Hezkuntzako sindikatuek urriaren 29ko grebari eutsi diote, departamentuaren bigarren eskaintza ere «eskasa» dela iritzita

Sindikatuetako kideak, gaur, hilaren 29ko greba iragartzeko kartelak astintzen, Carlos Gimeno kontseilariaren aurrean. JESUS DIGES/EFE
Sindikatuetako kideak, gaur, hilaren 29ko greba iragartzeko kartelak astintzen, Carlos Gimeno kontseilariaren aurrean. JESUS DIGES/EFE
Ion Orzaiz.
2024ko urriaren 22a
17:00
Entzun

Bigarrenean ere, kale. Nafarroako Hezkuntza publikoaren mahai sektoriala batzartu da gaur goizean, eta bertan, beste proposamen bat jarri du mahai gainean Hezkuntza Departamentuak, sindikatuek hilaren 29rako deitua duten grebari begira. Bilerara sartu aurretik, proposamenaren gakoetako batzuk eman ditu Carlos Gimeno kontseilariak, hedabideen aurrean. Azaldu du, besteak beste, departamentua prest dela ratioak era linealean murrizteko: heldu den ikasturtetik aurrera, gehienez ere 23 ikasle sartu ahalko lirateke Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasgela bakoitzean, eta kopuru hori gainerako mailetara hedatuko lukete hurrengo urteetan. Irakasleentzako formakuntza instituzionala ere murriztuko lukete, 35 ordutik 25era.

Gimenok esan du «justifikaezina» izanen litzatekeela sindikatuek proposamen horri ezezkoa ematea, eta agiri horren gainean «negoziatzen segitzeko» aukera aipatu du. Hala ere, iragarri du proposamena sinatu ezean ez dituztela hobekuntza horiek aplikatuko: «Ene ustez, akordio batera iristeko moduko neurri sorta da honako hau, eta halakorik gertatu ezean, ezin izanen ditugu neurri horiek gauzatu».

Sindikatuek, ordea, ez dute proposamena ontzat jo. Haien aburuz, departamentuaren bigarren eskaintza ere «eskasa» da, eta ez ditu aintzat hartzen sindikatuek planteatutako eskaeretako asko. «Ratioen jaitsiera onartu du Gimenok, baina guk eskatzen ditugun ratioak txikiagoak dira, hark proposatzen dituenak baino», azaldu du Iosu Arraizek, LAB sindikatuko ordezkariak, Euskalerria irratian egin dioten elkarrizketan. Izan ere, 20 ikasleko ratioak eskatu dituzte sindikatuek, ikasgela bakoitzeko. Irakasleen lan gainkarga arintzeko neurri eraginkorrak eta soldatak eguneratzeko neurriak ere galdegin dituzte. «Aurrera ari gara negoziazioan», laburbildu du Arraizek: «Baina mantsoegi».

ELA sindikatuak ohar bidez azaldu ditu gobernuaren proposamenari ezezkoa emateko motiboak. Sindikatuaren esanetan, Hezkuntza Departamentuak ez du proposamenik egin irakasleen soldatak igotzeko edo kontratuen behin-behinekotasuna murrizteko eskaeren inguruan, eta horiek «funtsezko gaiak» dira ELArentzat. Bigarrenik, 55 urtetik gorako irakasleen egoera aipatu dute, ELAren irudiko, Gimenoren proposamenak sektore horren eskubideak «murriztea» ekarriko baitu.

Nafarroako Gobernuak iragarritako ratio murrizketaz, sindikatuak esan du hobekuntza hori «sindikatuek eskatutakoaren azpitik» dagoela, eta, gainera, ez dela ratioen murrizketarik aurreikusten «ez bigarren hezkuntzan, ez lanbide heziketan, ez beste irakaskuntza mota guztietan». Azkenik, ELAk salatu du Hezkuntza Departamentuak proposatutako neurriak «aldi baterako» baino ez direla —2028. urtera arte—, eta ez daudela bermatuta, «aldizkako ebaluazioak egingo baitzaizkie».

Sindikatuek argi dute Nafarroako Gobernua negoziatzeko prest azaldu bada orain arteko mobilizazioei esker azaldu dela prest. Hori dela eta, urriaren 29ko greba deialdiari eutsi diote oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.