Izurriaren eboluzioaren gaineko datuen bilakaera ona da, eta prebentzio neurriak arintzeari buruzko zurrumurruak gero eta ozenagoak dira. Osasun agintariek zuhurtasun mezua eman nahi izan dute, ordea. Atzo bertan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragarri zuen martxo-apiriletan ere indarrean jarraitu beharko dutela joan-etorriak mugatzen dituzten neurriek: «Birusaren hedatzea geratzeko neurriekin jarraitu behar da». Nafarroako Gobernuko eledun Javier Remirezek, Aste Santua hizpide, «zuhurtasunez» jardun behar dela erantzun zuen.
Ikusi gehiago:Errioxak iragarri du ez dituela bere mugak irekiko Aste Santuan
Gerturatzen ari da Aste Santua, eta galderak gero eta ugariagoak dira orduko joan-etorrien murrizketen inguruan. Atzo autonomia erkidegoetako ordezkariak Madrilen elkartu ziren Espainiako Gobernuko agintariekin, eta horixe izan zuten hizpide. Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren gisan, «zuhur» jokatu beharra defendatu zuen, erkidegoen arteko mugimenduak, opor sasoi horretan ere, murriztearen alde akordio bat lortzeko esperantzan. «Gure helburua bizitzak salbatzea da, ez asteak salbatzea», esan zuen Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak. Erkidegoen arteko «dezenteko adostasuna» dago joan-etorrien murriztearen inguruan, haren arabera. Oraingoz, ez dira ados jarri, baina ondoko egunetan espero dute akordioa ixtea.
Labik esango duenaren zain
EAEko Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluaren (Labi) batzorde teknikoa gaur bilduko da izurritearen bilakaera aztertzeko, eta, ondoren, bere proposamena igorriko dio bihar elkartuko den Labiren aholku batzordeari. Aztergai izango dute udalerrien itxiera perimetrala bertan behera uztea, eta probintzia bakoitzaren barruan joan-etorriak baimentzea. Horixe iragarri zuen Jonan Fernandez Labiren batzorde teknikoko koordinatzaileak, Onda Vasca irratian. Azaldu zuen mahai gainean izango dutela udalerrien arteko joan-etorriak mugatzen dituen neurria, eta litekeena dela neurri hori «aldatzea». Nolanahi ere, ohartarazi zuen autonomia erkidegoa geldialdi batean dagoela, eta ez dagoela «abentura askotarako aukerarik» oraindik ere.
Gaineratu zuen «ziurgabetasun handia» dagoela datozen bi edo hiru asteetako bilakaerari dagokionez.
Txertaketaren ingurukoak
Osasun sistemek txertaketa planekin jarraitzen dute. Jaurlaritzak hezkuntzako profesionalei txertoa jartzearen harira, kritika egin zuen atzo Steilas sindikatuak; Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari egotzi dio txertaketa txandak ez betetzea. Halaber, «kontraesanezkoa» deritzo sare publikoko ikastetxeetako langileak Mutualiaren bitartez txertatzeari, eta sare pribatukoak Osakidetzaren bidez.