Jai giroan ospatu dute Kilometroak jaia, gaur, Azpeitian (Gipuzkoa). Giro lainotua izan da, baina euririk, behintzat, ez dute izan Gipuzkoako Ikastolen aldeko festan elkartu diren milaka euskaltzaleek.
Amaitutakoan, antolatzaileek adierazi dute dena aurreikusi bezala joan dela, eta «bizipen zoragarria» izan dela urte osoan Kilometroak antolatzea. Azken egunean, mila lagun baino gehiago ibili dira boluntario lanetan.
Oro har, intzidentziarik ez dela izan azaldu dute —ezta puntu moreetan ere—, eta jende ugari elkartu dela, nagusiki familiak, baina baita gazteak ere. Giro jator eta lasaia izan dela nabarmendu dute, eta euskara arin eta bizi entzun dutela.
Hasiera ekitaldian, Igor Aranbarri Azpeitiko ikastola Ikasberriko kontseiluko kidea izan da hitza hartzen lehena. «Aurtengo Kilometroen urtean abiatu dugun bidean jarraitzea da gure desioa. Aurrerantzean ere gure ardatzek etenik gabeko mugimenduan jarrai dezaten. Eta, horretarako, ikasturte guztian erein dugun hazia ernatzeko baldintza egokiak sortzea da hurrengo erronka».
Izan ere, Izpiz izpi lelopean, euskaran, kulturartekotasunean eta herrigintzan ardaztu dute urteko lana, eta gaur jasotakoa ardatz horien inguruko proiektuak finantzatzeko erabiliko dute.
Nagore Alkorta alkateak ere urte osoan ikastolak egindako lana azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie egitasmoaren sustatzaileei. «Nahiz eta beti izan den garrantzitsua euskararen alde egitea, bizi dugun testuinguruan inoiz baino beharrezkoagoa dela esango nuke», gehitu du. «Ea lortzen dugun euskarari beste bultzada bat ematea».
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, berriz, goraipatu egin ditu aurtengo Kilometroak ardaztu duten zutabeak. Esan du sakondu egin behar dela, euskal curriculumaren lanketan ez ezik, hizkuntza proiektu sendoetan, irakasleen prestakuntzan eta ikasleen aniztasunaren inguruko lanketan ere. Bide beretik jo du Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere.
Azpeititik Elgoibarrera
Azkenik, Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak kultur elkartearen lehendakariak hitz egin du. Antolatzaileei eskerrak eman dizkie, eta nabarmendu du Azpeitia euskararentzat «arnasgune handia» dela. Horregatik, nabarmendu du Azpeitiak eta bertako ikastolak ere eginahalak egin behar dituztela XXI. mendeko erronkei erantzuteko: «Euskaratik kulturarteko hezkuntza eta harremanak eraikitzea ezinbesteko erronka bihurtu zaigu. Ezberdinon arteko harremanak aitortu eta sustatuz berrituko gara».
Ikastolako bi ikaslek aurkeztutako ekitaldian, omenaldia egin diete Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei, haien jardunak bat egiten duelako gaur behin eta berriz aipatu dituzten hiru ardatzekin: euskara, kulturaniztasuna eta herrigintza. Eskertuta agertu dira pailazoak, eta hala esan du Pirritxek: «Nik begiak ixten ditudanean, Gabonak eta Kilometroak etortzen zaizkit burura».
Jarraian, kalejiran egin dute ikastolatik Azoka plazara arteko bidea. Han egin dute lekukoa eskualdatzeko ekitaldia, eta Elgoibarko ikastolako Jon Lizarraldek jaso du. Han izango da festa datorren urtean, urriaren 5ean.
Ginga
Gaur, beraz, ginga jarri diote urte osoan egindako lanari. Eskaintza oparoa eta gustu guztietarakoa prestatu dute, euskal kulturan ardaztutakoa batez ere. Lehen gunea herriko plazan egon da, eta Herria deitu dute. Bertan herri kirolak, mutxikoak eta bertsolariak izan dira. Erronka hor izan da, eta dantza egiteko beta ere izan da.
Bigarren eta hirugarren gunea Euskara izendatutakoak izan dira. Bigarrenean, Esklabetan, gazteenentzako eskaintza atondu dute: magoak, karaokea eta Goa!zen-en ikuskizuna, eta puzgarriak ere bai.
Ikusi gehiago
Hirugarren gunean, ikastolan, kontzertuak izan dira bata bestearen atzetik. Skapaie elektrotxaranga, Leherkaitz, Ukabil, Tapia eta Leturia eta Janus Lester. Troia kale antzerkia ere izan da goiz partean.
Laugarren gunea Loiolan egon da, eta Aniztasuna deitu diote. Egon da yoga, gimnastika erritmikoa eta judo erakustaldia. Horretaz gain, ez da musika falta izan. Ro, Eraldatzen, Trini Fox eta Urtz moduko taldeak izan dira.
Jolasak, giro ona, eta jan-edanerako askotariko eskaintza ere izan da, noski, gune guztietan.