Udako seriea. Zahar eta... (I)

Hil arte sortu

Zahartzaroa pausatzeko denbora anitz ukaiteko aroa da batzuentzat. Bertze batzuk, aldiz, zahartzaroa aktiboki pasatzeko ahaleginetan ibiltzen dira: zahar eta sortzaile izatearen alde onak eta gizartearen begirada aipatu dituzte.

Auxtin Zamora, Itziar Aizpuru, Jean Louis Davant eta Arantxa Urretabizkaia. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2024ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

«Ama, adin bakoitzak bere zaletasunak dauzka», holaxe erran zion Martinek (Jose Ramon Soroiz) amari, Mari Korori (Itziar Aizpuru) ETB1eko Martin telesailean, Mari Koro marihuana zigarreta bat prestatu nahian ibilki zelarik sukaldean barna. Horixe bera inposatzen du gizarteak: izateko manera, eginbehar eta zaletasun jakin batzuk lotzen zaizkio adin edo bizi aro bakoitzari. Oro har, gizartean dikotomia orokor bat onartua da: gazteak eta gaztetasuna onak dira; zahartzaroa, aldiz, txarra. Ondorioz, behin erretiraturik, zaharrak pausatu behar du; bertzerik ez. Erreportaje honetako lau protagonistek, baina, gizarteko presio horri kontra egitea erabaki zuten. Zaharra izateaz, sortzeaz eta esperientziak sorkuntzari ematen dionaz aritu dira Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetaria, Jean Louis Davant historialari eta idazlea, Auxtin Zamora poeta eta zizelkaria, eta Itziar Aizpuru aktorea.

Zaila izanik ere definitzea zer den zaharra izatea, Urretabizkaiak dio zahar hitza bera tabu dela. Haren aburuz, adinekoak, hirugarren adina eta iduriko hitzak zabaldu dira gizartean, baina argi utzi du: «Haurtzaroan dagoena haurra da; nerabezaroan dagoena, nerabea; gaztaroan dagoena, gaztea, eta, zahartzaroan dagoena, berriz, zaharra». Davanti ere ontsa zaio zahar hitza egokitzen zaion adina adierazteko, nahiz eta zahartzaroa urteko azken sasoiari, hots, neguari konparatu: «Zaharra naiz: egia hutsa da, eta kito!».

Aldiz, «halabeharti eta fatalista» gisa dauka bere burua Auxtin Zamorak. Harentzat, zaila da zahar izatearen ezaugarriak hautematea: «Oraino ez dut nire biziaren definiziorik aurkitu, zahartzearena oraino gutiago. Datorrena datorrela. Nehork ez dit erran sortu behar nuela, eta nehork ere ez nola desagertuko naizen». Baina, segurtatu duenez, dudarik ez du aktibo izateak zahartzea gibelatzen duela, eta osagarria badueno ez dela zahartzerik izanen.

Gizarteko presioak

Zaharra, aktiboa eta sortzailea izateak ez ditu alde onak bakarrik. Presio anitz aipatu ditu Urretabizkaiak, gizarteak eraginikoak batik bat: «Zaharrok gizartetik aparte nahi gaituzte. Horregatik esaten ditugu 'gure garaian' eta horrelako gauzak. Orain aukeratu dezakegu nola zahartu. Lehen, tokatzen zitzaigun txapa ematea. Nik ez dut ezer horrelako zaharren kontra, baina sentitu nahi dut gizartearen parte naizela». Familian usu ohar franko izaten dituzte, batez ere oraino lanean dabiltzan adinekoek. Errate baterako, Aizpuru EITBra joan zelarik Goenkale-n aurkezteko, haren gertukoek erran zioten castingetara joatea gazteek egiten zuten zerbait zela. Hala ere, Doloresen rola lorturik abiatu zuen Goenkale-ko abentura.

«Zaharra naiz: egia hutsa da, eta kito!»JEAN LOUIS DAVANTHistorialaria eta idazlea

Hainbatek adinari egozten diote ezintasun fisikoa. Aizpururen hitzetan, jendeak mugak ezartzen dizkio gaitasunari, adinaren aitzakia ekarririk. Adin batetik aitzina ez da pentsatu behar adinagatik ez dela gai gauza baten egiteko, urteen zenbakiak aparte utzi behar dira, aktorearen arabera. Urretabizkaia bat dator: «Jende askok esaten du: 'Nik adin honekin ezin dut hori egin'. Ez da hori. Esan behar da: 'Nik ezin dut edo ez dut nahi'; baina zer konstituziotan idatzia dago ezin dela zerbait egin adina duzulako!».

«Jende askok esaten du: 'Nik adin honekin ezin dut hau egin'. Ez da hori. Esan behar da: 'Nik ezin dut edo ez dut nahi';  baina zer konstituziotan idatzia dago ezin dela zerbait egin adina duzulako!»ARANTXA URRETABIZKAIAIdazlea

Non gogoa, han zangoa. Transgresioa izan daiteke presio horien aurka egiteko tresnetarik bat. Lanean «asko» gozatzen duela ez ezik, Aizpuruk hau ere onartu du: Argentinara El Vasco filma grabatzera joateko, gezurra erran zien seme-alabei. COVID 19aren pandemia zela eta, hegazkinetako lekuak anitz murriztu omen zituzten, eta ezin izan zen Joseba Usabiagarekin joan. Deus ez erratea eta bakarrik joatea erabaki zuen: «Etxean ez nuen ezer esan, banekien-eta bestela norbait etorriko zela nirekin. Baina begira, hegazkinak berdin-berdin eraman nau eta!».

Pauso bat aitzina

Baditu alde onak ere zahar eta sortzaile izateak. Behin adinean aitzina joanik, atsedena hartu beharraren «ideologia alfer» horren kontra joan da Davant, erretreta hartu ondotik lan anitz egin baititu, gehienak gogotik, lehen zuen ofizioak ez ziolako denborarik uzten egin nahi zituenak gauzatzeko. Zamoraren arabera, zerbait sortzeak haren «egoa» akuilatzen du. Gauza bat sortu orduko prozesua bururaino eramateko eginbeharra azpimarratu du artistak: «Mugimendurik gabe, ez da sortzerik. Sortze batek ekartzen duen dinamika ezin da gelditu, bururaino joan behar da».

Gaztarotik landa, dena ez da galbidea hil arte. Adinarekin norberaren filtroak galtzeak badu bere garrantzia sorkuntzan. Batik bat, beldurrak joaten direla aipatu du Davantek. Haren ustez, herioaz, buruaren galtzeaz eta minaz izutua izateaz gain, erran beharreko guzia erratea ezin da geroko utzi. «Zakua hor deno, dena hustu behar», beraz.

«Mugimendurik gabe, ez da sortzerik. Sortze batek ekartzen duen dinamika ezin da gelditu, bururaino joan behar da»AUXTIN ZAMORAPoeta eta zizelkaria

Urretabizkaiak, berriz, adierazi du gaztaroan «gogorrak» izanikoak nolabait «goxatu» egiten direla zahartzen direlarik. Bere begietarik ikusi zuen gazte garaian gizon batzuk lotsatzen zirela seme-alaben haur orga eramateagatik. Gaur egun, baina, gizon horiek biloben orga daramate karrikan.

Zahartzeak badu esperientziatik ere. Urretabizkaiaren aburuz, zahartzen direlarik, mendi bat igotzen dute jendeek. Akigarri izanik ere, behin kaskoan, guziaren bista hobea da, esplikatu duenez. Zamoraren ustez, bista panoramiko horrekin bizi izaniko guzia, hots, metaturiko esperientzia «datu base kolektibo» batean sartzen da. Halere, agerian eman du artistak ez lukeela beti esperientziatik edan behar, baizik eta bat-batekoari lotu behar dela ahalik eta gehienetan: «Esperientzia ahantzi behar dugu batzuetan. Sortzen den segundoa, segundo berean itzaltzen da. Esperientziak dakar errepikatzearen erraztasuna eta, errepikapenak azken finean kopiaketa batzuk baizik ez dira». Davant, bertzalde, harturiko esperientzia guzia transmititzeaz arduratzen da: «Ikasia partekatzen dut ahal oroz ene itzulian, ahoz eta lumaz, irrati eta kazeten bitartez».

«Orain makilarekin ibiltzen naiz, baina joan banaiteke, joango naiz; makila niri laguntzeko dago. Hori eduki edo ez, berdin-berdin joango naiz»ITZIAR AIZPURUAktorea

Edozein dela bizi esperientzia, aitzina behatzea eta momentukoa bizitzea litzateke, lau sortzaile hauentzat, gako nagusietarik bat. Aizpuruk esplikatu duenez, proiektu baten zain dago: «Orain makilarekin ibiltzen naiz, baina joan banaiteke, joango naiz; makila niri laguntzeko dago. Hori eduki edo ez, berdin-berdin joango naiz». Obra luzeei uko egin die Davantek, baina onartu du bertsotan kantatzeko antzerki bat idatzi duela Maurice Ravel musikariari buruz: «Pastorala baino laburragoa eta libreagoa». Gazte batek baino gauza gehiago ikusirik eta ikasirik, Urretabizkaiari ez zaio gustatzen gibelera behatzea: ez egunerokoan, ezta literaturan ere. Nahiz eta Euskadi saria Azken etxea nobelarekin irabazi, baieztatu du ez dela azkena izanen: «Jarraitzeko asmoa dut nik orain. Beste berrogei urte gehiegi iruditzen zait, baina segituko dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.