaritzen zen, eta aukera hori baliatu beharra zegoen». Nabarmendu zuen 45 urte geroago, pandemiak jotako sasoi honetan, herria «zutik» jarri nahi dutela. «Zutik jarri behar du, aurrera egin ahal izateko». Hori burujabetzaren eta askatasunaren bidean egin behar dela adierazi zuen.

Horretarako udal ordezkariek duten garrantzia ere aldarrikatuko dute hilaren 21ean. «Herritik eta herriarentzat. Udaletatik herritarrentzat. Udalak oso garrantzitsuak izan dira historikoki gure herriaren egitura administratiboan, eta orain ere udalek funtsezko zeregina dutela uste dugu».

Agerraldian, Artolak eta Jose Luis Elkoro orduko Bergarako alkateak dei egin zien Euskal Herriko udal ordezkariei hilaren 21ean Bergaran egingo den ekitaldian parte hartzera.

Batasunaren beharra

Elkororen arabera, «borroka asko» egin da mendez mende, «mota askotako borrokak», baina «ezin izan dugu lortu gure nortasuna aurrera eramatea». Eta azpimarratu du: «Horretan ari gara».

Elkorok dio alkateak eta udaletxeak direla herria ondoen ordezkatzen dutenak, eta horien elkartasunarekin herri moduan «indar handia» har daitekeela. Batasunerako deia egin du: «Ez gara ahulak txikiak garelako; hori arrazoietako bat da, baina ez da nagusia. Arrazoi nagusia da zatituta gaudela. Ezin izan dugu gure herria aurrera eraman zatituta egon garelako. Eta hori gainditu behar dugu, herri bat garelako. Hori izango da gure potentzial handiena». Eta gehitu du: «Ea saiakera honekin pauso garrantzitsu bat ematen dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.