Ikasleak kalera irten dira gaur hezkuntza sistema «propioa» eskatzeko, Ikamak deituta

Parisen eta Madrilen ezartzen dituzten hezkuntza irizpideetatik libre jardungo duen eredu bat eskatu dute: «Ez dira kontuan hartzen Euskal Herriaren eta euskal ikasleon beharrak».

Ikamak antolatutako manifestazioa, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikamak antolatutako manifestazioa, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2025eko martxoaren 20a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hezkuntza sistema «propioa» eskatzeko protesta jendetsuak egin dituzte gaur ikasleek, Ikamak deituta. Grebara deitua zuten gaurko, ikasgelak «hustu» dituztela esan dute, eta mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. «Hezkuntza sistema propioaren aldarria lau haizeetara zabaldu dugu! Ez gara nekatuko hau esateaz: hezkuntza bat Euskal Herrirako!». Nabarmendu dituzte sistema horrek izan behar dituen ezaugarriak ere: «hezkuntza sistema publikoa eta komunitarioa» nahi dute.

Adierazi dute Espainiako eta Frantziako erakundeen ardurapean zedarritutako hezkuntza sistemek egungo «sistema zisheteropatriarkala betikotu» besterik ez dutela egiten, eta Euskal Herriak hor ez duela tokirik: «Ez dira kontuan hartzen Euskal Herriaren eta euskal ikasleon beharrak». Erakunde horietatik aparte eraikitako sistema bat eskatu dute horregatik: «Guk argi daukagu behar dugun hezkuntza lortzeko ezinbestekoa dugula independentzia eskuratzea, hortik etorriko baita gure hezkuntza propioaren eraikuntza».

Euskal Herria «nazio zapaldua» dela gogoratu dute. «Gure herriak jasandako asimilazioaren ondorioz, erabakitzeko eskubidea ukatu zaigu, gure herriaren nortasuna, kultura, memoria eta gure hizkuntza kolokan jarri dira». Hezkuntzan horren eragina nabarmena dela oroitarazi dute, eta horregatik dela garrantzitsua ikasleak bestelako eredu baten alde borrokan aritzea.

Ideia atzerakoien goraldia

«Faxismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakadaz» propio ohartarazi nahi izan dute gaur ikasleek. «Mundu osoan gertatzen ari da, bai, eta baita Euskal Herrian ere». Dena zipriztintzen duela gogoratu dute. «Arrazakeria edozein txokotan dagoela ikusi dugu, eta gazteon artean, ikasleon artean, agerikoa da diskurtso matxistak, transfoboak eta homofoboak zabaltzen ari direla, zer esanik ez mutil gazteen artean», abisu eman dute.

Euskararen kontrako mezuei ere tentuz erreparatu behar zaiela uste dute gazteek. «Euskararen kontrako erasoak ere baditugu nonahi, eta hezkuntzan lehendik zeuden hutsuneak areagotzen ari dira». Horiei aurre egiteko bidea «borroka antifaxista» dela esan dute. «Faxismoari aurre egiteko, sistema apurtu egin behar da zirrikitu guztietatik. Horregatik, borroka antifaxistaren parte ulertu behar ditugu euskararen aldeko borroka, borroka feminista, eta, nola ez, borroka independentista. Gure nazio zapalduak bestelako mundu ikuskera bat ematen digu, eta aukera hori baliatu behar dugu Euskal Herrian».

Ikuskera hori da bide propioa egiteko tresnarik ahaltsuena, Ikamako ordezkarien ustez. «Ez dugu zapaltzen gaituzten estatuen logikan jarraitu nahi, eta behar dugun hezkuntza, hezkuntza sistema euskaldun, feminista eta antikapitalista da, ikasleon hitza entzungo duena eta erdigunean jarriko gaituena, aukera berdintasuna bermatuko duena, eta ikasle askeak heziko dituena».

Propio aipatu nahi izan dute gaur Palestina pairatzen ari den «genozidioa» ere. Asteartean, Israelek Gazarako su etena hautsi zuen, eta gutxienez laurehun palestinar hil. Erasoaldiek ez dute etenik ordutik, eta horren harira ahotsa ozendu nahi izan dute gazteek. «Euskal Herritik elkartasuna adierazi nahi diegu Palestinako herritarrei eta, bereziki, Palestinako ikasleei. Zuekin gaude!».

Abendutik hona

Ikamak gogora ekarri du aldaketa sakona egin zutela 2024 bukaeran. Hainbat hilabetetako gogoeta prozesua itxi zuten abenduan, eta txosten batean jaso zuten hemendik aurrera zerk eta nola zedarrituko duen bere jarduna; Durangon (Bizkaia) egin zuten ekitaldi batean aurkeztu zuten. Besteak beste, orduan jakinarazi zuten unibertsitateetara eta lanbide heziketara ere zabalduko zutela jarduna.

Ordutik egindako bidea nabarmendu dute gaur: «Hiru hilabete besterik ez daramagu Ikamaren saltoa plazaratzen, hilabete luzeetako lana aurkezten, hitzaldiak antolatzen eta ikasleok ikasleontzat espazioak sortzen», azaldu dute. Eta indartsu daudela esan dute: «Argi eta garbi diogu: hemen geratzeko etorri gara». Deia ere egin dute, ikasle gehiago erakartzeko: «Ikama zabala eta askotarikoa nahi dugu, ahalik eta ikasle gehienen beharrak aseko dituena. Beraz, batu; batu ikasle borrokara, batu olatu independentistara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.