Fiskaltzak gaur goizean jakinarazi du borroka baten ondotik larri ospitaleratu zuten 58 urteko gizona hil egin dela. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak adierazi du gizon bat behin-behineko atxiloaldian hartu dutela. Inkesta egiten segitzen dute, gertakarien nondik norakoak argitzeko, eta hilketagatik akusaziopean ezarri dute atxiloturiko gizona, 39 urtekoa. Segidan, Pirinio Atlantikoko prefeturak helarazi du bere erreakzioa: uztailaren 11ko gertakaria bestez «apartekoa» izan dela azpimarratu du, baita «errespetua» beharrezkoa dela ere, Baionako bestak bezalako ekitaldi handiak «ahalik eta hobekien» iragan daitezen.
Hilaren 12an prefeturak jakinarazi zuen borroka baten ondotik gizon bat larriki zauriturik eraman zutela ospitalera. Gertakaria Euskaldunen plazako autobus geltokian izan zen. Joan den ebiakoitzean, Bourrier prokuradoreak eta Karim Fillalik Baionako polizia judizialeko buruak prentsaurrekoa egin zuten eta, erailketa saiakeragatik inkesta ireki zuten. «Fermuki» kondenatu zuten iraganiko ekintza bortitza, eta Poliziaren esku utzi gertakariaren nondik norakoak argitzea, eta «behar bezalako» zigorra ematea gertaturikoari.
Bortizkeria kasuak
Baionako bestetako bortizkeria auzitan da. Iaz, Patrice Lanies hil zuten, 46 urteko herritar bat, pixa egiten ari ziren gazte batzuei kargu hartu zienean. Aurtego besten balorazio ofizialaren prentsaurrekoan, Bourrier prokuradoreak besten «alde iluna» mahai gaineratu zuen. Bortizkeria kasuak izan dira aurten ere: hemezortzi bortizkeria kasu «larri» zenbatu ditu prefeturak.
Horietarik bat da ebiakoitzetik igandera San Andres plazan zafratu zuten Elodie Lasseguetteren kasua. Salaketa pausatu du, eta inkesta ireki dute erasotzaileak atzemateko. Berriari kontatu zion bizitakoa. Lagunekin San Andres plazako beste aldera buruz zihoala, gizon bat ikusi zuen lurrean, eta bertze batzuk haren jotzen, berriz jotzen. Lurrean zegoena ez zen mugitzen. «Usaian ez naiz geratzen, ene bidea segitzen dut, baina ez zen borroka bat: hil arte ari ziren haren jotzen». Ttanttarekin zen Lasseguette, eta biek erreakzio bera ukan zutela azaldu zuen: «Joan behar genuen, eta erran gelditzeko, hilko zutela. Gero, deus ez, ez naiz oroitzen». Bideoen laguntzaz ulertu du orduan eman ziotela aurpegian ukan zuen zafraldia. «Lurrean egon naiz hamabost bat minutuz, konorterik gabe. Ttantta gibelera bultzatu dute, eta ukondoa hautsi du erortzean»