Digitalizazioa da hezkuntzak orain eta datozen urteetan dituen erronka nagusietako bat. Hori egiteko modua izango da gakoa; alegia, multinazionalen esku uzten dituzten milaka ikasleren datuak, edo software librea erabiliz egingo ote duten. Digitalizazioak demokratikoa izan behar duela aldarrikatu du Simona Levik (Piamonte, Italia, 1966), Xnet Digitalizazio Demokratikorako eta Eskubide Digitaletarako Institutuaren sortzaileak. Baina zer da hori? Euskarabildua jardunaldietan eman zituen xehetasunak atzo, Donostian.
Hezkuntzaren digitalizazio demokratikoaz hitz egin duzu. Zer esan nahi du horrek?
Gure instituzioen eta narratiba mainstream-aren bidez, ematen du digitalizazioa fenomeno meteorologiko bat dela ia, modu natural batean gertatzen dela. Baina digitalizazioa aukeraketa bat da; zerbitzu publikoak korporazio multinazional handien esku utziz digitaliza dezakegu. Edo esan dezakegu erakunde publikoak hor daudela denon ondasunak babesteko, hezkuntza, esaterako, eta, orduan, digitalizatu behar dela giza eskubideak izanik planteatzen duten edozein arkitektura teknologikoren zentroa. Eta hori da nik digitalizazio demokratiko gisa definitzen dudana.
Nola digitalizatu behar da hezkuntza? Nola ari dira horretan?
Ez esku hartu, eta eremua bere kasa pribatizatzen utzi, horrexetan ari dira. Eremua libre uzten zaie, teknologia enpresa handiek digitalizazioa doan egin dezaten. Eta badakigu doakoa denean produktua gu garela. Orduan, nola egin beharko litzateke? Jakiteko gure eskubideak errespetatzen dituzten, jakin behar dugu zer egiten duten aplikazioen kodeek. Auto baten motorra ikusi beharko genuke: nahiz eta ez jakin nola konpontzen den, aukera eduki behar dugu ikusteko zer egiten duen, zein prozedura aplikatzen dituen, eta haren datuak eta edukiak ere ikusi beharko genituzke; hau da, aplikazioaren kodea.
Nola egin liteke?
Software librearekin bakarrik egin daiteke. Software libreak hezkuntzan denbora gehiago darama teknologia enpresa handiek baino, eta oso garatuta eta finkatuta dago. Baina oso teknikoa da, konplikatua da, eta ez dago eguneratuta kodea batere inporta ez zaion pertsona batentzat. Gu hasi gara DDrekin, hezkuntzaren digitalizazio demokratikorako proiektuarekin. DDk software librean finkatuta dagoen guztia elkartzen du, eta batera funtzionarazten du. Horrela, oso erraza da erabiltzeko, Google Suite edo Google Classroom bezala, adibidez.
Zer zerbitzu ematen du DDk?
Proiektu pilotu bat egiten ari gara Bartzelonako hamabi ikastetxetan. Moodle, Nextcloud, Big Blue Button, WordPress, Etherpad eta antzeko beste software batzuk batuta sortu da DD. Dena egiten du: dokumentu kolaboratiboak ditu, egutegia, txata, posta elektronikoa...
Zergatik uste duzu erakundeek ez dutela apustu irmorik egin hezkuntzan software libreak erabiltzeko?
Zenbait gauzarengatik. Gure politikariak izan dira digitalizazioa fenomeno meteorologiko bat dela sinesten lehenengoak. Uste dute Internet Google dela. Informatu egin beharko dute, pixka bat ikasi, eta konturatu beharko dute ez dela hala, Google eragile bat dela, eta askoz gehiago daudela. Beraz, lehenengo arrazoia gaitasun falta da. Bigarren arrazoia da gaitasun falta horrek bezero sareak sortu dituela; Google da, baina ez Google bakarrik: Microsoftek eta beste enpresa batzuek ere asko inbertitu dute politikariei produktu horiek saltzeko, eta presio handia egiten dute horrela izan dadin aurrerantzean ere. Horregatik da garrantzitsua gizarte zibil gisa ere presioa egitea. Presioa alde batetik bakarrik badute, alde horri bakarrik jarriko diote arreta. Argi dago politikan salbuespenak daudela: esaterako, proiektu pilotua bultzatzen ari den Bartzelonako departamentua eta Eusko Legebiltzarra, mozio bat onartu baitu esanez DDren antzeko zerbait ezarri behar dela.
Zer arrisku ditu ikasleen datuak Google eta Microsoften pareko multinazionalen esku egoteak?
Kontua da ez dakigula, haien softwarea ez delako auditagarria. Adibidez, Danimarkak esan berri du Google debekatu duela hezkuntzan, eta Alemaniako bi landerrek gauza bera egin dute Microsoftekin. Asko ikertu beharra dago jakiteko noiz izaten diren jardunbide txarrak.
DD proiektua martxan jarri duzuen eskoletan zein erantzun jaso dituzue?
Eskola horiek heroiak dira; historia egiten ari dira gurekin batera. Ulertzen dute egoeraren larritasuna eta garrantzia zenbatekoa den, eta guri feedbacka bidaltzeko behar dituzten orduak gehitzen dizkiote beren lanari, hobetzeko eta elkarrekin proiektu pilotu hau gainerako herritarrentzako prototipo bihurtzeko. Albiste ona da Kataluniako Generalitateak interesa erakutsi duela, baita Euskal Herriak ere, gobernu zentralak, Frantziako Gobernuak, Danimarkakoak, Europako Batzordeak... Zalantzarik gabe, hau da hezkuntzaren etorkizuna. Gaur egungo egoera sostengaezina da.
Beraz, badago kezka?
Noski. Badago kezka, gero etapertsona, gobernu, datuen babeserako agentzia, datuen babeserako autoritate... gehiagok esaten dutelako plataforma horietan ez dagoela pribatutasun bermerik. Oso arriskutsua da, horrek eragina baitauka gure laneko etorkizunean, osasunaren etorkizunean, etorkizun politikoan... Izan ere, herritarren datuekin profilak egiten dira, adibidez, propaganda politikoa zabaltzeko. Funtsean, demokraziari eraso egiten ari dira.
Simona Levi. Xnet-en sortzailea
«Hezkuntzaren digitalizazioan eremua libre uzten zaie teknologia enpresei»
Hezkuntzarako software libreek dituzten aukerak batuta, DD proiektua abiatu dute Kataluniako hamabi ikastetxetan. Etorkizun oparoa ikusten dio Levik, proiektuaren sustatzaileetako batek: «Zalantzarik gabe, hau da hezkuntzaren etorkizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu