Euskaraz ikasteko ez ezik, euskaraz hitz egiteko espazioa ere bada maiz euskaltegia euskara ikasten ari direnentzat. Konfinamenduan, ordea, aurrez aurreko eskolarik gabe gelditu dira ikasleak, eta euskarazko hezur-haragizko mintzakiderik gabe daude horietako anitz. Jarduna konfinamendura egokitu dute irakasleek, eta sareko plataformak erabiltzen dituzte gehienek eskolak emateko eta euskaraz hitz egiten jarraitzeko. Bertzelako egitasmoak ere jarri dituzte martxan eskoletatik harago: AEK-k, erraterako, mintzodromoa antolatu du igande honetarako, sarean.
Askotarikoak dira egoerak, ordea, eta, irakasle zein ikasleek aitortu dutenez, mugak dakartza parez pareko harremana mugatu izanak. «Galdu egiten da aurrez aurreko eskolaren esentzia», azaldu du Aintzane Pradera Garate AEK-ko Arabako koordinatzaile eta Amurrioko euskaltegiko irakasleak. Ixten lehenengoetarikoak izan ziren Arabako euskaltegiak, baina segituan egokitu behar izan zuten bertzeek ere. Praderak nabarmendu du egunetik biharamunera egin behar izan zutela egokitzapena: «Berrogei urtez baino gehiagoz aurrez aurrekoan aritu den erakunde bat egun batetik bestera pasatu da teknologia berrien mundura». Euskal Herri osoan irakasle zein ikasleek moldatzeko egin duten lanaz «harro» dago, baina nabarmendu du egoeren arabera zailtasunak izan dituztela: «Badago jendea konexiorik ez daukana etxean, baliabide teknologikorik ez daukana, nagusia dena eta ez dakiena horrelako gailuekin aritzen...». Horrelako kasuetan posta arruntez ere ari dira bidaltzen materiala, «ikas-prozesuak etenik ez izateko behintzat», baina euskararen ahozko erabilera mugatu egiten du horrek. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) udal euskaltegian ere adinekoekin dauzkate arazorik handienak, Imanol Goikoetxeak azaldu duenez: «Unibertsitatetik duela gutxi atera direnak ondo moldatzen dira online, baina, adin batetik aurrera, denbora behar dute». HABEren Ikasten plataforma jarri dute eurek martxan, lehendik ere bazeukatena, eta bideo deien bidez ere ari dira.
IKAko euskaltegiek ere egokitu behar izan dute irakaskuntza modua, baina, Joxerra Olano irakasleak azaldu duenez, ez zaie horren zaila egin egoera berrira moldatzea, lehendik ere ematen baitzituzten eskola batzuk era telematikoan. Aitortu du, halere, ez zela gehiengoa:«Urte asko dira online ikastaroak eskaintzen ari garela, baina kontua da horien pisua txikia zela; eta orain hori orokortu egin behar izan dugu, talde egiturari eutsita». Bigarren hori egin zaie zailagoa. Izan ere, azaldu du euren metodologia ahozkotasunean eta komunitatean oinarritzen dela, eta pantailak zaildu egiten duela hori. «Erritmo handiko eskolak izaten dira gureak,ahozkotasunean oinarrituak. Telematikoak ekartzen du beti nolabaiteko moteltzea komunikazioan». Praderaren gisan, pozik dago Olano ere ikasleen jarreraz, halere: «Ikasleen erantzuna oso ona izaten ari da».
Denboraren arabera
«Inoiz baino denbora gehiago ari gara pasatzen etxean, baina inoiz baino denbora gutxiago daukagu horrelakoetan aritzeko». Horrelakoxea da egoera, Praderaren ustez; bai behintzat euren ikasleen kasuan. «Gasteizen, esate baterako, Osakidetzako langile nahikotxo ditugu ikastaldietan, eta horiek, noski, egoera honekin ez daukate aukerarik eskolen jarraipen osoa egiteko. Baditugu garbitzaileak, supermerkatuetako langileak... horiek guztiek oso baldintzatuta ikusi dute euren bizitza, oro har, eta ikas prozesua zehazki». Aurkakoa ere gertatu da, Olanok dioenez: «Batzuk denbora gehiago ematen dute orain euskara ikasten lehen baino». Azken batean, herritarren artean gisan, askotariko egoerak daude ikasleen artean ere.
Koronabirusak jarduna baldintzatu diotenen kasua da, adibidez, Bilboko euskaltegi bateko ikasle Amaiarena izena asmatua da: bere egoeragatik eta irakaslearenagatik, alde batera utzi behar izan du euskara ikasteko eta, era berean, erabiltzeko prozesua. «Nire irakaslea oso ona da, eta uste dut bere bizitzan garrantzitsuena irakastea dela, baina egoera honek gainezka egin dio». Azaldu duenez, arazoak dauzka irakasleak Internet konexioarekin, eta, beraz, ezin dute aurrez aurreko elkarrizketarik egin: «Lana bidaltzen digu, eta zuzentzen dizkigu idazlanak eta berridazketak-eta, baina, adibidez, ahozkoetan, geure kabuz prestatu behar dugu gai bat, grabatu, eta bidali egin behar diogu». Ez dute lortu bertzelakorik egitea: «Irakasleak prestatu zuen bideokonferentzia bat, baina ez genuen lortu, konexioagatik». Irakaskuntza metodoen zailtasunez gain, badu bertze traba bat ere: «Ni ere irakaslea naiz, eta egokitu behar izan dut nire lana. Lan gehiago daukat orain, eta ez daukat denborarik». Penaz dio, egunean lau orduko ikastaro trinko bat egiten ari baitzen. «Egunero joaten nintzen, eta oso pozik nengoen. Baina orain egia da deskonektatuta nagoela».
Aurkakoa gertatu zaio Begoña Erice Santosi. Barañaingo (Nafarroa) Sahats euskaltegian ikasten du, eta, orain denbora gehiago duenez, lehen baino gehiago ari zaio eskaintzen euskaraz hitz egiteari: «Normalean astean bitan edo hirutan joaten nintzen euskaltegira, eta orain astean lautan egiten dut». Skyperen bidez ari dira, eta ongi moldatzen da, baina nahiago du aurrez aurrekoa: «Euskaltegian arinagoa da, denak elkarrekin, keinuekin... ez da berdina». Eskertzen du harremana mantendu izana, halere: «Gutxienez erritmoa ez dugu galtzen; egunero elkar ikusten dugu, eta niretzat ona da; nahiago dut euskaltegira joan eta eskolak euskaltegian egitea, baina ez dugu beste modurik». Donostiako Groseko euskaltegian ari da Jacek Markusiewicz, eta kostatzen ari zaio, lanak posta elektronikoz bidaltzen dizkiotelako: «Normalean eskolan bakarrik ikasten dut, lanaren eta etxearen artean ez baitut ez denborarik ez gogorik izaten etxeko lanak egiteko eta ikasteko. Orain, klaserik ezarekin eta egoera estresagarriarekin, asko galtzen ari naiz».
Orain artekoarekin moldatzen ari dira, baina etorkizunaz ere badute kezka euskaltegiek. Udako barnetegiez eta heldu den urteko matrikulazioaz, batez ere.
Bihar: Ainhoa Lasa Agirre, lan munduko euskararen erabileraz.
Etxealditik Euskaraldira (X). Euskaltegiak.
Hezur-haragizko mintzakiderik gabe
Konfinamenduan telematikoki aritu beharrak zailtasunak ekarri dizkie euskaltegietako ikasle batzuei; bertze batzuei, gehiago ikasteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu