Hezkuntzako sindikatuek greba eginen dute otsailaren 1ean Ipar Euskal Herrian

Ikastetxe publikoetan dagoen baliabide eskasia salatu dute.

FSU-SNUIPP sindikatuaren mobilizazioa, artxiboko argazki batean. BERRIA
FSU-SNUIPP sindikatuaren mobilizazio bat, iaz. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko urtarrilaren 24a
12:19
Entzun

Hezkuntza arloko FSU, UNSA eta FO sindikatuek greba eta mobilizazio eguna antolatu dute heldu den otsailaren 1erako Ipar Euskal Herrian, eskola publikoarentzat «baliabideak eta errespetua» eskatzeko. Frantziako Hezkuntza Ministerioak haien aldarrikapenei entzungor egiten dietela salatu dute hiru sindikatuek, eta, horregatik, jakinarazi dute uko egin ziotela atzo iragatekoa zen CSA administrazioko batzorde sozialean parte hartzeari. Irakasleen eta irakaskuntzako langileen «ezinegona» azpimarratu dute, eta iragarri dute mobilizazio jendetsua izanen dela, dituzten oihartzunen arabera. Baionan, 10:30ean eginen dute manifestazioa, Jacques Portes plazatik abiatuta. LABek ere parte hartuko du mobilizazioan.

Baliabide eskasia salatu dute hiru sindikatuek: batetik, irakasle lanpostuen apaltzea, eta, bestetik, lansari igoera txikiegiak. «Inflazioa %5ekoa izan da, eta gure lansariak %1 igo dituzte. Urtez urte dirua galtzen ari gara», salatu du FO sindikatuko Olivia Quesselierek. Lansariak inflazioaren arabera egokitzeko eskatu du. Horrez gain, eskoletan gero eta bortizkeria gehiago dagoela deitoratu dute hezkuntzako sindikatuek, irakasleen zaurgarritasuna nabarmenduz. Prebentzio gehiago eta zailtasunetan diren ikasleak laguntzeko baliabideak eskatu dituzte. 

Amelie Oudea-Castera Frantziako Hezkuntza Ministroak berriki egin dituen adierazpenak gaitzetsi eta eskola publikoaren defentsa egin dute hiru sindikatuek. Haien iritziz, diru publikoak eskola publikoa laguntzeko izan behar du. Hala, Debre legea indargabetzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.