Xabier Zubeldia eta Ane Azkona. Saretxe etxebizitza sindikatuko kideak

«Hilabetero gertatzen dira isilpeko kaleratzeak»

Saretxe etxebizitza sindikatuko kideak auzoan antolatzen dira etxegabetzeen aurka. Adierazi dute bizilagunek ez dutela nora jo kaleratzeen harira, eta «babesik gabe» daudela.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Auzoko laguntza sare moduan sortu bazen ere, duela bi urtetik Groseko etxebizitza sindikatua da Saretxe. Xabier Zubeldia eta Ane Azkona sindikatuko kideek azaldu dute instituzioek ez dietela «babesik» eman Donostian etxebizitzaren arazoa konpontzeko, eta «auzoan antolatzeko beharra» azpimarratu dute.

Nola lortu du Azorak herritar hauek kaleratzea?

XABIER ZUBELDIA: Presio polizialaren bidez eta azken momentuan iritsi zaigun kaleratze agindu baten bidez egin du; urte eta erdi daramagu jada epaitegietan. Askotan saiatu gara Azorarekin eta udalarekin bitartekaritza lan bat egiten, baina beti ezezkoa eman digute, eta ez digute alternatibarik eskaini.

Ez da Grosen hustu duten eraikin bakarra.

ANE AZKONA: Ez, eraikin honen ondoan dauden beste batzuk ere erosi ditu Azorak. Zabaleta kalean ere beste eraikin batzuk erosi eta hustu ditu, eta Bergimghamen ere eskuratu ditu beste atari batzuk. Sistema bera erabiltzen ari da guztietan: bizilagunei alokairua izugarri igotzen die, eta ordaindu ezin dutenak botatzen ditu. Grosen hilabetero gertatzen dira isilpeko kaleratzeak.

Bizilagunek ez dute salatzen?

ZUBELDIA: Batzuetan, ez dute salatzen ez daukatelako norengana jo. Hor sartzen da Saretxe, bide instituzionalak erabilita bizilagunek ikusi baitute ez daukatela ez inolako erantzunik ezta babesik ere.

Nola jokatu du udalak egoera ikusita?

ZUBELDIA: Bitartekaritza lana egin beharko luke. Baina, orain arte, ez du ezer egin gure alde. Udalak dio ez daukala eskumenik horrelako gaietan, baina badakigu ez dela horrela.

Zer analisi egiten duzue gertatzen ari den kaleratze oldearen inguruan?

ZUBELDIA: Etxegabetze hauek etxebizitzaren arazoaren barruan sar daitezke. Donostiara ekarrita, ez da kasualitatea Grosen eta Alde Zaharrean kaleratzeak gertatzea. Donostiako zentro guztia turismoari lotuta dago, eta ondo dakigu udalak auzo horiek erabili nahi dituela ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko, eta ez auzotarrak bertan bizitzeko.

Etxebizitza turistikoen inguruko lanketa bat ere egin duzue.

AZKONA: Bai. Etxebizitza turistikoen arazoa gora doa etengabe. Gida bat aterako dugu, bizilagunek jakin dezaten zer pauso eman behar diren etxean pisu turistikoak jartzea eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.