Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu

Hezkuntza sistema propioa izateko legea egin nahi EH Bilduk

Espainiako «zentralizazio» prozesua gorabehera burujabetza aldarrikatu du Belen Arrondok

Arabako zerrendaburu Belen Arrondo —erdian—, zerrendakide batzuekin batera, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARP.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Burujabetza. Baita hezkuntza eredu propioa izateko ere. Horixe da EH Bildu koalizioaren aldarrikapen nagusietako bat. Euskal Herriarentzat «egokiena» den hezkuntza eredua erabaki eta aurrera eramateko, ezinbestekotzat du burujabe izatea. Koalizioaren hauteskunde programa argia eta zehatza da oso hezkuntzak herri gisa bete behar duen eginkizunaren inguruan: «EH Bilduk hezkuntza sistema propio eta bakarra garatuko du: euskalduna, demokratikoa, publikoa, herritarra eta parte hartzailea».

Ideia hori berretsi zuen atzo Belen Arrondo Arabako zerrendaburuak, Gasteizen. EH Bilduk hezkuntza sistema propioa garatzeko lege egitasmo, programa eta ekimen zehatzak sustatuko dituela jakinarazi zuen. Bi helbururekin egingo du hori: alde batetik, hezkuntza publikoaren bidez herritar guztien «aukera berdintasuna» bermatzeko; eta, bestetik, «kohesio soziala, trasmisio kulturala, kultur garapena eta garapen ekonomikoa» ziurtatzeko.

Gasteizko alde zaharrean dagoen eskola aitzindarian izan ziren Arabako hautagaiak atzo, hezkuntza alorrean koalizioak dituen helburuak azaltzeko asmoz. Haurrek jolas ordua zuten oraindik, eta haiek ikasgelara joan arte itxoin zuten EH Bildukoek ekitaldia egiteko. Jolastokiko algarak eta oihuak isildu zirenean hartu zuen hitza Arrondok. Aurrena, agerraldia egiteko aukeratutako tokiaren garrantzia azpimarratu zuen: «Ez da kasualitatea agerraldi hau hemen egitea erabaki izana. Ikastetxe hau aldarrikatzen dugun horren eredugarria iruditzen zaigu, eskola eragile guztien inplikazioaz kalitatezko hezkuntza, euskalduna eta integratzailea zer den erakutsi duelako».

Haatik, «zoritxarrez» eskola eredu horiek erakundeetatik ez dutela behar duten babes guztia jasotzen salatu zuen. Areago, Espainiako Gobernua bultzatzen ari den «zentralizazio eta uniformizazio prozesuarekin» eskumenak kendu nahi dituztela ere salatu zuen: «Madrilek erabaki nahi du gure seme-alabek zer, nola eta zein hizkuntzatan ikasi behar duten, baina guk horrelakorik ez dugu onartuko. Burujabetza aldarrikatzen dugu».

Hezkuntza, herri eraikuntzan

EH Bilduren hauteskunde programaren edukiei erreparatuta, hezkuntzak herri eraikuntzan duen garrantzia azpimarratu zuen Arrondok, atzoko agerraldian: «Hezkuntzarik gabe edozein herri desagertzera kondenaturik dago». Izan ere, koalizioak programan dioenez, «hezkuntza gizartearen garapenerako funtsezkoa da, eta Euskal Herriaren iraupena bermatuko du».

Hezkuntza, gainera, eskolatik harago doan prozesu gisa ulertzen du koalizioak, eta ikuspegi integral horretatik kirola eta kultura ere hezkuntzaren baitan kokatzen ditu. Hala, Euskal Herriko «kultura, identitatea eta hizkuntzaren transmisioa» bermatzeko Euskal Curriculuma osatu eta martxan jartzeko konpromisoa hartu du, hauteskunde programak zehazten duenez. Halaber, hezkuntza eta lan munduaren arteko loturak indartzeko ekimenak jarriko ditu martxan, eta Euskal Lanbide Heziketako lege egitasmoa egingo du, besteak beste.

Euskal Herriko Unibertsitate sistema propioaren aldeko urratsak ere egin nahi ditu EH Bilduk, eta, besteak beste, barruti propioa izatearen alde lan egingo du, Euskal Herriko beste lurraldeetako unibertsitateekiko akordioak bultzatuko ditu eta ikerketa eremuen definizio esparrua Euskal Herrian kokatuko du.

Hezkuntzaren finantzaketan ere aldaketak egin asmo ditu koalizioak, eta justizia sozialean oinarritutako finantzabide eredua bultzatzeko konpromisoa hartu du. Eredu horren azken helburua, EH Bilduk dioenez, hezkuntzaren doakotasuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.