Hezkuntza Sailaren protokoloaren arabera, «berehala» babestu behar dira ikasleak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2016an osatu zuen eskoletan haurrak sexu abusuetatik babesteko irizpideak biltzen dituen protokoloa. Ez dago halako egoerei aurre egiteko bakarrik pentsatua, orokorragoa da.

Getxoko Europa eskola. MIGUEL TOÑA / EFE
Getxoko Europa eskola. MIGUEL TOÑA / EFE
arantxa iraola
2024ko maiatzaren 29a
18:05
Entzun

Getxoko (Bizkaia) Europa ikastetxean irakasle batek haurtxoei egindako sexu abusuengatik izan diren salaketen harira, berebiziko garrantzia du jakiteak eskolek zer jarraibide bete beharko dituzten antzeko kasuetan, batez ere kontuan hartuta hainbat familiak ikastetxeari egotzi diotela «berandu» erantzun izana.

Eusko Jaurlaritzak 2016an argitaratutako protokolo batean jasota daude bete behar diren irizpideak. Hezkuntza Sailak beste hainbat eragilerekin batera egindakoa da, eta prebentziorako eta ekintzak egiteko jarraibideak ematen ditu. Ez da, ordea, beren-beregi sexu abusuei buruzkoa. Aipatzen dira horiek, baina protokoloa orokorragoa da, haur eta nerabeak babesik gabe daudenerako eta tratu txarrak eta jazarpena pairatzen dituztenerako pentsatua. Oro har, halako egoeretan ikasleak «berehala» babestu behar direla, horixe da irizpideetako bat.

Hona zer jarraibide biltzen dituen eskoletako langileren batek halako jokaera okerren bat izan duela susmatzen denerako:

irizpideak

  1. Protokoloak langiletzat hartzen ditu irakasleak, eta eskolan haur eta nerabeekin hartu-emanetan jarduten duten bestelako profesionalak: begiraleak, entrenatzaileak, zaintzaileak... 

  2. Eskolak susmoa badu ikasleren batekiko harremanetan langileren batek jokabide okerra izan duela, neurriak hartuko ditu ziurtatzeko ikaslea «berehala» babestuko dutela. Langile susmagarria «behatzeko» beharrezkoak diren zaintza eta antolamendu neurriak ere ezarriko dira. Adingabearen familia jakinaren gainean izango da. 

  3. Antolamendu neurriak ezarri beharko dira, halaber, ustez biktima den ikaslea ez dadin langile horrekin bakarrik egon. 

  4. Kautela neurri gisa, Hezkuntza Saileko lurralde ordezkaritzak modua izango du susmagarriaren eginkizunak aldi baterako etetea erabakitzeko.

  5. Eskuratutako datuen arabera, eskolako zuzendaritzak —ikuskaritzarekin eta Hezkuntzako lurraldeko ordezkaritzarekin batera— langile horren kontrako salaketa jarriko ote duen erabakiko du.

  6. Auzibidea irekitzen bada, salaketa jaso duen langilearen zereginak eten egingo dira aldi baterako.

  7. Auzibiderik abiatzen ez bada, edo kasua artxibatzen bada, «berdin-berdin» hartuko dira segurtasun neurriak ikastetxean, eta prebentziozko jarraipena egingo da, harik eta beharrezkotzat jotzen ez den arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.