«Itxaropenik gabe nago, egia esan». LAB sindikatuko ordezkari Espe Iriarteren hitzak dira. Atzo hezkuntzako sindikatuek Nafarroako Parlamentuko talde politikoekin egindako bileratik «zapore gazi-gozoarekin» atera ziren. «Bozeramaileen Mahaiak gure eskakizunekin bat egitea, horixe da lor dezakegun konponbide bakarra da. Uztailaren 18an batzarra egingo dute, eta sindikatuek egindako idatzia eztabaidatuko dute», azaldu zuen Iriartek. «PSNk bere iritzia eta jarrera definitzea nahi genuen, baina ez dugu lortu. Eta ez dut uste lortuko dugunik». PSNko ordezkariak bileran azaldu zuenez, egoera kontuan hartu eta ikertu behar da. Bilduk, Ezkerrak eta NaBaik sindikatuen eskakizunekin bat egin zuten. Nafarroako Gobernuak hartutako murrizketak indargabetzeko eskatu zuten.
Izan ere, ikasturtea amaitu da Nafarroako ikastetxeetan, baina irakasle askok ez dakite irailean ikasgeletara itzultzeko aukera izanen duten. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak onetsitako irakasle zerrendetan 235 lanpostu gutxiago aurreikusten dira. Kexu, erabakia hezkuntza komunitatearekin hitz egin gabe hartu zela salatu dute sindikatuek eta eskoletako zuzendariek.
Jose Iribas Hezkuntzako kontseilari izendatu berriak negoziaziorako saioa egin behar duela adierazi zuen Txentxo Jimenez NaBaiko legebiltzarkideak. Koldo Amezketa Bilduko ordezkariak, berriz, azaldu zuen murrizketak egitea ez dela «zilegi». Murrizketak «bertan behera» uztekoeta eskolek onartutako irakasle zerrendak onartzeko eskatu zion Ezkerrako kide Jose Miguel Nuinek ere Nafarroako Gobernuari.
Juan Jose Lizarbe PSNko kideak, halaber, adierazi zuen «gobernuak gauzak arinegi egin» dituela. Hezkuntza kontseilariak «arrazoizko irtenbidea» aurkituko duela uste du Lizarbek, «hezkuntza publikoaren kalitatean eraginik izan gabe». PPN alderdiak, halaber, onartu zuen «inorekin hitz egin gabe» murrizketak ezartzea ez dela «ohikoena».
«Entzuteko» prest
Giro ozpindu horretan, Jose Iribas Hezkuntza kontseilari izendatu berria ikastetxeetako zuzendariekin bildu zen atzo. Murrizketekin haserre, aldaketarik ezean, dimititzeko prest agertu dira ADI zuzendarien elkarteko ordezkariak. «Eskaerak entzuteko», harrera egin ziela esan zuen. «Elkarlanean aritzeko nahiarekin». Baikor mintzatu zen bileraren aurretik, abegikor. «Zuzendariak hezkuntza publikoaren alde garrantzitsu bat dira». Aditzera eman zuenez, irakasleen eskaerak entzutera joan zen bilerara. «Elkarrekin lan egiten saiatu behar dugu, behin baino gehiagotan kontrakoak diren erabakiak eztabaidatu beharko ditugulako». Iribasek azaldu zuen «ekonomikoki garai latzak» direla honakoak, eta, horregatik, «neurriak» hartu behar direla: «Organigrama berria egingo dut. Neurritasunez arituko naiz». Zuzendariekin bilera egin, eskaerak entzun, eta, ondoren, balorazio bat egingo zuela esan zuen Iribasek. «Gure proposamenak gehitzen saiatu behar dugu».
Sindikatuek parlamentuko alderdiekin egin zuten bileran ez zuen parte hartu Jose Iribasek. «Agertzekoa zen, baina azkenean ez zen izan. Iraina da guretzat», adierazi zuen Espe Iriartek, haserretuta. Iribasen arabera, «kalitatezko hezkuntza publikoa bermatuko dutenekin» egin zuen bilera, alegia, ikastetxeetako zuzendariekin. Sindikatuak «ordezkari politikoekin» bildu zirela argudiatu zuen, eta halaxe arrazoitu zuen bera ez langileen ordezkariekin egindako topaketan agertzea. Erantzunak ez zituela ase argi utzi zuen Espe Iriartek: «Sindikatuak irakasleen, hau da, langileen ordezkariak dira. Euren eguneroko bizitzan erabakigarriak izan gaitezke, eta, beraz, egoera honetan ere oso garrantzitsuak gara».
Hezkuntzako sindikatuen eskaerak onetsi dituzte Bilduk, Ezkerrak eta NaBaik
Ikastetxeetako zuzendariak, kexu, Jose Iribas Hezkuntza kontseilari izendatu berriarekin bildu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu