Higaduratik jauzirako bideaz: estatus berri baten beharraz hausnartuko dute Gasteizen

Telesforo Monzon Laborategiak antolatuta egingo dute astelehenean ‘Autogobernuaren higadura. Eredu berri baten beharra’ jardunaldia. Hizlarien artean izango dira Rafa Larreina, Mario Zubiaga, Zelai Nikolas eta Iñigo Urrutia.

Zelai Nikolas eta Iñigo Urrutia, Telesforo Monzon Laborategiak antolatutako beste jardunaldi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Zelai Nikolas eta Iñigo Urrutia, Telesforo Monzon Laborategiak antolatutako beste jardunaldi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

Eztabaida politikoaren erdi-erdian dago estatutu berriarena. 45 urte dira aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek Gernikako Estatutua onartu zutela, eta hura berritzeko abagunea aldarrikatu dute alderdi abertzaleek, eta, bide batez, horrekin batera estatus berri baterako jauzia ematekoa. Testuinguru horri lotuta, jardunaldi bat antolatu du Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak, gaia agendara ekartzeko asmoz.

Autogobernuaren higadura. Eredu berri baten beharra lelopean garatuko da topaketa. Astelehenean izango da saioa, 10:00etatik 13:00etara, Gasteizko Hibridalab eraikinean, eta zenbait solasaldi izango dira. Izenburuak berak dioen moduan, abiapuntua argia da: lau hamarkada eta erdi indarrean daramatzan estatutua «higatuta» dago, eta hura berritzeko garaia da.

Diagnostiko horren inguruan arituko dira lehen zatian, hain zuzen, Rafa Larreina eta Mario Zubiaga. EAko parlamentari eta Madrilgo Kongresuko diputatu izandakoak eta EHUko irakasle eta EH Bilduren senataria denak higaduraren arrazoi politikoak eta juridikoak aztertuko dituzte, Zubiagak berak BERRIAri azaldu dionez: «Ibilbide historikoaren azalpena izango da, batez ere. 1979tik gaur arte estatutuaren eta autogobernuaren higatze edo huste prozesua eragin duten une esanguratsuenak zeintzuk izan diren azalduko dugu». 

Arlo juridikoan egingo du azpimarra Zelai Nikolas legelariak ere bere hitzaldian. Espainiako Estatuak autogobernua degradatzeko erabilitako «teknikak edo bitartekoak» zeintzuk izan diren azalduko du. Askotarikoak izan baitira, Zubiagak aurreratu duenez: «Oinarri-legeak, eskumen horizontalak edo transbertsalak, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak...». 

«Gizarteak ere aintzat hartu behar du zein garrantzitsua den orain autogobernuan jauzi bat ematea»

MARIO ZUBIAGAEHUko irakaslea eta senataria

Saioaren bigarren zatian, ostera, aurrera begira jarriko dira, eta estatus berri baterako oinarriak zehaztuko dituzte. Iñigo Urrutia arduratuko da horiek aletzeaz. Legelaria eta EHUko irakaslea da Urrutia, eta, 2016-2020 legealdian, estatutu berria idazteko Eusko Legebiltzarrean osatu zen aditu taldeko kideetako bat izan zen. EH Bilduk izendatuta jardun zuen berak. Eredu berri baterako gakoak: Kontzertu Politikoa izeneko hitzaldia eskainiko du, eta, hain zuzen ere, EH Bilduk proposatutako testu egituratuaren «gako nagusiak» aurkeztuko ditu. 

Eztabaida gizarteratu

Zubiagak azaldu duenez, Gernikako Estatutuak eta autogobernuk izan duten bilakaeraz hausnarketa egitea da jardunaldiaren helburu nagusia: «Autogobernuaren kontzeptua berritzeko eta birpentsatzeko garaia da, eta ez horrenbeste estatutua osatzearena edo eskumen berriak hartuta zabaltzearena. Benetako estatus berri bat behar dugu, Estatuarekin harremana beste modu batean bideratzeko».

Bada, eztabaida gizartera zabaltzeko abagunea baliatzearen garrantzia azpimarratu du, gaia soilik alderdien gain gera ez dadin: «Euskara, etxebizitza, politika energetikoa... Askotan ez ditugu lotzen guretzat garrantzitsuak diren gaiak autogobernu sendo bat izatearekin, baina gizarteak ere aintzat hartu behar du zein garrantzitsua den orain autogobernuan jauzi bat ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.