Larri zegoen, baina egonkor, joan zen asteko larunbatean Usurbilen (Gipuzkoa) goi tentsioko dorre batera igota elektrokutaturiko 11 urteko haurra. Azkenean, huts multiorganikoa pairatu du, eta hil egin dela zabaldu dute gaur. Gurutzetako erietxean zegoen, Barakaldoko (Bizkaia) ospitaleko Erredura Larrien Unitatean. Ezbeharrean zauritu zen besteak, 15 urteko nerabeak, sendagiria jaso zuen joan zen astean.
Usurbilgo Errota Berri industrialdean gertatu zen ezbeharra. Bi adingabeak familia ospakizun batean ziren, Atxega jatetxean. Jolasean, goi tentsioko dorrera igo ziren. Erreskate taldeek ordubete behar izan zuten haurra dorretik jaisteko. Izan ere, ziurtatu behar izan zuten argindarra etenda zegoela, segurtasunez aritu ahal izateko.
Iberdrola da dorrearen jabea, baina ohar baten bidez aste honetan adierazi du dorrearen euskarria jabego pribatuko lurretan dagoela, eta horren jabeak duela ardura segurtasun neurriak hartzeko.
Gertatutakoa argitzeko eskatu zuen Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak; besteak beste, dorreak segurtasun neurri guztiak betetzen ote dituen.
Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen, eta adierazi emaitzak Usurbilgo Udalari jakinaraziko zizkiola.