Hilabete bateko greba, eta tentsioa

Patxi Ruiz euskal presoak utzi egin du gose greba, 31 egunen ondoren; berak jakinarazi dio Murtzia II-ko espetxeari amaitu duela protesta. Maiatzaren 11z geroztik mobilizazio ugari izan da Euskal Herrian, eta pintaketak ere bai

Patxi Ruiz euskal presoaren aldeko elkarretaratzea, atzo arratsaldean, Bilbon, Etxebarrieta plazan. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Patxi Ruiz euskal presoak gose greba utzi du, 31. egunean. Maiatzaren 11n ekin zion, Murtzia II kartzelan (Espainia), eta, AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak esan izan duenez, aurreneko hamabi egunetan egarri greba ere egin zuen —estatuko espetxe administrazioak gose grebaz baino ez du hitz egin—. Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak atzo eguerdian BERRIAri adierazi zion presoak Murtzia II kartzelari jakinarazi ziola utzi zuela greba. Ruizek azalduko ditu horren arrazoiak. Hilabete bateko greba egin du, beraz, eta aldi honetan mobilizazioa eta tentsioa ere izan dira Euskal Herrian.

Kartzelan COVID-19aren krisia kudeatzen ari diren moduagatik hainbat protesta egin eta funtzionario batzuengandik mehatxuak jaso ostean hasi zuen «borroka politikoa». Handik hamar egunera zabaldu zituen aldarrikapenak, AEMren bitartez; besteak beste, espetxeak bere osasuna bermatzea eta euskal preso guztiak Euskal Herriratzea. Egun berean Murtziako erietxe batera eraman zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren auto baten ondorioz. Proba medikoak egin eta seruma eman ondoren, hurrengo egunean itzuli zuten espetxera, Ruizek berak eskatuta. Geroztik, erizaindegian egon da, koronabirusaren aurkako protokoloa betez. AEMk esan du herenegun eman ziotela alta, eta modulu arrunt batera pasatzekoak direla.

Gose greban izan denetik, haren aldeko mobilizazio ugari izan da Euskal Herrian, eta atzo ere egin zituzten; kasurako, Bilbon: Etxebarrieta plazan, elkarretaratze bat. Espainiako eta Frantziako espetxeetan dauden hogei bat euskal presok, EPPK-ko batzuek barne, itxialdiak egin dituzte edo janariari uko egin diote, eta PCEr-ko eta GRAPOko zenbait preso ere batu da protestara.

Ruizen alde eta amnistia eskatzeko, PSE-EE, Ahal Dugu, Sortu eta, batik bat, EAJren batzokien aurka pintaketak egin dituzte—atzo, Bizkaian lau: Barakaldon, Ugaon, Zornotzan eta Ermuan—. EH Bildu ekintza horien aurka agertu izan da, baina eragile politikoek irmotasun handiagoa eskatu diote. EAJk Sorturi jarrera argitzeko galdegin dio.

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak maiatzaren 31n plazaratutako agiri batean adierazi zuen Murtzia II kartzelan dauden bere kideak saiatu zirela Ruiz laguntzen, baina Euskal Herriko «sektore jakin batek» egoera baliatu nahi izan duela EPPKri, EH Bilduri, Etxerat-i, Sareri eta Sorturi «erasotzeko»: «Oso larria da». Hurrengo egunean erantzun zion AEMk: «erasotzat» hartu zuen EPPKren mezua, «herri mugimenduaren aurkakoa» zela zioen, eta «ahultasun politikoa» iruditu zitzaion bere izena zuzenean aipatu ez izana.

AEMk erantzuna laudatu du

AEMk atzo arratsaldean ohar batean esan zuen Ruiz bizirik egotea «ospatu» egiten duela, eta Murtzia II espetxeko zuzendaritzaren jarrera «hiltzailea» salatu zuen.

31 egun hauetan «Euskal Herriak emandako erantzun irmoaz» balorazio ona egin du, eta kartzeletatik heldutako elkartasuna ezinbestekoa izan dela ere adierazi du. «Herri mobilizazioa ezinbestekoa izan dela Patxiren bizitza babesteko eta haren aldarrikapenei merezi zuten tokiaeskaintzeko. Herri presioari esker Patxi ez da inoiz bakarrik sentitu, eta eskerrak ematen ditugu. Patxi Ruizen borrokak Euskal Herria astindu du, eta, batez ere, kartzelaren gordintasuna agerian uzteko baliagarria izan da». Alderdi politikoen jarrera ere deitoratu du, baina ez du aipatu siglarik.

AEMk dio «borrokak jarraitu» egiten duela, «amnistiaren alde eta Euskal Herria zein bere langileria askatasunera eramango dituen antolakuntzaren alde».

2002an atxilotu zuten Ruiz, ETArekin lotuta. 30 urteko kartzela ezarri zioten, 1998an Tomas Caballero Iruñeko UPNko zinegotzia hil izana egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.