Datuak

Hilabete batean %57 apaldu da Hegoaldeko erietxeetako pazienteen kopurua

Guztira 387 lagun dira COVID-19arekin ospitaleraturik; horietako 130, ZIUetan. Nafarroan ez dute inor erietxeratu, hamar egunean lehenbiziko aldiz.

Ospitaleratze bat Donostia Ospitalean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 25a
14:04
Entzun

Azken asteotako joerari eutsita, koska bat beherago da ospitaleen presioa: birusarekin eri diren 387 pertsona daude Hegoaldeko zentroetan, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Hain zuzen ere, azken bederatzi asteetako kopururik apalena da hori. Are, martxoaren 21etik aitzina zenbatekoa beti izan da 400 kasuren langatik goitikoa; orain arte. Orain hilabeteko egoerarekin alderatuta, bistakoa da apaltzea: %57 paziente gutxiago. Apirilaren 25ean 897 ziren Hego Euskal Herriko ospitaleetan.

Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, gaur egun erietxeratuta direnen 130 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude, bezperan baino 11 gutxiago. Maiatza hasi zenetik, beheranzko joera ia etenik gabekoa da unitate horietan ere; apirilaren 7tik erregistratutako daturik txikiena da. Halaber, osasun sistemek emandako datuen arabera, atzo 40 gaixo erietxeratu zituzten COVID-19agatik. Paziente horiek guztiak Osakidetzaren ardurapeko zentroetara eraman zituzten; izan ere, hamar egunean lehenbiziko aldiz, ez zuten inor ospitaleratu Nafarroan.

Transmisioari dagokionez, atzo 10.684 diagnostiko proba egin ziren birusa atzemateko, eta horien guztien %3,1 izan ziren positibo. Zehazki, 329 kasu detektatu ziren. Horietako 160 Bizkaian atzemandakoak dira; 190, Gipuzkoan; 53, Nafarroan; eta hemeretzi, berriz, Araban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.