Hezurrek izena dute, azkenean

Urbasako Arrasoko leizean hiru fusilaturen gorpuak zeudela uste zuten; hamar aurkitu zituen Aranzadik, 2013. urtean; orain, haietako bederatzi identifikatzea lortu dute.

edurne elizondo
Iruñea
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Balbino Garzia. Gregorio Garzia. Balbino Bados. Jose Urbizu. Narciso Artola. Clemente Araña. Paulo Garziandia. Antonio Maiza. Andres Gonzales. Izenik gabeko hezurrak ziren gizon horienak, orain arte. 1936ko gerran fusilatu zituzten, eta Urbasako leize bat izan dute hobi, duela bi urtera arte. 2013an, Aranzadiko kideek hamar gorpuren arrastoak atera zituzten Arrasoa izeneko zulotik (Olatzagutia, Nafarroa). Hamar gorpu horietatik, bederatzik izen-abizena badute, azkenean, Balbino Garzia de Albizu eta Amaia Urkijo senideek egindako ikerketa lanari esker.

Urkijoren bi aitonak fusilatu zituzten 1936ko gerran. Non ziren bazekitela uste zuen familiak. «Urbasako Otsaportilloko leizean lurperatu zituztela uste izan dugu beti; bi aitonen heriotza agiriak ditugu, eta halaxe ageri da: lekuko batek erran zuen han bota zituztela haien gorpuak». Leize horretan hainbat fusilaturen gorpuak badirela ezaguna da aspalditik. 1980. urtean, monolito bat jarri zuten han, hildakoen omenez. «Urtero joan izan gara». Urkijok orain jakin du, ordea, amaren aita Narciso Artola Arrasoan izan dela hil zutenetik.

«Aitonak bilatzen aritu gara beti; eta poz handia eman digu baten gorpua aurkitzeak», nabarmendu du Urkijok. Onartu du, hala ere, DNA frogei esker lortutako informazioak jokoz kanpo utzi dituela, nolabait. «Bizitza osoan engainatu gaituztela sentitu dugu».

Hiruren ordez, hamar

2011n hasi zen Arrasoko leizeko gorpu gehienak identifikatzeko modua eman duen bidea. Zulo horretan Ameskoa ibarretako hiru fusilaturen gorpuak zeuden susmoa izan dute haien senitartekoek; Gregorio Garzia, Balbino Garzia eta Balbino Badosenak, alegia. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartearen bidez, baimena lortu zuten leizean indusketak egiteko. Aranzadiko kideek hartu zuten lanaren ardura. Ezustea hartu zuten 2013an, hiru gorpuren ordez hamar aurkitu baitzituzten. Orduan, arrasto horiei izen-abizenak itzultzeko lana hasi zuten.

Lan horretan, Balbino Garzia de Albizu aritu da, batez ere, izen bereko fusilatuaren biloba. Eta harekin batera, Amaia Urkijo. «Balbino nirekin harremanetan jarri zen, uste zuelako aukera bazela leizean aurkitutako gorpuren bat Etxarri Aranazko nire aitonarena izateko». Urkijok zalantzak izan zituen hasieran, baina, azkenean, gurasoei eskatu zien DNA probak egiteko. Horri esker, Narciso Artola identifikatu ahal izan dute.

Etxarri Aranazkoa (Nafarroa)zen Artola, eta herri bereko bertze lau fusilatu izan dira Arrasoan urteotan guztietan. Ameskoa ibarretako hiru gizonak ere bai. Eta identifikatutako azken gorpua Zegamako (Gipuzkoa) Jose Urbizurena da. «Nire aitonaren berri izan nuenean, argi nuen bertze gorpuak norenak ziren ikertzen jarraitu behar genuela. Nik jasotako poza eman nahi nien bertze senideei». Horregatik, hamargarren gorpuzkia identifikatzeko lanean jarraitzen dute Urkijok eta Garzia de Albizuk.

Hezurrei izena emateko bide horretan, senideek ez dute Nafarroako Gobernua lagun izan. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak diru laguntza bat eskatu zuen 2013ko indusketak egiteko, baina gobernuak ezezkoa erantzun zuen. Iazko urrian, memoria historikoaren legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, eta, testu horren arabera, gobernuak du indusketak egiteko ardura.

«Guk gobernuaren laguntzarik gabe egin behar izan genuen. Ameskoa ibarretako eta Sakanako udaletan kanpaina egin genuen, eta haiek eta senideok emandako diruarekin ordaindu ahal izan diogu Aranzadiri egindako lana», azaldu du Urkijok. Denera, 10.500 euro. Nafarroako Gobernuari eskatuko diote orain diru hori ordain dezala.

Senideek ezin zuten gobernuaren laguntzaren zain gelditu. Eta haien lanak jaso du espero zuten saria. Aranzadiren egoitzan dira fusilatuen gorpuak, oraindik ere. Urkijoren familiak argi du zer egin nahi duen: «Urbasara itzuli nahi ditugu aitonaren hezurrak. Han izan dira 79 urtez, eta han jarraitu behar dutela uste dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.