Hilabeteetako liskarraren ondoren, Seaskak eta Parisek ituna egin dute

Akademia errektoretzak, EEPk eta Seaskak sinatu dute hitzarmena: orotara 19,5 postu berri emango dizkie gobernuak ikastolei eskola sartzerako. Gaitasuna aztertzeko probak egingo dizkiete ikasleei

Peio Jorajuria, Paxkal Indo, Beñat Arrabit eta Olivier Dugrip, atzo, Baionan, hitzarmena izenpetzeko ekitaldian. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Negoziazio sutsuak izan ondoren, akordio batera iristea lortu dute Seaskak, Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Datorren iraileko eskola sartzerako, beste 30 irakasle postu behar dituzte ikastolek, ikasle gehiago izango baitituzte. Horietatik hamar bere gain hartzeko prest azaldu zen Seaska, eta gainerakoak ordaintzeko eskatu zion Parisi. Ordea, akademia errektoretzak hamar postu soilik onartu zituen hasieran. Azkenean, halere, «bilkura luze eta sutsuen» ondotik, hamar horiez gain beste bederatzi postu eta erdi eman ditu —horietatik zazpi eta erdi formakuntzan diren irakasleak izanen dira—. Beraz, ministerioak hemeretzi postu eta erdi hartu ditu bere gain. Itunak hiru urteko balioa du, baina postuek urtebeteko iraupena dute.

Akordioa izenpetzeko, ikasle kopuruan oinarritu dira hiru eragileak. Seaskako ikasleen kopuruak urtero gora egiten du, eta jadanik 4.000 ikasle dira. Jakinarazi dutenez, ikastola berri bat izanen da irailetik goiti Arbona-Ahetzen (Lapurdi). Bestalde, Seaskaren bosgarren kolegioaren proiektua mahai gainean dute. Paxkal Indo Seaskako ordezkariak adierazi du azkenean eskola sartzea baldintza «onetan» egin ahal izanen dutela.

Hiru eragileek nabarmendu dute bakoitzak «indar» egin duela hitzarmena lortzeko. Olivier Dugrip errektoreak hitz onak izan ditu Seaskarentzat: esan du haren eredu pedagogikoak «fruituak» ekarri dituela. Errektorearen hitzak txalotu ditu Indok.

Bi aldeek aitortu dute EEPri esker «berme bat» lortu dutela, eta heldu den urteetarako erronkatzat jarri dute hitzarmena «baldintza lasaiagoetan» egitea. Sinatutako itunean badira ñabardura batzuk. Adibidez, Seaskako ikasleei azterketa bat eginen diete, «gaitasunak» egiaztatzeko; batetik, euskara maila aztertuko dute, eta, bestetik, gainerako ikasgaietako ezagutza, ziurtatzeko gaitasunak lortu dituztela. Frantsesez eginen dute proba hori. «Akordioaren mugak» erakusten ditu horrek, Indoren ustez. Gogoan izatekoa da murgiltze eredua zalantzan ezarri dutela hilabeteotan Frantziako Gobernuko ministro batzuek.

Pausoz pauso

Maiatzean izenpetu behar zuten akordioa, baina prozesua atzeratu egin da. Ezinbertzekoa izan da, errektorearen erranetan: «Postu kopuruak ezin izan ditugu lehenago erabaki, irakaslegaien kopurua ez genekielako oraindik». Indok ohartarazi du «hitza betetzea» dagokiela orain alde guztiei: «Seaskak lerroz lerro beteko du akordioa, baina estatuak ez ditu puntu guztiak errespetatuko, beti bezala». Duda tonuz aritu da Indo: aitortu du Dugripek «indar berezia» egin duela, baina ohartarazi du akordioak «mugak» dituela. «Gure hizkuntza ofiziala ez deino, akordioek hutsuneak izango dituzte, eta horrekin moldatu beharko dugu, helburu nagusia zein den ahaztu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.