Hezkuntzan euskara harrotzeko

Hezkuntza euskaldunaren aldeko topaketa antolatu du Euskal Herrian Euskaraz-ek Beskoitzen. Tokian toki errealitate parekoak bizi dituztela agertu dute.

(ID_17140703907605) HARROTZE ASTEA. EHEk antolatutako topaketa, Beskoitzeko ikastola
Beskoitzeko ikastolan egin dute EHEk antolatu duen topaketa. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2024ko apirilaren 25a
15:43
Entzun

«Orain arte pareta bat genuen gure aitzinean herriko etxearekin; orain, ikastolarentzat behar ditugu paretak». Baikor mintzatu da Julen Jauregi Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolako gurasoa. Fabienne Aiensa auzapezak dimisioa aurkeztu izana gauza ona izan dela erran du: «Kontseilu hartan hamabi boz izan ziren ikastolaren alde; bere gehiengoa galdu zuen». Orain, hauteskunde berriak egin beharko dituzte ekainean, eta hortik aterako den herriko kontseilu berriarekin konponbide bat lortuko dutela espero du. Bizpahiru zerrenda izanen direla iradoki du; ez da dudarik ikastolaren gaia lehen lerroan izanen dela. Nekea ere adierazi du Jauregik: «Haurrak ez dira ohartzen, pozik heldu dira ikastolara, baina gurasoek ez dugu gehiago onartzen ahal baldintza horietan segitzea». 

Hezkuntza euskaldunaren aldeko topaketak antolatu ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek Harrotze Astearen karietara, eta Beskoitzeko ikastolan elkartu dira eragile anitzetako ordezkariak elkarrekin mintzatu eta bakoitzaren errealitatea ezagutzeko. Bertan izan dira ikastolako haur eta gurasoak, Azterketak Euskaraz kolektibokoak, eta Hego Euskal Herriko hainbat unibertsitatetako euskara taldeetan parte hartzen duten kideak. Goizeko topaketaren ondotik, elkarrekin bazkaldu, eta mosaiko bat egin dute arratsaldean hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko. 

Ikastolaren bisita abiatu aitzin abisua eman du Cyril Fesquinne gurasoak: «fite egina izanen da». Prefabrikatu batetik bestera pasatzen ziren bitartean kontatu dute ikastolaren bilakaera. Etxebizitza batean hasi ziren eskolak ematen, eta orain dela hamar urte plantatu zituzten prefabrikatuak. Geroztik, pixkanaka handituz joan da, baina hasierako baldintza prekarioetan segitzen dute; 34 familiatako 51 ikasle daude, lau irakasle eta bi langile. Urte guzian dirua sartzeko beharra aipatu dute, langileak eta materiala ordaintzeko. Ekitaldiak antolatu eta lan boluntarioa egiten dute gurasoek. 

Egoitza Seaskak kudeatzen du, baina egoera txarrean da. «Ekaitza denean ura sartzen da prefabrikatuetara. Gurasoek xintxuketa talde bat badute, baina egin lezaketenaren mugetara iritsiak dira». Herriko etxearekin izandako gorabehera guziak kontatu dituzte, ikastolaren kontra hartutako jarrera: «ikastola parean badira herriko gelak, baina ez dizkigute sekula utzi nahi izan. Bi hilabetez irakasleak eskolak kanpoan ematen aritu behar izan ziren ordu batzuetan, Bizkarsoro filmean bezala». Orduan erabaki zuten bosgarren prefabrikatua plantatzea, baimenik gabe. Estakuru hori erabili zuen herriko etxeak abenduan ikastolari lurrak erabiltzeko baimena kentzeko

Herrian dituzten harremanak ere izan dituzte hizpide, euskaldun anitzek hizkuntzarekiko sentitzen duen lotsa. «Gure laguna zen batek erran zigun ikastolarena gure arazoa zela», aipatu du batek; «zure etxean obra bat egin nahi baduzu, auzapezaren baimena behar duzu, eta beraz, harekin harreman ona behar duzu», iharduki du beste batek. Herri txiki bateko errealitatea. Azken hilabeteetan, aldizkari bat ondu dute gurasoek, herritarrei zuzeneko informazioa emateko. 

Hainbat gurasok abiatu duten euskalduntze prozesua ere izan dute hizpide. AEKren ikastaldi trinkoa segitu dute batzuek, gau eskolan ari dira besteak; ikastolan berean oinarrizko irakaspena ematen diete hala nahi duten gurasoei. Batzuen kasuan, etxeko hizkuntza aldatzera iritsi dira. «Orain haurrak euskaraz egiten du nirekin», kontatu du irribarretsu guraso batek. Ikastolak herrira euskara gehiago ekarri duela baieztatu dute. 

Unibertsitateetan erronka

Tokian toki hezkuntza arloan euskara sustatzeko eragileek egoerak berdintsuak bizi dituztela erakutsi nahi zuen EHEk topaketaren bidez, eta hala izan da. Ikasketak euskaraz egiteko zailtasunak aipatu dituzte Ibaetako, Leioako eta Iruñeko fakultateetako ikasleek. «Euskararen aldeko borroka berriz piztu behar da, ez zaio behar duen garrantzia ematen», adierazi du Ibaetan Euskaraz Plazara taldeko kideak. Protokolo bat eratu dute aurten euskararen kontrako erasoei aurre egiteko, eta hori lantzen ari direla erran dute. 

Halaber, HUEZIko ikasleak euskalduntzeko beharra azpimarratu du beste ikasle batek. «Etorkizuneko irakasleak aterako dira bertatik, alta askok erdaraz egiteko joera dute». Ikasleak euskarara eta euskal kulturara hurbilarazteko saiakeran aritzen direla erran du. Gauza bera Nafarroako Unibertsitatean: orain dela 40 urte sortu zen euskara taldea; gaur-gaurkoz, kredituen %25 baizik ez dago euskaraz. «Gu izanen gara etorkizuneko langileak, euskaraz lan egin nahi dugu», adierazi du bertako kideak. Ikasgeletatik kanpo ere euskara sustatzen saiatzen direla erran du: «NUPen ez da entzuten euskararik. Ez gara denak euskal filologoak, denek ez dakigu ergatiboa ongi erabiltzen, baina euskara naturalki erabili behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.