Hezkuntza

Hik Hasik 31 ikastaro antolatu ditu udako topaketa pedagogikoetarako

Ikastaroak uztailearen 4an, 5ean eta 6an egingo dituzte, EHUk Donostian daukan campusean. Bereziki ikastaro bat nabarmendu dute, Lehen Hezkuntzan eraldaketa bideratzeko eskainiko dutena. Interesa dutenek jada izena eman dezakete.

Hik Hasiren udako topaketa pedagogikoen aurkezpena, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 17a
13:33
Entzun

Aurtengo udarako ere udako topaketa pedagogikoak antolatu ditu Hik Hasik, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin elkarlanean. Gaur eman dute xehetasunen berri, fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel Agirrezabalak Donostian egin duten prentsaurrekoan. Datak zehaztu dituzte: uztailaren 4an, 5ean eta 6an. Baita lekua ere: EHUk Donostian daukan Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatea. Jada zabalik dago eskainiko dituzten 31 ikastaroetan izena emateko aukera.

Aukera zabala ondu du Hik Hasik. Orotara, 31 izango dira, Agirrezabalaren esanetan, den-denak «interesgarriak eta gaitegian aberatsak»: «Haur Hezkuntzatik Batxilergora, hezkuntza etapa guztietako hezitzaileentzat interesgarria den eskaintza osatu dugu». Gai andana landuko dituzte: dislexia, heriotza, Montessori pedagogia, artea, mugen gaia, natura... Hauxe helburua: «Topaketa hauek hezitzaileen elkargune izango dira. Udako Topaketek helburu hori dute: Euskal Herriko herrialde ugaritako hezitzaileak elkar aberastuaz ezagutu eta formatzea».

Ikastaro guztien artean bat nabarmendu du Agirrezabalak, EHUrekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin antolatutakoa: Lehen Hezkuntza eraldatzen izeneko ikastaroa: «Badator berrikuntza pedagogikoa Lehen Hezkuntzara, ikastetxeak ari dira eraldatzen, eta gure aletxoa jarri nahi dugu hobekuntza horretan». Haren esanetan, ikastetxeetatik esan diete gaia lantzeko premia dutela, eta, hortaz, egitarau zabala eskainiko diete joaten direnei. Besteak beste, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Birgina Pozo Berritzegune Nagusiko ordezkaria, Hik Hasiko kide eta Ikastolen Elkarteko Matematika arloan sorkuntzan dabilen Aritz Larreta eta Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako Curriculumaren arduradun Amaia Artolazabal izango dira hizlari. Gainera, aukera izango dute Kataluniako El Martinet ikastetxearen esperientzia ezagutzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.