Higa: hizkuntza minorizatuetako gazteen lantegia

Higa Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketak mundu osoko gazteak batzen ditu. Bosgarrengoz egingo dute aurtengo uztailean; ohi denez, Gasteizen. Antolakuntzako kide dira Badosa katalana eta Garcia de Bikuña euskalduna. Buru-belarri ari dira.

Oskar Garcia de Bikuña eta Albert Badosa Gasteizko Alde Zaharrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Oskar Garcia de Bikuña eta Albert Badosa Gasteizko Alde Zaharrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2025eko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Higa! 2025 izena jarri diote aurtengoari. Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa da, Gasteizko Udalaren eta Higa elkartearen arteko elkarlanaren emaitza, eta bosgarren aldiz egingo dute aurten: uztailaren 14tik 18ra izango da, eta, beti egin izan den eran, Gasteizen. Izena emateko epea amaitzear da atzerritik helduko diren partaideentzat; ostiral honetan bukatuko da, zehazki. Hiztun komunitate askotako kideek jo dute jada topaketan parte hartzeko atea, antolaketa taldeko koordinatzaile Albert Badosak eta Oskar Garcia de Bikuñak azaldu dutenez. Biak ere gazteak dira oraindik, topaketetan parte hartzeko jarria duten 35 urteren langatik beherakoak, hizkuntza minorizatuetako hiztunak, eta arlo horretan dauden askotariko egoeren erakusgarri dira bien ibilbideak.

Katalana da Badosa, Bartzelonakoa, 1994an sortua. Hizkuntzalaria da ikasketaz, eta hizkuntza minorizatuekiko interesa eta atxikimendua oso gaztetandik zuztartuta dauzka pentsamenduan eta jardunean; doktore tesia ere ikerketa eremu horri buruz egiten ari da. Garcia de Bikuñak (Egileta, Araba, 1996) giro «oso erdaldunean» egin zituen haurtzaroa eta gaztaroaren hasieran, gaiaren gaineko kontzientziarik gabe; unibertsitateko azken urteetan hasi zen jabetzen euskararen garrantziaz, orduan hasi zen hizkuntza «ganoraz» ikasten, eta huraxe izan zuen euskararen aldeko «militantziaren» abiaburua.

«Topaketaren helburu nagusia da hizkuntza minorizatuen arteko sare bat sortzea», nabarmendu du Badosak. «Arrakasta izan duten esperientzien berri zabaltzeko, eta bestelakoen berri ere bai». Higa trebakuntza eremu izatea ere nahi dute, elkarrengandik ikasteko foro bat izatea, eta, alde horretatik, formalki ere badu lotura unibertsitatearekin: EHUren Udako Ikastaroen barruan egiten da topaketa. 2011. urtean egin zuten lehengo aldiz, eta azken-aurrekoa 2023an egin zuten. 55 hizkuntza minorizatutako ordezkariak izan ziren orduan Gasteizen, 75 parte hartzaile inguru. Higa hiztun minorizatuen abaro izatea ere bada asmoetako bat. «Esparru seguru bat» sortu nahi izaten dute «hizkuntza horietan libre hitz egin ahal izateko». Egun «trinkoak» izaten direla azaldu dute bi solaskideek, eta «bakoitzak beretik» ematea nahi dutela.

«Terapia» ere bada

Xede horrek berebiziko garrantzia duela nabarmendu du Garcia de Bikuñak. «Terapia beharra dugu; ez da erraza hizkuntza gutxitu bateko hiztuna izatea». Eta antzeko egoeretan daudenen lekukotasunak aditzeak aparteko zentzua du halakoetan, bizipen asko denen bizitzen parte direlako. «Mundu osoko hizkuntza gutxituetako hiztunek arazo berdintsuak dituzte. Beraz, balio erantsia du elkarrekin egoteko halako guneak sortzeak, hitz egiteko, egoerak erkatzeko, elkarri laguntzeko». Topaketan, besteak beste, estrategia «esportagarrien» berri izaten dute gazteek, eta aztergai izaten dute bakoitzak bere komunitatera nola eraman. Indarrak «metatzen» hasteko egunak ere izaten dira.

«Hemen sortutako kontaktuen, harremanen eta saretzearen bitartez, proiektuak abiatzen dira, eta horixe da politena»

OSKAR GARCIA DE BIKUÑA Higako antolaketa taldeko koordinatzailea

Eta ez dira hitz hutsak. Gertatu egiten da. «Hemen sortutako kontaktuen, harremanen eta saretzearen bitartez, proiektuak abiatzen dira, eta horixe da politena; mugak gainditzen ditugu, eta elkarri laguntza eman», azaldu du Garcia de Bikuñak. Horren erakusgarri, adibide bat nabarmendu nahi izan du Badosak. «Higa Alumni izeneko ekinbidea Higako partaide ohiek antolatu zuten, gure parte hartzerik gabe. Online antolatu zuten, beren kasa. Elkarri esperientziak kontatzeko izan zen, eta oso ondo atera zen». Mundu osoko gazteak batu zituen egitasmo horrek ere, eta hiru ordutegitan egin behar izan zuten horregatik: Pazifikokoan, Afrikakoan eta Amerikakoan. «Oso harro gaude partaideez. Ekinbide oso interesgarriak ateratzen dira».

Sorkuntzaren, intersekzionalitatearen eta teknologia berrien inguruan ardaztuko dute aurten egitaraua. Gainera, hizkuntza gutxituen aldeko neurri zehatzak sustatze aldera, gazteei lagundu egingo zaie hainbat proiektu abiarazteko bekak eskuratzeko bidean; ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sarearen babesa izango dute horretarako.

Izena emanda daudenen artean, «denetariko» partaideak daudela azaldu du Garcia de Bikuñak. «Bereziki indartsu gaude Latinoamerikan», erantsi du. Akademiaren munduko jendea erakartzen dute. Militantziaren arlokoa ere bai. Biak «orekatzen» ahalegintzen dira. «Biek balio digute, eta biak nahi ditugu gurean». Edade tartea ere aski zabala da, 18 urtetatik 35era bitartekoa, eta Badosak nabarmendu du garrantzitsua dela tarte horren barruan soslai askotako partaideak izatea. Gazteenen suak eta edadekoenen esperientziak, biek elikatzen dute Higa. «Partaide gazteenak aritzen dira aurrera egiteko tiraka, batez ere, 20 urteren bueltakoak; 30 urteren bueltakoek trinkotuagoak izaten dituzte proiektuak, eta beren esperientziaren berri eman dezakete. Oso ondo dago hori». 

Eskuin muturra harrotuta dabil munduko bazter askotan, mezu atzerakoiak ozentzen ari dira, gutxiengoen aurkakoak askotan, eta, beraz, kezka pizten ari da, ikusita, besteak besteak, olatu hori zabaltzen ari dela gazteen artean. Hizkuntza minorizatuen defentsan ari direnen artean, ordea, bestelako mezuak barneratutako gazteak dira gehienak, Badosak esplikatu duenez. «Higa burbuila antzeko bat da; erregresio hori ez da hain agerikoa, nire ustez». Adierazi duenez, eragile «aurrerakoiek» jotzen dute gehienetan Higako atea: «Esanguratsua da».

Izen emateak

Hirurehun izen emate baino gehiago izan zituzten aurreko aldian, eta espero dute aurten ere kopuru hori gainditzea. Lurralde urrunetako eskariak jaso dituzte tartean: «Afrikatik, Indiatik, Pakistandik eman du izena jendeak...» Guztientzako tokirik ez da izaten topaketan, eta aukeraketa bat egin behar izaten dute, baina iragarri dute berrikuntzak izango direla uda honetan Gasteizen. Badosa: «Hizkuntza eta komunitate berriak izango ditugu». Nabari dute topaketa gero eta ezagunagoa dela, eta gero eta jakin-min handiagoa sorrarazten duela. Egoera aski muturrekoetan dauden hiztun komunitateetako kideak izango dira tartean aurten. «Vietnamgo herri indigena bateko kideak etorriko dira: 1.500 hiztun baino ez dira, eta hango kide bat etorriko da, interprete batekin». Friulera hiztunak ere izango dira topaketan, lehenengoz. «Eta lehen aldiz jende askok eman du izena Balkanetatik ere; horietakoren bat ere etorriko da. Beti izaten da jende berria».

«Afrikatik, Indiatik, Pakistandik eman du izena jendeak... Hizkuntza komunitate berriak izango ditugu»

ALBERT BADOSA Higa-ko antolaketa taldeko koordinatzailea

Mundu globalizatuaren ezaugarriek ematen dute modua Higa topaketa egiteko. Mundu globalizatu horixe, baina, traba da askotan hizkuntza minorizatuentzat: ahuldu egiten ditu. Paradoxa horren barnean egiten dute Higa. «Mehatxuak aukera bihurtu behar ditugu», argudiatu du Badosak. Global deitua glokal bihurtzeko estrategia proposatua dute pentsalari askok, eta hortxe jarri nahi dute indarra. Badosak Carme Junyent hizkuntzalari katalana izan zuen tesi zuzendari, eta uste du haren ikasbidea aholku ona dela biderako: «Hark esaten zuen hizkuntza mehatxatuen egoera multilinguismoarekin konpontzen dela».

Aurreko aldietatik lezio nagusi bat atera du Garcia de Bikuñak. «Elkarri lagundu diezaiokegu, eta horixe egingo dugu». Gogoratu du horretarako garrantzitsua dela Euskal Herriko gazteak ere topaketara erakartzea. Horientzat, izena emateko epea ez da aste honetan bukatuko: gerora ere egin dezakete, baina, antolaketa lanak behar bezala egite aldera, lehenbailehen egitea komeni da. Eta erantzun indartsua espero dute hor ere. «Nahi dugu Euskal Herriko parte hartzea ere ahalik eta pluralena izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.