«Hezkuntza sistema sozialista» aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek

Seinalatu dute hezkuntza sistema «enpresari handien menpe» dagoela, eta greba antolakuntzan «oztopoak» jarri dizkietela ere salatu dute

Manifestazioa Donostiako EHUko campusetik irteten, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Unibertsitateetan, ikastetxeetan eta lanbide heziketako ikastetxeetan greba eguna izan zen atzokoa. Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, manifestazioak egin zituzten Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Hala, ehunka ikasle atera ziren kalera, Enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu! goiburupean. «Guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik jarriko duen hezkuntza» aldarrikatu zuten: «Hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago da gure gizartean».

Donostian, EHUren Ignacio Maria Barriola eraikinaren pean hastekoa zen mobilizazioa, eta hamabost minutu lehenago jada jende andana bildu zen inguruan. 12:00ak pasatuta hasi zuten ikasleek manifestazioaren ibilbidea, borroka da bide bakarra eta ikasle langile, antolatu oihukatuz.

Bi pankarta zeramatzaten; Enpresarien hezkuntzaren aurrean, ikasle langileok borrokara irakur zitekeen batean, eta Hezkuntza sistema sozialista eraiki bestean. Bandera gorriak ere ageri ziren han-hemenka.

Hedabideei egindako adierazpenetan azaldu zuten hezkuntza sistema «enpresari handien menpe dagoen instituzioa» dela, eta «haiei interesatzen zaizkien funtzioak betetzeko eraginkorra izan dadin» erreformatzen dutela: «Batetik, bertatik negozioa egiten jarraitzeko, eta, bestetik, ikasleak, etorkizuneko langileak, beraientzat errentagarria den modu batean hezteko».

Gehitu zuten erreforma horien bidez «miseriazko hezkuntza baten oinarriak» finkatzen ari direla. Esaterako, adierazi zuten hezkuntza duala derrigorrezkoa izango dela, «lan indar merkea sortu» eta enpresariek «etekinak handitzeko». Salatu zuten irizpide horiek zehazten dutela ikasketa alorren eta praktiken norabidea.

Antolakundearen arabera, ikasketa zentroak «diziplinamendu zorrotzerako zentro» bihurtu nahi dituzte horretarako, eta «ikasleriaren adimen garapena albo batera» utzi. Ildo horretan, greba prestatzeko lan politikoa egiterakoan «hainbat oztopo» izan dituztela salatu zuen duela egun batzuk Ikasle Abertzaleen Donostiako taldeak; besteak beste, «ustez bermatuta dagoen greba nahiz mobilizazio eskubidearen etengabeko urraketa, eta hainbat zentrotan ikasleek jasan beharreko jazarpena».

Horrez gain, antolakundeak salatu du gaur egungo hezkuntza sistemak «baztertu» egiten dituela ikasle txiroenak, ikasketek «gastu handiak» dituztelako: «Laburbilduz, hezkuntza elitizatzen eta ikasle langileon geruza zabal bat bertatik kanporatzen ari dira, ahalegina baino dirua izanik ikasketetan aurrera egiteko baldintza».

Aldarri «partzial eta osatugabeak» errefusatu dituzte, eta hezkuntza sistema «kolokan jarri eta gainditzeko» deia egin: «Hezkuntza Sistema Sozialistaren alde kaleak hartu ditugu, eta baita ikasleok antolatzen eta indarrak batzen jarraitzeko beharra mahaigaineratzeko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.