Gizonezko bat hil egin da gaur, herenegun Angelun (Lapurdi) liskar batean egindako zaurien ondorioz. Hildakoak 55 urte zituen, kalean bizi zen, eta gurpil aulkian ibiltzen zen. Liskarrean parte hartu zuen beste etxegabe bat atxiloturik dago.
Liskarra asteazkenean izan zen, Angeluko Leclerc supermerkatuko aparkalekuan. 17:40an, Poliziak dei bat jaso zuen, bi gizon xextran ari zirelako. Aparkalekura iritsi zirenean, gizonezko bat topatu zuten ukabilak odoleztatuta, eta beste bat lurrean etzanda, zauriturik, gurpil aulki baten ondoan. Zauritua erietxera eraman zuten, larri, eta gaur zendu da zaurien ondorioz.