Igande arratsaldean Gasteizen lapurreta batean larri zauritutako emakumea hil egin zen atzo, Santiago ospitaleko zaintza intentsiboetako unitatean. 75 urte zituen.Bere etxeko atarian egin zioten eraso bi gaztek; Ertzaintzak laguntza eskatu die herritarrei, kasua argitu ahal izateko. Gasteizko Udalak gaitzespen elkarretaratze batera deitu du gaur, 12:45ean, Urrezko Zeledoien plazan.
Aranbizkarra auzoan gertatu zen erasoa. Ertzaintzaren arabera, bi gazte emakumearekin batera sartu ziren haren etxeko atarian, eta jarraian igogailuan. Barruan zeudenean, jo egin zuten, eta lapurretan egin zioten. Erasotzaileek ihes egin zuten, eta eskaileretan utzi zuten biktimaren poltsa. Andrearen oihuak entzutean, larrialdi zerbitzuetara deitu zuten bizilagunek. Santiago ospitalean izan da ia bi egunez, oso larri, atzo goizean zendu zen arte.
Gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza; oraingoz, ez du inor atxilotu, eta laguntza eskatu die balizko lekukoei. Udalak, berriz, «elkartasuna eta babesa» adierazi die andrearen senideei.
Hil egin da igandean Gasteizen lapurreta batean zauritutako andrea
Etxeko atarian eraso egin zioten bi gaztek. Lekukoen laguntza eskatu du Ertzaintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu