Hezkuntzako sindikatuek neurriak hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Ikastetxeetara «modu seguruan itzultzea bermatzeko» eskatu dute ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk.

Ikasle eta irakasleak segurtasun neurriak errespetatzen. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko abuztuaren 26a
16:20
Entzun

Ikasturte hasiera «segurua» bermatzeko neurriak hartzeko eskatzeko, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ohar bateratu bat plazaratu dute. Maiatzean hasi ziren elkarlanean, eta, orain, klaseetarako aurrez aurreko itzulera langile eta haurrentzat «segurua» izan dadin, «mobilizazio dinamika» bat hasiko dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kudeaketa «onartezina eta arduragabea» dela salatu dute, eta gehitu dute ikasturte hasierarekin lotuta «ziurgabetasuna» sortzen ari direla.

Maiatzean, lau sindikatuek martxan jarri zuten eskoletara itzultzeko modu «seguru eta adostu» baten aldeko «dinamika», eta hiru eskaera egin zizkioten Hezkuntza Sailari. Funtsean, ikasturte hasiera eragileen eta sindikatuekin negoziatzeko eta ikasgeletako ratioak jaisteko eskatu zuten. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute zentroak baliabide «ekonomiko, pedagogiko, formakuntzazko eta pertsonalez» hornitzea. Salatu dute ez dutela Hezkuntza Sailaren erantzunik jaso.

Ohar horretan, irizpide pedagogikoen garrantzia ere aipatu dute, eta adierazi dute beharrezkoa dela «ikasleen irakaskuntza prozesuak zein harremanek lehentasuna izatea» . Lau sindikatuek nabarmendu dutenez, eskaera horiek bete ezean, «hezkuntza guztirako mobilizazio dinamika bateratu bat» adostuko dute.

Bestalde, Steilas sindikatuak elkarretaratze bat egingo du bihar Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Publikoan, itzulera segurua eta aurrez aurrekoa lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.