Hil egin da patinete elektriko batek Barakaldon harrapatutako 76 urteko gizonezkoa

Harrapaketa otsailaren 20an jazo zen, Barakaldon (Bizkaia). Patinetearen gidariak espaloian zebilen gizon bat harrapatu zuen, eta, lurrean utzita, ihes egin zuen. Klabikula bat eta lau saihets-hezur hautsi zitzaizkion gizonari, eta martxoaren 4an hil zen.

Bartzelonan patinete elektrikoan doan pertsona baten artxiboko irudia. ENRIC FONTCUBERTA/EFE
Bartzelonan patinete elektrikoan doan pertsona baten artxiboko irudia. ENRIC FONTCUBERTA/EFE
kristina martin
2025eko martxoaren 11
10:29
Entzun 00:00:0000:00:00

Patinete elektriko batek harrapatutako 76 urteko gizonezko bat hil zen martxoaren 4an, ezbeharra izan eta 11 egun geroago. El Correo egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzeta auzoan jazo zen harrapaketa, otsailaren 20an. Patinete elektriko batean zihoan gazte batek espaloian ibiltzen ari zen gizona harrapatu, eta, lurrean utzita, ihes egin zuen.

Ertzaintza gertaera ikertzen ari da, zuhurtziagabekeriazko hilketa gisa. Egilea nor den ez dakite, eta hura identifikatzen laguntzeko informazioaren bila ari dira.

Egun hartako goizean, gizona paseatzen ari zen, egunero egin ohi zuen legez. Etxera bueltan zela, 13:00ak aldera, Beteluribidea kaleko aldapan gora oinez zihoala, espaloitik zebilen patinete elektriko batek harrapatu zuen. Bizilagun batek gizona lurrean ikusi zuen, eta, lekukoaren esanetan, gazteak kirol jertse granate bat zeraman, eta txanoa buruan. Lekukoak Ertzaintzari jakinarazi zionez, gizona harrapatu ostean, gazteak «zahar nazkagarria!» esan zuen. Lekukoak gazteari galdetu zionean ea gizonari laguntzeko asmorik ez ote zuen, zera erantzun zion: «Hilko balitz ere ez dit axola».

Bi bizilagunek ikusi zuten gizona lurrean zegoela, eta laguntzera gerturatu ziren. Gizona zutik paratzea lortu zuen, eta horma baten kontra jarri zen. Hasieran ez zion anbulantziari deitu nahi izan, baina gorputzaren albo batean min handia sumatzen hasi zenez, Gurutzetako ospitalera joatea erabaki zuen. Bi bizilagunek lagundu zioten larrialdietako zerbitzuetara joaten. Diagnostikoa eman zioten: klabikula bat eta lau saihets hezur hautsita. Gaua ospitalean igaro ostean, sendagiria eman zioten. Etxean zegoela okerrera egiten zuela ikusita, senideek ospitalera eraman zuten. Infekzio batentzako tratamendua eman zioten, baina martxoaren 4ko goizaldean hil egin zen, septizemia baten ondorioz.

Araudiaren inguruan nahasmendu handia dago, ez dagoelako araudi orokorrik. 2021ean, Espainiako DGTk (Trafikoko Zuzendaritza Nagusia) oinarrizko betebeharrak ezarri zituen, baina udalei aukera ematen die ordenantza baten bidez garatzeko. Udal gehienek, ostera, ez dute aukera hori baliatu. Barakaldoko Udalak ere ez. Edonola ere, DGTk espaloietan eta oinezko bideetan ibiltzeko debekua ezartzen du, eta, abiadurari dagokionez, orduko 25 kilometro da patinete elektrikoek har dezaketen gehienezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.