Hiru ikasturterako itun bat, ikasgeletako ratioen jaitsiera mailakatua eta mila orduko irakaskuntza errefortzua kontsolidatzea. Hori da, funtsean, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak sare publikoko irakasleei eskaini diena, hezkuntzako mahai sektorialaren gaur goizeko bileran. Hobekuntza horiek 2025-2026ko ikasturtetik aurrera sartuko lirateke indarrean, eta eragina izanen lukete hiru urtean jarraian ―2027-2028ko ikasturtea amaitu arte―. Hezkuntzako mahaian ordezkaritza duten sindikatuek begi onez hartu dute «gobernua negoziatzen hasteko prest agertu izana», baina uste dute eskaintza hori ezin dela helmuga izan, abiapuntua baizik: «Sindikatu bakoitzak etxe barruan aztertu beharko du eskaintza hori, baina oraingoz esan dezakegu ez zaigula aski iruditzen», esan du Afapna sindikatuko Yolanda Errok, mahai sektorialaren ostean. Oraingoz, beraz, sindikatuek eutsi eginen diote urriaren 29ko greba deialdiari, uste baitute Hezkuntza Departamentuaren eskaintzak ez diela erantzuten irakasleen aldarrikapenei.
Zehazki, Nafarroako Gobernuak zera planteatu die sindikatuei: ikasgela bakoitzean ratioa 23 ikaslera murriztea, Haur Hezkuntzako lehen mailatik hasita. Ratioen jaitsiera hori era mailakatuan eta ebaluagarrian eginen lukete, departamentuaren arabera: Haur Hezkuntzako lehen mailan ezarriko lukete ratio berria 2025-2026ko ikasturtetik aurrera, hurrengo urteetan beste maila batzuetara hedatzeko xedez. Hala ere, ratioen murrizketa horrek zenbait baldintza izanen ditu, «ikastetxeen berrikuntza proiektuei eta curriculumen berrantolaketari lotuta». Hiru urtean behin ebaluatuko dituzte ratioak, «ikasleen emaitzak hobetzeko eta maila errepikatu behar duten ikasleen kopurua murrizteko».
Hezkuntza Departamentuak sindikatuei proposatu dien bigarren neurria da aurten behin-behinean ezarritako mila orduko irakaskuntza errefortzua kontsolidatzea datozen hiru ikasturteetan. Gobernuaren arabera, Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxe publikotan irakasle gehiago kontratatu ahalko dituzte errefortzu horri esker. Azkenik, proiektu propioentzako lanordu kopurua handitzea eta lan burokratikoa murriztea ere proposatu du Hezkuntza Departamentuak.
Proposamena egiteaz gain, negoziatzen segitzeko atea zabalik mantendu nahi izan du gobernuak, eta data jarri du sindikatuekin berriz batzartzeko: hilaren 22an izanen da, hezkuntzako publikoko greba baino astebete lehenago. Ratioen jaitsieraz gain, beste hiru eskaera ere egin dizkiote sindikatuek Hezkuntza Departamentuari: soldatak igotzea, kontratuak egonkortzea eta lan gainkarga arintzea.