Hik Hasik 31 ikastaro eskainiko ditu udako topaketa pedagogikoetan

Uztailaren 4an, 5ean eta 6an egingo dituzte, Donostian. Ikastaro bat nabarmendu dute, LHn eraldaketa bideratzeko emango dutena

Udako jardunaldi pedagogikoen aurkezpena, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lere
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Urtero legez, aurten ere udako topaketa pedagogikoak antolatu ditu Hik Hasik, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin elkarlanean. Atzo eman zuten xehetasunen berri, fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formakuntza arduradun Mikel Agirrezabalak, Donostian. Datak zehaztu zituzten: uztailaren 4a, 5a eta 6a. Baita lekua ere: EHUren Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatea. Jada zabalik dago eskainiko dituzten 31 ikastaroetan izena emateko aukera.

Aukera zabala ondu du Hik Hasik. Orotara, 31 izango dira, Agirrezabalaren esanetan, den-denak «interesgarriak eta gaitegian aberatsak»: «Haur Hezkuntzatik Batxilergora, hezkuntza etapa guztietako hezitzaileentzat interesgarria den eskaintza osatu dugu». Gai andana landuko dituzte: dislexia, heriotza, Montessori pedagogia, artea, mugak...

Ikastaro guztien artean bat nabarmendu du Agirrezabalak: Lehen Hezkuntza eraldatzen izeneko ikastaroa: «Badator berrikuntza pedagogikoa Lehen Hezkuntzara, ikastetxeak ari dira eraldatzen, eta gure aletxoa jarri nahi dugu hobekuntza horretan». Egitarau zabala eskainiko dute. Besteak beste, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Birginia Pozo Berritzegune Nagusiko ordezkaria, Hik Hasiko kide eta Ikastolen Elkarteko Matematika arloan sorkuntzan dabilen Aritz Larreta eta Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako Curriculumaren arduradun Amaia Artolazabal izango dira hizlari. Gainera, aukera izango dute Kataluniako El Martinet ikastetxearen esperientzia ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.