Urteko batzar nagusia egin du gaur UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Zarautzen izan da, Gipuzkoan. Lehengo hilean euskara larrialdi egoeran dagoela ohartarazteko adierazpena plazaratu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak, larrialditik indarraldirako bidea egiteko mezua zabaldu zuen orain aste bi, eta heldu den hilabeteetan ohartarazpen horren gainean lanean jarduteko asmoa dutela adierazi dute gaur UEMAko ordezkariek. «Euskara larrialdi linguistikotik ateratzeko, ezinbestekoak dira euskararen aldeko neurriak», gogoratu du mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik. «Horregatik, euskarak behar duen olatu berria sortzeko erantzukizuna eta konpromisoa berretsi ditu gaur UEMAk 2025erako egitasmoak onartuta».
Inoiz baino handiagoa izango da mankomunitatea hemendik aurrera. Mankomunitatera gehitzeko Aranok eta Lekunberrik egindako eskeak onartu dituzte gaur biltzarrean, eta 113 udal dira orain mankomunitateko kide. 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Ezinbestekoa da, ordea, eremu horien trinkotasunari erreparatzen jarraitzea. Hain justu ere, hizkuntza larrialdiaren ohartarazpena zabaltzeko motiboetako bat izan da ahultzen ari direla eremurik euskaldunenak.
Aspalditxokoak dira atzeraldi zantzuak, eta iaz, VII. Inkesta Soziolinguistikoak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuen interpretazioan berretsi egin zuen eremu horietan, euskaldunenetan, joera ez dela ona. Laugarren gune soziolinguistikoan, herritarren %80 baino gehiago euskaldunak diren horietan, hain justu ere, gero eta gutxiago erabiltzen da euskara. Datuen eboluzioa begiratzea aski da atzerako joera ikusteko: euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen zuten 1991n %88k; 2001ean %81 ziren; 2011n, %80; eta 2021ean, %78,5.
Horiek horrela, UEMAk eragile izan behar duela gogoratu du gaur Aramendik. «Erakunde publikoei eredu izatea dagokigu, eta euskarak behar duen olatu berri horretan ezin dugu ikusle hutsak izan. Lehen lerroan egoteko eta erakunde publiko handiagoetan eragiteko konpromiso sendoa daukagu UEMAko kide garen udalek». Konbentzimendu erabatekoa dute: arnasguneen berebiziko garrantzia dute euskararen biziberritzean, eta horren aldeko aldarrikapena egingo dute. Bide horretan, heldu den urtean arnasguneei buruzko nazioarteko lehen topaketa egiteko asmoa dutela jakinarazi dute.
Beste xedeetako bat izango da Ipar Euskal Herrira begira ere jardutea. Hitzarmena sinatu dute aurten Plazara elkartearekin, eta laster Iparraldeko zenbait herriko etxerekin lankidetzak hasiko ditu UEMAk.
Artaz erreparatu nahi diote ikus-entzunezkoen eremuari ere. Eta bidea abiatua dute horretarako: aurten hitzarmen bat izenpetu dute EITBrekin UEMAko udaletan Primeran plataformako eduki jakin batzuk areto publikoetan eskaintzeko.