Ez A, ez B, ez D. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza eragile nagusiek hizkuntza eredu bakar bat nahi dute hezkuntzarako: ikasle guztiei euskara gaitasun «egokia» bermatuko diena, orokorra, eta inklusiboa. Garrantzia du eskaerak, oraintxe ari baitira Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Lege berria osatzeko hitzarmena adosten, eta horretan eragin nahi dute hezkuntzan ari diren sindikatu eta elkarteek: alderdi politikoei galdegin diete hezkuntza hitzarmenean «berariaz» jaso dezatela hurrengo Hezkuntza Legeak «ereduen sistema baztertzailea» gaindituko duela, eta «ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua» ezarriko dela.
Eragileek onartu duten testuan hala xehatua ez badago ere, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak zehaztu du eredu bakar hori «murgiltze edo mantentze» modukoa litzatekeela, euskara izanen litzatekeela irakasteko hizkuntza, eta «gainerako arloetan» ere hizkuntzari ematen zaion «trataera» kontuan hartuko lukeela. Nabarmendu du, halaber, ikastetxe bakoitzak diseinatu beharko lukeela bere hizkuntza proiektua, bere abiapuntuko errealitatea oinarri gisa hartuta. Helburua, nolanahi ere, bera litzateke Azpeitian (Gipuzkoa), Oionen (Araba) eta Sestaon (Bizkaia), Bilbaoren hitzetan: «Derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean gutxieneko gaitasun egokiak eta berdinak izatea euskaraz eta gaztelaniaz, eta B1 maila hirugarren hizkuntza batean».
Euskaraz hezi, berdintasunean hazi izenburuko adierazpenean jaso dute hezkuntza eredu bakarrari buruzko proposamena, eta ez nornahik, izenpetzaileen artean baitira Euskalgintzaren Kontseilua, Ikastolen Elkartea, EHIGE, Hik Hasi, Kristau Eskolak, HEIZE, ELA, LAB eta Steilas. Bilbaok irakurri zuen adierazpena, atzo, gainontzeko eragileetako ordezkari bana ondoan zuela, Gasteizko Europa jauregian egindako agerraldian, eta nabarmendu zuen «poztasun handiko» eguna zela atzokoa: «Gaurkoa inportantea da hizkuntzaren berreskurapenaren ikuspegitik, adostasun zabal bat lortu dugulako, hezkuntzan pisu eta garrantzi handia duten eragileen arteko adostasun bat». Ikastolen Elkarteak «historikotzat» jo du.
Bilbaok jakinarazi du asteartean Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean izanen dela Kontseilua, proposamen hori bera azaltzeko, eta aitzinatu du eragile gehiagorengana ere joko dutela. Bertzelakoak ere iragarri ditu: «Aurrera begira honek olatu soziala beharko balu, antolatzeko konpromisoa dugu».
Berdintasunez, euskaraz
Adierazpenean «aitortza» egin diote «azken hamarkadotan hezkuntza sistemak egin duen ekarpenari», «milaka eta milaka herritar euskaldundu» baititu, baina ohartarazi dute oraindik «urrun» dagoela euskararen «ezagutzaren unibertsalizazioa». Eragileen hitzetan, hain zuzen, datuek erakusten dute ereduen sistemak «arrakalak» dituela: «Badakigu zein den eredurik arrakastatsuena eta zein den desegokiena, baina sistema bera berrikusi behar da». Salatu dute, izan ere, gaur-gaurkoz ikasle «askori» ez zaiela bermatzen euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko «eskubidea».
Eskubide berdintasun hori segurtatu nahiko lukete eredu bakar orokorrarekin, hain justu.Izan ere, eragileek uste dute hezkuntza «ardatza» dela «egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzaren berreskurapen prozesuan», baina ez soilik «belaunaldi berriek hizkuntza gutxituaren gaitasun egokia» lortzea bermatzen duelako: «Gizarte kohesioa eta bizikidetza bermatzeko giltzarria ere bada».
Adierazpeneko sinatzaileen ustez, gizarte bizitzan eta garapen profesionalean aurrera egiteko «oinarrizkoa» da «hizkuntza gaitasun egokia» eskuratzea, eta horretan «berdintasun printzipioari» segitu behar zaio: «Jatorriak, egoera sozioekonomikoak, egoera soziolinguistikoak edota bestelako irizpideek ezin dituzte baldintzatu ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak, ez hizkuntzaren arloan, ezta beste ezagutza arloetan ere». Horretarako bidea «gutxien duenari gehiago ematea da», eragileen ustez: «Horregatik diogu oinarrizko euskara gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena». Adierazi dute «unea» dela «aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzi» egiteko.
Bilbaok nabarmendu du eredu hori ezartzeko «inbertsioak» eta «baliabideak» beharko direla, eta zehaztu du «progresiboa» izan beharko duela ezarpenak. Baina «erabakia» hartzeari garrantzia eman dio: «Halako legeek iraupen luzea izaten dute; beraz, hasieratik kokatu behar da ardatz hori. Orain behar dugu erabakia; gero goazen denok eraikitzen».
Euskara hezkuntzan. EAEko Hezkuntza Legea
Hezkuntzako eragileek eredu bakarra nahi dute: euskarazkoa
Hezkuntza Lege berrian «ereduen sistema baztertzailea» gainditzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari. Euskara litzateke irakasteko hizkuntza. Adostasun zabala lortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu